Malen Amenabar: "Kulturgileon artean sinergiak sortu eta bide interesgarri bat dugu egiteko"

Uztarria.eus | Kultura
2020ko api. 19a, 16:56

Txakur Gorria sormen taldeko kidea da Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1994) Azpeitiko bizilaguna. Datorren apirilaren 21ean eta 22an Greba Digitalak deitutako grebarekin bat egin du sormen taldeak, eta egun horietan ez dute kultur edukirik elkarbanatuko sareetan. Isiltzea "ahalduntze ariketa bat" izan daitekeela dio Amenabarrek.

Malen Amenabar. (Utzitakoa)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Koronabirusak alor asko hankaz gora jarri ditu, eta horietako bat da, dudarik gabe, kulturgintza. Nola ikusten duzu egoera?

Ez da egoera erraza. Martxoan kultur ekimenak erortzen hasi ziren eta ordutik ziurgabetasun konstante batean bizi gara. Nire lan pertsonalean, adibidez, data hauetan egiteko nituen lan batzuk bertan behera geratu dira: kontzertuen eta jaialdien kartelak, bertso saioak eta abar. Aurrerago egingo omen dira, baina noiz? Kultur ekimenak izango dira berreskuratzen azkenak. Eta zalantza egoera honi galera ekonomikoa gehitu behar zaio, noski. 

Apirilaren 21ean eta 22an kultur edukirik ez elkarbanatzeko Greba Digitalaren deiarekin bat egin du Txakur Gorriak. Zergatik?

Iruditzen zaigulako berez prekarioa den gure alorra egoera honek are gehiago kaltetuko duela. Konfinamendua hasi zenean iniziatiba ezberdinak sortzen hasi ziren sare sozialetan: kontzertuak etxeetan, bertso saio digitalak, eskulan tailerrak, ipuin kontakizunak… Beti aipatu izan dugu herrigintzatik oso gertu dagoela gure lana, eta ederra izan da jendearen erantzuna eta babesa, baina kontuan hartzekoa da sektore kaltetua garela. Horregatik, gure lanak duen balioa eta garrantzia aldarrikatu nahi dugu.

"Ikusi gaitzazuen desagertuko gara. Entzun gaitzazuen isilduko gara" dio grebaren leloak.

Esaten da momentu batez galtzen duzun hori gehiago baloratzen dela, ezta? 600 lagunek baino gehiagok sinatu dugu deialdia. Komunitate handi bat da kultur mugimenduarena. Ixiltzea ere ahalduntze ariketa bat izan daiteke. 

Txakur Gorria sormen taldeari nola eragin dio COVID-19ak?

Lau urte bete berri ditu Txakur Gorria sormen kolektiboak, eta pixkanaka aurrera doan proiektua da. Azoka baterako eskuz jositako liburuxka batetik hasi eta taldeari kooperatiba izaera ematera heldu ginen 2018 bukaeran. Prozesu interesgarri bezain gorabeheratsua da gurea. Lau lagunek osatzen dugu Txakur Gorria, eta norbait erortzear denean, besteek eusten diote. COVID-19ak laurok mugitu gaitu, beraz, laurok eutsi beharko diogu elkarri. Horretarako erabaki ezberdinak hartu behar izan ditugu: erori diren ekimenei erantzuteko alternatibak pentsatu, urte bukaerarako aurreikusita genituen autoedizio lanak aurreratu, soldatak eta lan jardunak birpentsatu… Ikasketa prozesu bat izaten ari da azken lau urteetakoa. Honetatik ere asko ikasiko dugu. 

Kulturgintza prekarietatearekin lotu ohi da sarri. 

Herrigintzari oso lotuta ikusten dut kulturgintza, eta askotan zaila egiten zaigu militantzia eta lana bereiztea. Baina bide hau hautatu eta apustua egin dugunok gure lanaren balioa jarri behar izaten dugu mahai gainean, eta sarri ez da erraza izaten.

Hain zuzen ere, greba deialdiaren testuan aipatzen da konfinamenduko egunotan kultur ekimenak doan ari direla eskaintzen hainbat artista. Trukean, kulturaren "balio sozialaz" hausnartzeko eskatzen da.

Sortzaileak musutruk lan egitera ohituta gaude. Ederra da sortzen dugun hori babesten duen jendea. Horiek gabe gure lanak zentzua galduko luke, baina diruak lagundu ere egiten du, eta aipatzekoa da balio hori ere.

Euskal kulturgintzaren mahaia osatzea ere aipatzen da testuan. Zer nolako garrantzia du halako zerbait sortzeak?

