Deñe Garcia-Bravo, Gaztea Maketa Lehiaketaren hogei finalisten artean

Uztarria.eus 2020ko api. 14a, 14:42
Deñe Garcia-Bravo.

Bihar hasiko da lehiaketaren bozketa fasea eta entzuleek apirilaren 29a arte izango dute gustukoen duten finalistaren aldeko botoa emateko aukera. Boto gehien lortzen dituen taldeak finalean hartuko du parte, epaimahaiak erabakitako beste hiru talderekin batera.

Deñe Garcia-Bravo Urrestillako bakarlaria da 29. Gaztea Maketa Lehiaketaren hogei finalistetako bat. Edizio honetan 64 izan dira beren maketak lehiaketara aurkeztu dituzten bakarlariak eta taldeak. Horietatik hogei aukeratu ditu Gaztea irratiak antolatutako lehiaketaren epaimahaiak, eta horien artean dago Deñe Garcia-Bravo.

Bihar, apirilak 15, irekiko dute bozketa fasea. Bertan, epaimahaiak hautatutako hogei musika proposamenen artean gustukoena dutenaren aldeko botoa emateko aukera izango dute entzuleek, lehiaketaren webgunean. Apirilaren 29a arte zabalik izango da botoak emateko aukera eta egun horretan jakinaraziko dute, Gazteako Dida saioan, boto gehien jaso duen bakarlariaren edo taldearen izena. Hain zuzen ere, maketa bozkatuena izango da lehiaketaren finalera sailkatuko den lauetako bat; beste hirurak epaimahaiak aukeratuko ditu. Urtero legez, Bilboko Kafe Antzokian egingo den finalean zuzenean joko dute lau finalistek, eta egun horretan erabakiko du epamaihaiak 29. Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea nor den. Final horrek, ordea, ez du datarik momentuz. Izan ere, hasieran apirilaren 3an egitekoa zen finala, eta bozketa fasea harekin batera, atzeratu egin zituzten bere garaian, koronabirusaren larrialdi egoeraren eraginez.

Hauek dira aurtengo Gaztea Maketare Lehiaketaren hogei finalistak. Bakoitzaren profilaren barruan dago botoa emateko aukera; hemen, Deñe Garcia-Bravoren alde botoa eman nahi dutenentzako lotura.