Azpeitiko zortzikoa Dembowskiren arabera (1840)

Ander Leon 2020ko api. 16a, 10:05

Ander Leon irakasle eta historialariak honako artikulu hau idatzi du. Carlo Dembowski italiarrak Azpeitian egindako geldialdi bat izan du hizpide, irakurritako liburu batean aurkitutako aipu batetik abiatuta.

Carlo Dembowskik, 1808an Milanen jaiotako baroiak, arazoren bat edo beste izan zuen bere jaioterrian ezpataz erabakitako duelu bat zela medio. Suitzan gorde zen hasieran, baina idazle ta bidaiari amorratua izanik, Iberiar penintsulan zehar txangoa egitea erabaki zuen, noiz eta Lehen Gerra Karlista bukatzear zela. Herriz herri zebilenean, hainbat gutun idatzi zien Frantziako lagunei, eta ibilbidea bukatuta, Deux ans en Espagne et en Portugal, pendant la guerre civile 1838-1840 liburuan, korrespondentzia bildu eta argitaratu egin zuen. Testuak zinez interesgarriak dira, eta ez bakarrik literaturaren aldetik; izan ere, eskutitz horien bidez garaiko giroa, pentsamendua eta ohiturak ezagutzeko dokumentazio bide paregabea aurkitzen da, are gehiago eta baliotsuago suertatzen zaigu bidaiari neutral baten ikuspuntutik begiratuta dagoela kontuan hartzen badugu. Euskal Herriari eskainitako tartea zabala da, penintsulara sartu-irteera hemendik egin baitzuen. Foruak, euskara, nortasuna, erlijioa edota paisaia dira jorratutako euskal gai batzuk, baina gaurko geldialdia folklorean egingo dugu.

Frantziarako bueltako bidean zela, 1840ko irailean, Azpeitian ostatu hartu zuen Dembowskik. Loiolara joan zen aurrena, gerraren emaitzaz kezkatutako bertako fraideen tristura ikusi, eta, alaitasunaren bila, herriko plazan bertako gazteek zortzikoa dantzatuko zutela jakin bezain pronto, kalera hurbildu zen. Bertan jazotakoa xehetasun handiz deskribatu zuenez, hemen idatzitakoa laburpen xumea baino ez dela kontuan hartu behar du irakurleak.

Musikariekin hasi zuen errepasoa eta lehen harridura, lau instrumentu baziren ere, bina instrumentuko bi musikari baino ez zirela konturatzean etorri zen, hau da, bakoitzak txistua eta danborra batera jotzen zituela ikustearekin. Jaiegun handietan beste bi biltzen omen ziren, txistu baxua (silbote) eta atabala. Musikarien soldata udalak ordaindu ohi zuen, eta horien betebeharren artean, igandero zinegotziak eta alkatea etxeetan jasotzea eta elizara laguntzea zegoen. Meza bukatuta, herriko plazan biltzen ziren zaletuak dantzari ekiteko.

Espektakuluari hasiera emateko zortzi mutil azaldu ziren, panazko praka, gerriko gorri zabala, alpargatak eta txapela (zuria, gorria edo urdina) jantzita. Eskutik helduta, plazari sei buelta eman zizkioten, beti ere, musikarien atzetik. Dantzari onenak lehena eta azkena omen ziren. Hortik aurrera, dantzaldia hobeto azaltzeko puntu eta zenbaki sistema erabiltzen du gure bidaiari idazleak, eta puntu bakoitzak dantzari baten kokapena irudikatzen du.

Aurkezpeneko bueltak eta gero, 2 eta 7 dantzariak 1 dantzariarengana hurbildu ziren, eta hari galdetu zioten ea publikoko zer neska aukeratuko zuen bikote bezala. 2. dantzariak eta 7.ak seinalatutako neska hartu eta 1 dantzariaren aurrean jarri zuten. 1 dantzariak, neskaren aurrean, boat minutuko dantzaldia egin zuen, berak bakarrik. Bukatuta, neskak zapiaren punta eskaini zion dantzariari, eta era berean, 1 zenbakidun dantzariak eskaini ziona hartu eta gero, formazioan zegokion tokian jarri zen bikotea. Saioak aurrera egin zuen, eta operazioa errepikatu egin zen 8, 3, 6, 4 eta 5 zenbakiekin, orden horretan. Hori bukatuta, 1 zenbakiak eta 8ak dantza egin zuten bikotekidearen zapia askatu gabe, neskak geldi-geldi zeuden bitartean.

Hurrengo fasea kontrapasa izan zen, gure ikusle atzerritarraren arabera, bikoteka dantzatutako mazurca antzeko pieza. Geroxeagoko fandangoan, zapiak desagertu ziren, eta besoak gora, eskuak beti buruaren gainetik, dantza egiteari ekin zioten denek. Bukaera arin-arinek eman zuen, Napolesko tarantelarekiko antzekotasuna omen zuena. Bertan mutilen eskuak goian zeuden bitartean, neskek gerrian mantentzen zituzten beraienak. Momentu horretatik aurrera, nahi zuena sar zitekeen dantza egitera, eta plaza beteta egon zen gaueko 10ak arte.

Deskribapena bukatzeko hainbat berezitasun aipatu zuen egileak. Lehena, euskal dantzak beti kanpoan, espazio irekietan, egiten zirela; salbuespen batekin, euria eginez gero, elizako edo udaletxeko arkupeetan ospatzen zen saioa. Bigarrena, euskal dantzarako musikak inoiz ez zuela hitzik, hau da, abestu eta dantzatu batera ezin zela egin; edo bat edo bestea, biak nahastuta, ez. Bukatzeko, bere bidaian ikusitako beste folkloreekin alderatuta, hemengoan gitarraren eta kaskainetaren erabilera faltan sumatu zituen.

Lezoko Gurutze Santurako bidea hartu zuen Dembowskik hurrengo egunean. Abiatu baino lehen, euskarari eta hizkuntzaren jatorriari buruzko aipamenak idatzi zituen, eta gipuzkoarron berezko noblezia azaltzen saiatu zen, baina hori beste batean kontatuko dugu...