Koronabirusa Azpeitian

Etxebizitzaren apirileko eta maiatzeko alokairu eta mailegu gastuak ordaintzeko dirulaguntza lerroa zabaldu du udalak

Uztarria.eus 2020ko api. 14a, 16:24

Kontratupean edo autonomo gisa lanean aritzen diren eta koronabirusa tarteko siru sarreretan aldaketak jasan dituzten beharginek egin ahal izango dituzte eskaerak ekainaren 15era bitartean. Udalak 80.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara. Etxebizitzen alokairurako ohiko dirulagutza eskaerak ere egin daitezke dagoeneko.

COVID-19 gaitzaren ondorioz, diru sarrerak murriztu zaizkien herritarrei etxebizitzaren alokairua nahiz mailegua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza lerro bat zabaldu du udalak. Hain zuzen ere, 80.000 euro bideratu ditu erakundeak, eta kontratupean edo autonomo gisa lanean aritzen diren eta zenbait irizpide betetzen dituzten beharginek eskatu ahal izango dute apirileko eta maiatzeko alokairu edo mailegu gastuak ordaintzeko laguntza. Honako hauek dira laguntzak jasotzeko baldintzak:

  • Apirilean eta maiatzean familiako diru sarrerak murriztu izana. Hori bermatzeko, langabezian gelditu  edo lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatu izana egiaztatu beharko dute kontratupeko beharginek. Autonomoek, berriz, diru sarreretan edo salmentetan %40 edo gehiagoko beherakada jasan dutela egiaztatu beharko dute.
  • Odaindu beharreko alokairua edo mailegua diru sarreren baturaren %30 baino gehiago izatea.
  • Hilabete bakoitzeko diru sarrera gordinek ezingo dute izan 1.500 euro baino gehiagokoak dirulaguntza eskatzen duen pertsona bakarra den kasuan, eta 2.500 euro baino gehiagokoak pertsona bat baino gehiago bizi diren familia unitateetan. Gehiengo kopuru horiek kontuan izanda, diru sarreren arabera ebatziko da alokairu edo maileguaren zer batez besteko lagunduko den, beti ere, gehienezko laguntza kopurua 250 euro izanda.

Eskabideak aurkezteko epea zabaldu dute dagoeneko: ekainaren 15a arte egin ahal izango dira. Eskaerak eta dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu beharko dira. Horretarako, Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoa baliatu beharko dute herritarrek, izapideen gunean sartuta eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea beteta.

Dirulaguntza lerro zehatz hori sortzeko, ohiko alokairurako dirulaguntzak hartu ditu oinarri udalak. Erakundeak azaldu duenez, alokairurako dirulaguntzetarako 180.000 euro aurreikusi zituen, baina bitan banatu dute zenbatekoa: 100.000 euro ohiko laguntzetara bideratuko dute, eta 80.000 euro koronabirusak eragindako egoera arintzera. "egokitzapenak egin dira koronabirusak sortutako egoerara moldatzeko eta herritarren errealitatera hurbiltzeko", azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Haren arabera, osasun krisia ekonomia krisi eta krisi sozial ere bihurtu da, eta hainbat familiaren egoera ekonomikoa kaltetua izan da. "Pobrezia egoeran egon gabe ere, egoera ekonomiko zailean gelditu diren herritarrak babestea da helbuura. Hainbat familiaren ekonomia egoera aldatu egin da egun batetik bestera, eta askok zailtasunak dituzte eguneroko gastuei aurre egiteko". Horregatik, alkateak nabarmendu du udal baliabide guztiak ezohiko egoera honi erantzuteko bideratzen ari direla.

Ohiko dirulaguntza

Bestalde, etxebizitzen alokairurako ohiko dirulaguntzak ere eska daitezke dagoeneko. 35 urtetik beherako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, banandutakoek, alargun gelditutakoek edota urritasunen bat dutenek izango dute horiek jasotzeko aukera. Alokairuaren errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan beharko du, eta eskatzailearen diru sarreren araberako batez bestekoa lagunduko da diruz. Aurreko deialdietan bezala, Alde Zaharrean etxebizitza alokairuan hartzen dutenek 50 euroko gehigarria izango dute. Deialdiaren oinarriak eta informazio xeheagoa, Azpeitiko Udalaren webgunean dago eskuragarri.