Koronabirusa Azpeitian

Baserritarren postuak mantenduko ditu udalak, beharrezko prebentzio neurriak hartuta

Uztarria.eus 2020ko api. 10a, 21:55

Eusko Jaurlaritzak azokak ixteko agindua eman arren, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du udalei dagokiela baserritarren salmenta postuen kudeaketaren ardura. Hori horrela, neurri "zorrotzenak" hartuta, astearteetako eta ostiraletako lehen sektorearen salmenta postuak mantentzeko konpromisoa hartu dute baserritarrek eta udalak.

Eusko Jaurlaritzak merkatuak eteteko emandako agindua aztertu ondoren, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du udalei dagokiela baserritarren salmenta postuen kudeaketaren ardura. Horregatik, orain artean bezala, neurri "zorrotzenak" hartuta, astearteetako eta ostiraletako lehen sektorearen salmenta postuak mantentzeko konpromisoa hartu dute baserritarrek eta udalak.

Azpeitiko Udalak jakinarazi du datozen asteetan baserritarren azoka egiten jarraituko dela, beharrezko prebentzio neurriak hartuta. Pasa den asteazkenean, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak aldi baterako nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko azoken jarduera eteteko agindua. Nagore Alkorta alkateak azaldu du agindua aztertu duela udalak, eta juridikoki dekretu horrek ezin diela eragin azoka plazan postuak jartzen dituzten baserritarrei. Izan ere, alkatearen arabera, udal eskumena da azoken kudeaketarena.

Udalak azaldu duenez, osasunaren zaintza izan da udalaren lehentasuna koronabirusaren hedapena hasi zenetik. Hori horrela, eta baserritarrekin horrela adostuta, ohiko prebentzio neurriekin jarraituko da Azpeitian lehen sektoreko ekoizleen postuak mantentzeko: baserritarren mahaiak ohi baino tarte handiagoarekin jarrita daude, gehienez sei erosle izango dira aldi berean azoka plazan, kanpoan ilarak egingo dira metro eta erdiko espazioa errespetatuta eta eskuak garbitu beharko dira azoka plazara sartzerakoan.

Alkortaren hitzetan, supermerkatuetako eta denda txikietako jarduera "bezainbeste edo gehiago zainduko" da Azoka Plazakoa. Prebentzio neurri "zorrotzenak" erabiliko dira, "arrisku guztiak saihestuz": "Sinisten dugu ahalegin hau egitea beharrezkoa dela baserritarren eta kontsumitzaileen beharrak asetzeko". Era berean, Josu Labaka zinegotziak esan du lehen sektorea eta haren eredua "babestea" dutela helburu, eta ez dutela "bat egiten" Jaurlaritzak hartutako neurriarekin.

Bertako ekonomiaren sustapena

Azpeitiko Udala bertako ekonomiaren eta lehen sektorearen alde egiten ari den esfortzua nabarmendu du Labakak. Bertako elikagaiak eskuratzeaz gain, baserritarrak babestea ere lehentasuna dela beraientzat aipatu du: "Lehen sektoreak urteak daramatza zailtasunei aurre egiten. Jaurlaritzak hartutako erabakiak are gehiago kaltetu dezake haien egoera. Gure ekonomiaren parte dira baserritarrak ere, eta ahal dugun neurrian, horiei laguntzeko lan egingo dugu".

Horrela, garai nahasi hauetan, baserritarren lana balioan jarri nahi izan du Labakak. "Bertako, garaiko eta kalitatezko produktuen kontsumoak eragin positibo asko ditu gure herriarentzat; tokiko ekonomia sustatzen du, osasunean laguntzen du, baita ingurumenaren zaintzan ere". Herritarrak, bertako baserritarren produktuak kontsumitzera gonbidatu ditu udalak.