Oinarrizko elikagaien banaketa egingo du Janari Bankuak apirilaren erdi aldean

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko api. 8a, 12:00

Banaketa gehigarria izango da, udalarekin adostuta, egunotako "premia berriei erantzuteko", berez apirilean ez zegoelako halakorik aurreikusita. Orain arteko erabiltzaileek zein erabiltzaile berriek izango dute elikagaiak jasotzeko aukera, baina horien beharra duten guztiek aurrez udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu beharko dute.

Apirilaren erdi aldera oinarrizko elikagaien banaketa gehigarria egingo du Azpeitiko Janari Bankuak. Horrela iragarri du gaur udalak. Banaketa gehigarria izango da apirilekoa, berez hil honetan ez baitzegoen aurreikusita Janari Bankuak horrelakorik egitea: "Bi hilean behin egin ohi da Azpeitian oinarrizko elikagaien banaketa Janari Bankuaren bidez. Azken banaketa martxoan egin zen, baina azken asteotako egoera berezia dela eta, Azpeitiko Udalak banaketa gehigarri bat egitea adostu du Janari Bankuarekin apirilean", azaldu du udalak.

Konfinamenduaren ondorioz sortu diren "premia berriei erantzuteko hartutako neurrietako bat da" janari banaketa gehigarri hori; egoera honetan etxeetan janari gehiago kontsumitzen delako, batetik, eta etxe askotan diru sarrerak murriztu izanak ere zailtasun gehiago sortu dituelako, bestetik. "Martxoan egin zen azken banaketa, baina ordutik herritarron errealitatea aldatuz doa, eta herritarren bizi kalitatea okertzen ari da kasu askotan", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Zehaztu du martxoko banaketan 246 familiak jaso zituztela oinarrizko elikagaiak. Uneotan, familia horiez gain beste hainbat familiaren beharrak ere detektatuta dituztela azpimarratu du: "Hiru asteko konfinamenduak familia askoren ekonomian eragin du, eta egoera berriari aurre egiteko herritarrei baliabideak eskaintze horretan adostu dugu banaketa gehigarri bat egitea", gaineratu du Goenagak.

Eskariak, Gizarte Zerbitzuetara deituta

Orain arte Janari Bankuko erabiltzaile izan direnek zein erabiltzaile berriek izango dute apirileko ezohiko deialdi horretan elikagaiak eskuratzeko aukera. >Horretarako, ordea, batzuek zein besteek aurrez deitu beharko dute udalaren Gizarte Zerbitzuetara, "lana errazteko eta modu koordinatuan egiteko". 943-15 71 92 edo 943-54 79 83 telefonoetara deitu dezakete elikagaiak behar dituztenek, lanegunetan 08:00etatik 20:00etara, eta jaiegunetan, igandean izan ezik, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Elikagaien banaketa apirilaren erdi aldera egingo dutela azaldu du udalak, eta telefonoz adieraziko diete erabiltzaileei nola eta noiz egingo zaion bakoitzari banaketa, "prebentzio neurri guztiekin eta modu koordinatuan" egiteko.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu