Koronabirusa Azpeitian

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusia ez da mailaz jaitsiko

Uztarria.eus 2020ko api. 16a, 10:50

Espainiako Futbol Federazioak bertan behera utzi du Espainiako Hirugarren Mailako liga, eta jaitsiera postuetan ziren taldeak ez jaistea erabaki du. Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusia, beraz, ez da mailaz jaitsiko.

Espainiako Futbol Federazioak Iberdrola Liga, Espainiako Bigarren B Mailako liga eta Espainiako Hirugarren Mailako liga bertan behera uztea erabaki du. Horrekin batera, jaitsiera postuetan diren taldeak ez jaistea eta igoera postuetan direnak igotzea ere erabaki du federazioak. Hori jakitean, lasaitu ederra hartu du Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak; izan ere, gizonezkoen talde nagusia jaitsiera postuetan zen koronabirusa dela-eta partidak jokatzeari utzi ziotenean. Liga amaitzeko hamar partidaren faltan, hemeretzigarren postuan zen Lagun Onak, 26 punturekin.

Beraz, gizonen talde nagusia ez da mailaz jaitsiko, eta Espainiako Hirugarren Mailan lehiatuko da datorren sasoian ere. Hori bai, igoerak bai eta jaitsierak ez gautzatzeak datorren denboraldian ezohiko egoerak eragin ditzake: baliteke, kategoriaren batean ohi baino talde gehiago lehiatzea. Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara igoerak nola izango diren ez dute jakinarazi oraindik, baina posible da datorren denboraldian talde gehiago izatea Espainiako Hirugarren Mailan. Gaur dira biltzekoak Euskadiko Futbol Federakundea eta Gipuzkoako Futbol Federazioa.

Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidenteak azaldu duenez, oraindik ez diote klubari "ofizialki" jakinarazi berria, baina hainbat hedabidek eman dute dagoeneko liga bertan behera gelditu denaren berri. Arregiri erabakirik onena hartu dutela iruditzen zaio. "Hamar partida falta zaizkigu jokatzeko, eta ezinezkoa litzateke Lagun Onak bezalako talde batentzat astean zehar partida horiek jokatzea. Ez luke inolako zentzurik izango ligarekin jarraitzeak", azaldu du. Hala ere, arantza bat gelditu zaio: "Egokiagoa litzateke maila hori futbol zelaian erakusteko aukera izan bagenu, baina egoera honetan, ezinezkoa izan da".