Koronabirusa Azpeitian

Kulturgintzako langileei laguntzera 2,5 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2020ko api. 15a, 17:00

Koronabirusagatik lanik gabe gelditu diren langileek oinarrizko soldata izatea bermatuko du erakunde publikoak, eta horretarako, aurreko urteetako errenta aitorpenekin egingo du kalkulua. Gehienez, 1.200 eurokoa izango da errenta.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu koronabirusaren ondorioz diru sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileei oinarrizko soldata bermatzera. Soldata jarraitu bat jasotzen ez duten eta egoera "estuan" diren "langile profesionalei" zuzendutako laguntza izango da, Bingen Zupiria Kultura Sailburuak adierazi duenez, ez "sektore oso bati" zuzendutakoa.

Datorren astetik aurrera izango da eskaerak egiteko aukera, eta laguntzak iraupen zehatza izango du: martxoaren 14tik krisia amaitu bitarte. Gehienez, 1.200 eurokoa izango da oinarrizko errenta, eta aurreko urteetako errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko dute zenbatekoa.

Enplegu Sailak esan duenez, diru poltsa hori Ogasun Sailarekin adostutakoa da, eta Eusko Jaurlaritzak onartutako gainerako laguntza lerroen "osagarri" izan nahi du. Kultur formakuntzarako diru poltsa erabiliko dute errentak bermatzeko.

Hain justu, gaur eguerdian bi eguneko greba digitalera deitu dute kulturgintzako 300dik gora eragilek. Itxialdiaren eraginez, kulturaren sektoreak bizi duen egoera salatzeko deitu dute grebara apirilaren 21ean eta 22an, baita euskal herritarrak gogoetara bultzatzeko ere. Paradigma aldatzea ere nahi dute kulturgileek.