Koronabirusa Azpeitian

Irailera atzeratu dute 3x3 Futbol Festa

Uztarria.eus 2020ko api. 13a, 14:33

Azpeitia Cup-ek antolatuta, ekainaren 26tik 28ra ziren egitekoak aurten 3x3 Futbol Festa. Egoera orduan nola egongo den "inork ziurtatu ezin" dienez antolatzaileek egitasmoaren data atzeratzea erabaki dute. Izena emateko azken eguna uztailaren 1era luzatu dute. 

Azpeitia Cup-ek antolatutako 3x3 Futbol Festa irailera atzeratu dute. Ekainaren 26tik 28ra bitartean ziren egitekoa aurtengo futbol festa, baina antolatzaileek atzeratzea erabaki dute, egun horietan egoera zein izango den "inork ziurtatu ezin" duelako.  Antolatzaileek jakinarazi dute irailaren 4tik 6ra bitartean jokatuko dituztela futbol partidak Azkoitiko plazan. Era berean, azaldu dute "jakitun" direla egutegi aldaketak sor ditzakeen "arazoak" zein diren, baina "lehentasuna haurren osasuna eta segurtasuna" direla.

Izena emateko epea, luzatuta

Maiatzaren 15ean amaitzen zen futbol festan izena emateko epea, baina egoera berriak eraginda, uztailaren 1era arte luzatu dute izen-ematea. Futbol Festan parte hartu nahi dutenek Azpeitia Cup txapelketaren webgunean, edota Azkoitiko Plaza Berri Sport eta Ñam-ñam dendetan eta Azpeitiko Ufito dendan egongo diren izen-emate orriak beteta eman dezakete izena, hamabi euro ordainduta.