Koronabirusa Azpeitian

Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta azokak baimenduko ditu

Berria 2020ko api. 11a, 15:25

Ohiko azoka neurri bereziekin egiten ari dira Ondarroan, Oñatin eta Zarautzen. Bergaran, Azpeitian eta Ordizian ere modu horretan egiten jarraitzea erabaki dute udalek, eta azoken eskumena eurena dela argudiatu dute.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuak gaur eguerdian jakinarazi duenez, Jaurlaritzak atzera egingo du eta azokak baimenduko ditu. Koronabirusari buruzko eguneroko agerraldian egin du iragarpena. Aste honetan erabaki zuen azokak debekatzea, koronabirusa hedatzea oztopatzeko, baina neurri horrek kontrako erreakzio ugari jaso ditu azken orduetan. Jaurlaritzaren erabakiak berehala eragin zuen baserritarren haserrea, eta talde ekologistek ere eskatu zuten ondoren azokak irekita mantentzeko. Atzo, berriz, 61 eragile inguruk azokak baimendu eta bultzatzearen aldeko adierazpen bat atera zuten goizean, eta arratsalderako hirukoiztu egin zen adierazpen horri babesa eman zioten eragile kopurua. Ekoizleak, kontsumo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak eta alderdiak daude horien artean. Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu duen erabakiarekiko desadostasuna agertu zuten. Azokak debekatu baina saltoki handiak irekita jarraitzen dutela salatzen dute eta horrek atzean beste helburu batzuk izan ditzakeela pentsarazten diela. Zuzeneko salmenta eta saltoki txikiak lehenesteko eskatu dute eta azoken aldeko ekimenetan parte hartzera deitu dute.

Jaurlaritzak azokak debekatu arren, gaur egin egin dira Ondarroan (Bizkaia), Oñatin eta Zarautzen (Gipuzkoa). Azoken eskumena udalena denez, ordea, hainbat udalek erabaki dute segurtasun neurri jakin batzuekin zuzeneko salmentarekin jarraitzea. Ondarroa, Oñatin eta Zarautzez gain, horien artean daude Azpeitia, Bergara eta Ordizia, guztiak Gipuzkoan. Mercabilbaok ere bere ateak zabaldu ditu gaur goizean.

Jarraitu albistea irakurtzen Berria.eus atarian