Egoera zail honek erakutsi digu zein garrantzitsua den talde lana eta norberaren konpromisoa. Saretzeak indartu egiten duela esango nuke. Oso beharrezko ikusten dudan pauso bat da. Nire esperientzia labur eta xumetik esango nuke, kolektiboak asko indartzen duela norbanakoa. Azpeitia izan daiteke adibide on bat. Ea Euskal Herrian antzeko zerbait sortzeko gaitasuna dugun.

Egoera honek luze joko duela dirudi. Zer gertatuko da kulturarekin itxialdia amaitzerakoan?

Lan asko egin beharko dugula iruditzen zait. Erakundeengan ez dut fede handiegirik, egia esan. Birusa heldu aurretik ere nahikoa hankamotz ikusten nuen euren jarrera euskaraz egiten diren kultur ekimenekiko, orain dena baita basque. Egiten ari garen saretze ariketan jarriko nuke indarra. Kulturgileon artean sinergiak sortu eta bide interesgarri bat dugu egiteko. Horretarako beharrezkoa da herritarren babesa. Eta herriarengan bai, badaukat fedea.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Werner Heisenberg | 2020-04-19 : 20:16

Aupa,

Emateunez Kultur arluen kokatzeien sortzaile zein kontsumitzailiek badebe zer esana garaiontan, eta ezta kasualidadie… Bizi deun egoera hontan, testuinguru berezi honetan, kulturan jardutean jende desberdine egoera kaotiko batekin topau baita, segurunez bere biziye hankaz gora jarri duna. Horreatik, nere animo danak egoera eskas eta latz hoietan aurkitze zeaten danai. Hori bai, bereziki azpimarrau nahiko nituzke eszenatoki kanpuen aurkitzeien langile guzti hoiek, sorkuntza eta artistatik urrun bezain gertu aurkitzeien hoiek, baño une oro, bai 50.000 laguneko kontzertu baten zein areto txiki baten, hauek lan baldintza miserabletan eta prekarietate totalien izangoie lanien. Hoieke hor daude, ez gaitezen ahaztu.

Egiye esan, asko kostatze zait egoera honen aurrien argitasun osoz idaztie eta pentsatzie, baño ustet kultur arluen eta bereziki “kulturgile” edo “sortzailien” ahotan izan dien hainbat afirmaziyo nahiko egozentrikuek izan diela. Esan deten bezela, egoera hontako oreka faltak askotan pentsaera irrazional batzuk bultzatzeitu eta normala da, baño iritzi publikuek pixu bat du eta horrekin konsekuentiek dien jokabidiek beher diteu, eta are gehio bizi deun egoera hontan.

Nik kezka asko ditut greba planteamenduekin, praktikotik harago, garbi dao greba sinboliko bat dala eta beraz, greban erdigunien eskakizunek kokatzeiela. Greba honen planteamenduekin, eta horrekin greba batek izan beharko luken izaeraz eztabaidatzie izatie eukiko genun baño ezta momentue. Ustet greban auziyen aldaketa baten berra plantetazeala, eta hori dao auzitan, krisi honek kultur mundue kolokan jarri du eta beraz gure debilidade hoien jakitun, batu gaitezen GU (Kulturgileok) ahalduntzeko. Nere sentsaziyue da ordie ahalduntze horren baitan kokatzeien irtenbide (eskemak) kultura beaure saltzebela erabat. Auziye orokortzean arren, gure lana balorien jarriber da esanez, hori baloratzeko irtenbidiek oso konktretuek die. Kontsumue.

Nik ulertzetenaatik, Malenek komentatze zun herriyen beher hori edo xinixte hori, herri horrek lan hori balorau osteko herritarren kontsumuen kokatzea, edo hori intuitzea, herritarrengan xinixte deu beaiek salbako gaituztelako. Alegiye, kontzientziazyo horren bidez, gure lana baloraukoa eta beraz gure biziye posibilitatzeun merkatue emangoa. Ustet kontrako bidetik, eta ez kontrayue, krisi honek garbi laga dula kulturatzat jo dan hori ze dependiente dan kontsumuetaz, industriataz, eta are gehio Euskal herri txiki hontan. Bestaldetik ordie, sorkuntza prozesuen dependetzi ekonomiko hau pixket liberatzie ahalkoun neurri eraginkorrena moduen ikustea Estatuek “sortzailie-kulturgiliei” laguntza desberdiñek ematie, beaien lanak baloraiez eta ordun parue etabar kobrau ahal izatie. Frantziako estatuen existitzean moduen “mas o menos”. Honen esperuen aurkitzie erabat kontraesankorra da, estatue dalako une oro baliabide kulturalak murriztu zein kontsumo eredu dekadentiek bultzatzeituna, eta horrek eztu esan nahi baliabide hauek izatie beste sorkuntza mota bat bultzauko eztunik….

Hortik haratago beitu beher deu eta bizi deun egoera hontan, kulturie zentzu zabalo baten ulertzeko gaitasune izan, nahiz eta estatuek kulturgiliek bigarrengo lerruen utzi, aspaldiko aldaketa kultural sakonenan aurrien gaude, beraz kultura inoiz baño biziyo dao. Aurrekuen Ignazio Arakistainek konfinamenduen bukaera paregabe bat aurre ikuste zun, nun kulturiek berriz bere bidie hartuko zun, indar gehiokin posible bazan. Ustet ordie, alde batetik oasi kontsumista horren kapazitatiek amaitu ingoiela, baño horrek eztula esan nahi kulturie amaitukoanik. Kulturiek oindik eta indar gehio izangou, ordena berrezartzetik haratago egun hauetako ordenakin amaitzeko palankie izangoalako eta izanberdulako. Beraz, ibili dezagun kultura inposatzen ai zaixkigun limite guzti hoiek gainditzeko.

Jakes Bideluze | 2020-04-20 : 01:03

Niri antipatia sakon bat eta beldurra ere eragiten dit "kultura" eta "sortzaile" adieren erabilera famatuak. Batetik, normalean, plural faltso bateko lehen pertsonan esaten duelako batek "gu, kulturgileok", "gu, sortzaileok" auto-konplazentea; norberarentzat epiteto loratu baten aurkikuntzaren egitatea besterik ez duelako adierazten izendapen esajeratu horrek.

Bestetik, hein heinean, adiera antropologiko bat delako "kultura" (edo sorkuntza, bere epigonotxoa). Produkzioa du oinarri eta sabai kulturak. Hatz marka da kultura harean. Gizakiaren autoafirmazioa. Kontua, ordea, zera da: hatz marka egiteko hondarretan ibiltzearekin nahiko duela, hondarrean dabilenak. Hau da: kulturak ez duela balio etiko zein estetikoren exigentziarik. Kultura ezinbestekoa den kontu bat dela; ezin dena inolaz ere eliminatu; eta zentzu horretan okina kulturgilea baino sortzaile handiago dela, askoz handiago eta hobeago, ogia eliminatu baitaiteke; eta halaxe bestelako gremio eta jakintza guziekin.

Kulturaren goratzeak egiteko instrumental bat du: kulturgilea justifikatu. Eta hori oso ondo dago, ingenieroen herri hontan. Baina ez nahastu kontuak, gauza bat kulturgilea izango da, eta bestea ARTISTA. Artistak onbidea seinalatzen du, animoa lasaitu eta grina piztu. Exijentzia etiko-estetikoak ditu ARTISTAK.

Ignazio Arakistainek aurrekoan "Etxetik-mundura" delakoan Ravel eta Concerto pour txistu eta delakoak jo zituenean,bere lagunekin, estetika jorratzen ari zen. Handia egin zuen Ignaziok.

Hobe zenuke, Ignazio, inguruotako musikagile, ta halatan artista, bakarrenen zaren horrek, erreferente politiko-sozialez aldatu. Sexta noche, twinter eta telebonboak ikusteari utzi, politikeo errezari, alegia, eta gauzen konplexutasun estetikoez-etikoez jabetzen hastea. Ekinbide politikoa halaxe joango da argitzen.

Schopenhauer irakurtzetik esklabetan bizitzen hastera. Asko dira artista batek azpeitian XXI.mendean egin ditzakeenak.

Besarkada beraz, artistei. Eta animoak, kulturgileei, langile guztiei, alegia.

Marta79 | 2020-04-20 : 01:29

Pixka bat gaitik ertetzera noa.

Sekulakoa erori zaigu Covid-19 delako honekin eta orain dena larrialdiak dira, eta asko ekonomikoak, hau da diru faltarekin erlazionatzen dira. Arlo guztietarako dirua eskatzen ari gara gobernuari: hospital gehiago, autonomoei laguntzak, biziak arriskuan ez jartzeko iñor ez dadila joan lanera baina hoien soldatak ordain ditzala gobernuak, kulturgileak, eta zoritxarrez etabar luze bat.
Egoera guztiak ulertzen eta apoyatzen ditugu (batez ere laguna edo gertukoa denean sufritzen ari den hori), baina nik oso beltza ikusten dut geroa, ze Españian ez dago dirurik eta ondorioz nola ordaindu goian eskatzen direnak eta hezkuntza hobe bat, pentsio duinak, laguntzak sozialak, etab. Benetan oso pesimista naiz datorrenarekiko.

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2020-04-20 : 09:17

Eskari eskaintza da merkakultur dantza

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu