Koronabirusa Azpeitian

Jaten eta edaten, ezin eman

Uztarria.eus 2020ko api. 8a, 11:20
Jai-Alai jatetxeko irudia.

COVID-19 gaitzak are gehiago mikaztu du lehendik ere korapilatsua zen tabernarien egoera. Hainbat dira tabernen nahiz jatetxeen guneen itxieraren eraginez ezohiko neurriak hartu dituzten ostalariak. Uztarria.eus-ek herriko hiru ostalarirekin hitz egin du, koronabirusa dela-eta etorri denaz eta etortzeko dagoenaz.

Udaberri usaina gero eta nabariagoa da herrian, eta zelaiek loretan eta terrazek herritarrez beteta beharko lukete. Egoera, ordea, bestelakoa da; azpeitiarrek etxean igarotzen dute eguna, eta ez dira kalera ateratzen erosketak egitera edo zaborra botatzera ez bada. Kaleak hustean, herriko tabernak eta jatetxeak ere musikaz eta jendez hustu dira, eta isiltasuna inoiz baino ozenago entzuten da karriketan.

"Garbi zegoen halako zerbait etorriko zela", azaldu du Iñaki Areizaga Etxe Zuri tabernako jabeak. Txinako egoera telebistaz egunero ikusten zutela azaldu du hark, eta ikusten zela COVID-19 gaitza ez zela "brometarako kontua". Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak tabernak ixteko agindua eman zuenean, fin bete behar izan zuen neurria azpeitiarrak. Jai-Alai jatetxeko arduradun Alaitz Alberdik azaldu du ez duela sekula halako neurririk hartu beharra bizi izan: "Tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zutenean, hasieran, arraroa iruditu zitzaigun, ez dugulako halako ezer bizi izan lanean daramatzagun urteetan". Agindua jaso ostean, astebururako zituzten erreserbak bertan behera utzi behar izan zituzten Urrestillako jatetxean. Rocha's Chopper tabernako Arkaitz Carmona, aldiz, tabernak itxi aurreko egunean hasi zen neurriak hartzen: "Zer egoera zetorren ikusita, beharrezkoak ez ziren botilak-eta ez irekitzen hasi nintzen, galerak txikiagoak izan zitezen".

Egoeraz jabetuta, lana aldi baterako erregulatzeko txostena ezarri behar izan dute Areizagak nahiz Alberdik beren tabernan eta jatetxean. Horrez gain, hornitzaileei eskatutako janaria eta edaria gal ez zedin irtenbide bat topatu behar izan dute. Jai-Alai jatetxean, janaria izoztu egin dutela azaldu du Alberdik: "Janaria ondo bildu, etiketatu eta izoztu egin behar izan genuen". Areizagaren arabera, Etxe Zuri tabernan ere, kontu horri konponbidea aurkitzen ahalegindu dira: "Jaki asko izozteko aukera izan genuen, eta edariek, normalean, iraungitze data luzea izan ohi dute. Garagardo upelak, ordea, galdu egin ditugu". Carmonak bi langile ditu Rocha's Chopperren, eta lana aldi baterako erregulatzeko txostenik ez du ezarri. Produktuak, aldiz, familiakoei eta ingurukoei oparitu dizkie: "Astero egon ohi dut produktuen eskaera, eta iraungita dauden produktuak bueltatzeko aukera izan ohi dut. Beste hainbat produktu, berriz, familiakoei eman dizkiet".

Espainiako Gobernuak konfinamendua, gutxienez, apirilaren 26ra arte luzatzea erabaki du azken egunetan, baina tabernariek uste dute luzatu egingo dela egoera, tabernentzat eta jatetxeentzat, behinik behin. "Lehenengoak izan ginen ixten, eta azkenak izango gara irekitzen. Krisi honek ostalaritza kolpatuko du gogorren", azaldu du Alberdik. Areizaga ere bat dator, eta taberna irekitzean ere, neurriak hartuta egin beharko dutela ziur dago: "Taberna irekitzen hasten garenean, neurri zorrotzak ezarri beharko ditugu". 

