Koronabirusa Azpeitian

Euskal Herriko Itzulia noiz itzuliko zain

Uztarria.eus 2020ko api. 9a, 13:19
Eduardo Arana eta Arritxu Iribar, Euskal Herriko Itzuliko etapa batean.

Joan zen astelehenean, apirilaren 6an, hasi behar zuen Euskal Herriko Itzuliaren 60. edizioak Eibarren (Gipuzkoa). COVID-19 gaitzak, ordea, zapuztu egin du txirrindularitza lasterketa, eta arduradunek proba atzeratzea erabaki dute. Itzulian parte hartzen du Eduardo Aranak motoarekin urtero, eta "nahiko zaila" ikusten du Itzulia aurten egitea.

Berezia izan behar zuen aurtengo Euskal Herriko Itzuliak, 60. edizioa egingo baitzuten apirilaren 6tik 11ra bitartean. Beste hainbat kirol jarduera moduan, ordea, koronabirusagatik atzeratu egin behar izan dute proba, eta antolatzaileak UCI World Tourren zain daude Itzulia antolatzeko.

Eduardo Aranak (Azpeitia, 1965) urteak daramatza Itzulian parte hartzen, motoarekin. Euskal Bizikleta proba egiten zutenean hasi zen txirrindularien segurtasuna zaintzeko lasterketetan motoarekin ateratzen: "21 urte nituela-edo atera nintzen lehenengo aldiz, eta ordutik, askotan atera izan naiz txirrindularien segurtasuna zaintzen nahiz argazkilariei laguntzen". Azken urteetan, aldiz, Euskadi Irratiko Arritxu Iribar esatariari laguntzen jardun izan du Aranak: "Arritxu eta ni lasterketa osoan zehar ibiltzen gara motoan, hark irratian zuzenean ematen baitu lasterketa. Zuzenean ez dagoenean, berriz, saiorako lasterketa barruko xehetasunei begira jarduten du, eta horretarako behar duen lekura eramaten dut motoan".

Euskal Herriko Itzuliaz gain, Donostiako Klasikoan eta inguruko herrietako beste zenbait lasterketetan ere ibiltzen da Arana segurtasun lanetan, eta hark adierazi duenez, Donostiako Klasikoa behintzat bertan behera ez uzteko esperantza dute: "Donostiako Klasikoa momentuz ez dute bertan behera utzi, abuztuan egiten baita, eta espero dut proba hori behintzat egin ahal izatea".

Aranaren arabera, esperotakoa zen Euskal Herriko Itzulia bertan behera gelditzea: "Frantzian saiatu ziren lasterketa bat ikuslerik gabe egiten, baina bertan behera utzi zuten geroago COVID-19agatik". Koronabirusaren hedapena ikusita, Itzuliko arduradunek ere proba atzeratzea erabaki zuten, baina ez dakite noiz egin ahal izango duten lasterketa: "UCIren egutegi osoa atzeratu da, eta horiek dagoeneko esan dute beste lasterketa batzuei emango dietela lehentasuna: Frantziako Tourrari, Italiako Giroari, Espainiako Vueltari...", dio Aranak. Ildo horretatik, azpeitiarrak gehitu du ez dakitela aurten Itzulia egiterik izango den ala ez.

Konfinamendua, oztopo

Lasterketa noiz egin, gainera, ez da antolatzaileek eskuartean duten arazo bakarra. Aranaren arabera, Euskal Herrian konfinamendua amaituta ere, zaila izango dute beste herrialdeetako txirrindulariek Euskal Herrira etortzea: "Espainiako Gobernuak konfinamendua amaitutzat emanda ere, batek daki beste herrialdeetan noiz arte iraungo duen kontu honek; kanpotik datorrenak, agian, ez du Itzulira etortzeko baimenik izango". Hori dela eta, "nahiko zaila" ikusten du Aranak Itzulia aurten egitea.

Bestalde, txirrindularien egoera ere aintzat hartzekoa izango dela dio motozaleak: "Ez dakit txirrindulariek zein egoera fisikorekin parte hartu ahal izango duten proban, ez baita gauza bera etxean edo kalean entrenatzea", gaineratu du. Hori dela eta, Aranak uste du orain faborito direnak beharbada ez direla faborito izango Itzulia egitea lortzen dutenean.

Dena den, lehenago edo beranduago Itzulian parte hartzen jarraitzeko asmoa du Aranak: "Niretzat afizio bat da, eta EITBk nire beharra duen heinean laguntzeko prest egongo naiz ni". Aranak aitortu du gozatu egiten duela lasterketetan ateratzen, eta probarako oso lagungarria dela beraien laguntza: "Motoan ibiltzen garenok badakigu Itzulia txirrindularitza lasterketa bat dela, baina errepidean motoa da gutxien molestatzen duen elementuetako bat. Erreakzio azkarrak ditu motoak, eta tresna egokia da hedabideentzat, argazkilarientzat zein epaileentzat".