Koronabirusa Azpeitian

Aldundiak 900.000 euro bideratuko ditu kultur proiektuetara

Uztarria.eus 2020ko api. 7a, 17:11

Sei dirulaguntza lerro zehaztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta eskaerak egiteko epea koronabirusagatik ezarritako larrialdi egoera amaitu bezain azkar irekiko dute. Koronabirusak eragindako krisiak kulturan eragindako geldialdiari aterabidea ematea da dirulaguntzen xedea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak 896.667 euro bideratuko ditu kultura proiektuak finantzatzera. Deialdiak sei laguntza lerro hartzen ditu: Susperka, Olatuak, Mundura, Gipuzkoako museoak, dokumentu ondarea zaharberritzea eta indusketa arkeologikoak. Aipatutakoez gain, beste hiru lerro izapidetzen ari dira: Tokiko, Oreka eta ondarea mantentzera eta zaharberritzera zuzendutakoa. Foru erakundeak onartu berri dituen dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea koronabirusa tarteko ezarritako osasun larrialdi egoera amaitu bezain laster irekiko dute. Eskaerak telematikoki izapidetu ahal izango dira, baina horretarako epea ireki bitartean, Gipuzkoa Kulturaren webgunean kontsultatu daitezke laguntzen oinarriak. Dirulaguntzak jasotzeko interesa duten kultur proiektuek sustatzaileak K-Bulegoaren bidez jar daitezke harremanetan.

Kultura diputatu Harkaitz Millanek azpimarratu duenez, laguntzak COVID-19aren osasun larrialdi betean onartzearen arrazoia argia da: "Kultura Departamentua ahaleginak egiten ari da ahalik eta azkarrena irits daitezen laguntzak kulturaren sektorera, aparteko larritasunez jasaten ari baita krisialdi hau; izan ere, bertan behera gelditu dira kultura-ekitaldiak, konfinamendu neurriak tarteko". Egoera horri erantzuteko hartu du dirulaguntza lerroa zabaltzeko erabakia; hau da, "laguntzak indartzeko, likidezia hobetzeko eta kulturaren kontsumoa sustatzeko". Aldundiak kultur sortzaileei eta proiektuei sostengua eman nahi diela azaldu du Millanek, horiek egungo egoera gainditzen denean beren jardunari berrekiteko aukera izan dezaten.

Honako hauek dira onartu dituzten sei dirulaguntza lerroak:

  • Susperka: helburutzat hartuta proiektu eta jarduera berritzaileak, edukiari nahiz kudeaketari dagokienez: hainbat kontzeptu, hala nola sareko lana, bitartekaritza artistikoa, ikerketa, eta harreman nahiz lankidetza bide berriak, desberdinen artekoak nahiz publiko guztiekikoak. Diru kopurua: 172.667 euro.
  • Olatuak: helburutzat hartuta bokazio eraldatzaileko proiektu berritzaileak, eta horrela, topagune bat sortzea kulturaren eta gizarte duinago baten artean, zeina oinarritzen baita bakezko elkarbizitzan, jasangarritasun ekologikoan, pertsonen arteko berdintasunean, elkartasunean, partaidetzan, eta gizarte integrazioan. Diru kopurua: 120.500 euro.
  • Mundura: helburutzat hartuta beren proiektu artistikoak nazioarteko eremura eraman nahi dituzten Gipuzkoako pertsona fisikoak eta irabazi asmorik gabeko entitateak. Diru kopurua: 90.000 euro.
  • Gipuzkoako museoak: hartzaileak izanik Gipuzkoako museoak, eta helburutzat hartuta dinamizazio, kudeaketa eta egokitzapen ekintzak. Orobat, hartzaile izan daitezke erakusketa iraunkorrak eta ondare intereseko multzoak. Diru kopurua: 264.500 euro.
  • Dokumentu ondarea: historia, zientzia eta kultura arloetan duten interesagatik Gipuzkoako dokumentu ondarea osatzen duten dokumentuak zaharberritzea. Gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten dokumentuetarako, zeintzuk ekoitzi edo jaso baititu bere jarduera Gipuzkoan izan duen edozein entitatek edo pertsonak, baldin eta dokumentazio hori lurralde historikoan badago. Diru kopurua: 36.000 euro.
  • Indusketa arkeologikoak: interes arkeologikoa edo ustezko interes arkeologikoa duten eremuetan egindako esku-hartze arkeologikoak, haien kontserbazioari eragin diezaioketen ekimen pribatuko obrak direla medio. Diru kopurua: 213.000 euro.