Festak eta ospakizunak

Egunek aurrera egin ahala, hainbat eta hainbat ospakizun bertan behera uzten edo atzeratzen ari dira zenbait herritan, eta Azpeitian ere ziurgabetasuna da nagusi tabernarien artean. Sanjuandegiko festak hasteko bi hilabete falta dira, eta Carmonak ez du uste auzoan festak normaltasunez ospatzeko aukerarik izango dutenik: "Kolokan dago guztia. Herri asko festen datak atzeratzen ari dira, eta konfinamendua bukatuta normaltasunera bueltatzen hasten garenean, tabernak hasieran itxita egongo direla pentsatzen dut".

Ekaina etorriko den moduan, uztaila ere konturatzerako gainean izango da, eta saninazioak ospatuko balira, nola egingo liratekeen ere zalantza dute tabernariek: "Festak normaltasunez ospatzea ez dut uste posible izango denik", dio Areizagak. Alberdik esperantzarik ez du galdu: "Espero dut saninazioetarako egoera normalduta egotea, urtero 220 bat lagun izan ohi dira-eta bazkaltzen jatetxean". Halere, ostalariek argi dute taberna irekitzean neurri zorrotzak hartuta egin beharko dutela. "Tabernak irekitzen direnean, bezeroen arteko distantziak errespetatu beharko dira, eta eskularruak eta desinfektanteak une oro gainean izan beharko ditugu", dio Carmonak.

Festak ez ezik, bataioak, jaunartzeak, ezkontzak zein bestelako hainbat ospakizun ere hankaz gora jarri ditu COVID-19ak, eta Alberdi kontu horiek nola kudeatu pentsatzen ari da: "Gai horren inguruan buelta asko eman dizkiot buruari egun hauetan. Jaunartzeak, adibidez, irailera eta urrira atzeratu dituzte Azpeitian eta Azkoitian, eta espero dut data horiek mantenduko dituztela. Nik, dagoeneko, bazkaria enkargatuta zuten familiei hots egin diet antolatzeko".

Hemendik aurrera zer?

Festez gain, ordea, badituzte beste zenbait buruhauste tabernariek. Areizagak uste du tabernen irekiera "oso tristea" izango dela: "Jendeak uste du tabernak irekitzean festa izango dela nagusi, baina hasieran herritarrak beldurtuta egongo direla pentsatzen dut". Alberdi ere bat dator: "Tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena ematen dutenean jenderik etorriko al den da nire beldurrik handiena". Gastuei aurre egiteko ere, tabernariek ez dakite zein egoera izango duten eskuartean: "Taberna batzuetako arduradunek zortea izan dute; lokalaren jabeek ez diete errenta kobratuko. Ederra izango litzateke guri ere errentarik kobratuko ez baligute, kolpea apur bat arintzeko bada ere", azaldu du Carmonak. Areizaga ezkor agertu da: "Orain zerga batzuk atzeratu dizkigute autonomooi, baina ez dakit hemendik hiru hilabetera zerga horiek ordaintzeko moduan egongo ote garen". Ildo horretatik, hirurek uste dute erakundeen laguntza "eskertzekoa" dela, baina esan dute ez dela nahikoa gastu guztiei aurre egiteko.

Kontuak kontu, tabernariek beharrezkoa ikusten dute koronabirusaren kontua normaltzen den artean konfinamendua luzatzea. "Tabernak irekitzean zer-nolako neurriak hartu beharko ditugun pentsatzeko denbora daukagu", azaldu du Carmonak. Oraindik data zehatzik ez dagoen arren, Alberdiren nahia "poliki-poliki" martxan jarri eta "langileak mantentzea" da: "Orain arte banuen langileak mantentzeko lana, baita udan norbait gehiago kontratatzeko adina ere. Areizagak ere badu taberna "laster" irekitzeko esperantza txiki bat: "Ez dakit, baina nik uste dut erakundeek tabernak-eta lehenbaileen irekitzea nahiko dutela, zenbat eta denbora gehiago itxaron, krisia handiagoa izango delako. Luzeena geuri egingo zaigu". Hemendik aurrera egoerarekin zer gertatuko den ez badakite ere, hiru ostalariek argi dute behin martxan jarrita guztia emango dutela, eta musikak eta irribarreek apalduko dutela koronabirusaren hots sakona.