Koronabirusa Azpeitian

Azpeitia Cup, bertan behera

Uztarria.eus 2020ko api. 16a, 12:05

Ekainean ziren jokatzekoak kimu mutilen eta infantil nesken Azpeitia Cup futbol txapelketak. Koronabirusaren pandemiak eragin ditzakeen arriskuak saihesteko, lehia bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.

Azpeitia Cup futbol txapelketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, COVID-19 gaitzak mundu osoan eragin duen krisia tarteko eta osasun erakundeek emandako gomendioak jarraituz, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute. Kimu mutilak ekainaren 12an, 13an eta 14an ziren lehiatzekoak, eta infantil neskak, berriz, ekainaren 19an, 20an eta 21ean. "Guretzat lehentasuna da parte hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzea, baita ikusleena eta laguntzera etorriko liratekeen pertsonena ere". Txapelketaren bueltan jende ugari elkartzen dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta beraz, partidak normaltasunez jokatuz gero, kutsatzeko arriskua sor zitekeela. Horren aurrean, neurriak hartu behar izan dituzte.

Ohi bezala, txapelketan "ilusio handia" jarria zutela azaldu dute antolatzaileek, are gehiago, aurtengoa lehiaren hamargarren edizioa izango zelako. Antolatzaileak "kontziente" dira lehia bertan behera uzteak "eragozpen pertsonalak, sozialak, ekonomikoak eta emozionalak" eragingo dituela. "Guretzako kolpe gogorra da hilabeteetako lanaren ostean eta dena prest genuenean horrelako erabaki bat hartzea".

Azpeitia Cupen antolatzaileek eskerrak eman dizkiete txapelketan parte hartzekoak ziren klub guztiei "azaldu duten konfiantzagatik eta erabakia ulertzeagatik", eta barkamena eskatu dute lehia bertan behera uzteak eragingo dituen kalteengatik. Hurrengo edizioa prestatzeko lanean jarraituko dutela azaldu dute antolatzaileek.