Koronabirusa Azpeitian

Hegoak ebakita

Uztarria.eus 2020ko api. 7a, 12:23

COVID-19 gaitzak erabat aldatu du herritar guztien bizimodua. Egun batetik bestera, etxea bilakatu da denen mundua. Zortzi herritarren testigantzak eta egunotako bizipenak jaso dituzte Ihintza Elustondo eta Mailo Oiarzabal kazetariek, 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian erreportaje hau argitaratzeko.

Koronabirusak hankaz gora jarri du guztia. Gaitz batek erakutsi du ez dagoela gizakiaren kontrolpean mundua, eta herritarren segurtasuna bermatzeko, neurri bat hartu du Espainiako Gobernuak: konfinamendua. Lehen inork zer zen ere ez zekien hitz hori eguneroko bilakatu da une batetik bestera. Goizetik gauera, oinarrizko eskubide bat galdu dute herritarrek: ezin dira etxetik atera. Eta ezin horrekin batera datoz, gertukoak ezin ikusia, paseo bat ezin emana, eta askoren kasuan, lanera ezin joana. Hainbeste ezin, hegoak ebakitako txoriak bezala sentitzen da jendea.

Duela hilabete, zeinek esango zuen egoera honetara iritsiko ginenik. Horrela egongo ginenik, etxean. Hainbeste oztopo eta mugaren artean, ordea, gauza bat irabazi dute herritarrek: denbora. Egoerara nola egokitzen ari diren kontatu dute hainbatek.

Nazaret Fernandez: "Orain, gure lana baloratuagoa izaten ari dela sentitzen dugu"

Jaioturtea. 1993.
Herria. Azpeitia.
Lanbidea. Osasun larrialdietako teknikaria.

"Osasun larrialdietako anbulantzietan egiten dut lan, Gipuzkoako Anbulantziaken. Hainbat herritan aritzen naiz lanean, baina batez ere, Azpeitian eta Eibarren. Etxetik irten eta anbulantzien basera iritsi orduko janzten dut uniformea egunero, eta astirik izanez gero eta deirik ez badugu jasotzen, aurreko txandako lankideek eguneratu egiten gaituzte. Gero, 112tik abisuak jasotzen ditugu, eta behar gaituzten tokietara joaten gara.

Koronabirusa dela eta, ohi baino lan gehiago dugu, eta segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri dizkigute. Gure lanegunak hamabi ordukoak izaten ziren lehen, baina orain, beti lankide berarekin egoteko, 24 orduko txandak egiten ditugu. Gainera, anbulantziak produktu bereziekin desinfektatzen ditugu, eta horrez gain, norberaren segurtasuna bermatzeko ekipamendu gehiago ditugu, bai guretzako, baita pazienteentzako ere.

Komunikabideek erakusten dutena kontuan hartuta, bi aukera bakarrik daudela dirudi: koronabirusa harrapatzea edo osasunez ondo egotea. Baina esan beharra dago lehen gertatzen ziren beste hainbat larrialdi gertatu egiten direla oraindik ere: erorketak, erditzeak, istripuak, gelditze kardiatikoak...

Pandemia emozionalki asko eragiten ari zaidala esango nuke. Baina ondo barneratuta daukat nire lana osasun arloari lotutakoa dela eta hau bizitzea tokatu zaidala. Hala ere, etxera joan eta senideak ondo daudela ikusteak lasaitu egiten nau.

Koronabirusa duen pertsonaren bat artatzea tokatu zait. Guk pazienteak dauden lekutik ospitalera eramaten ditugu, eta sintomarik izanez gero, guztion segurtasunagatik, birusa izango balu bezala jokatu behar dugu. Badakigu ospitalera eraman ondoren batzuek positibo eman dutela, eta beste batzuek gripe arrunt bat zutela.

Egia da, gure lana tarteko, kutsatzeko arrisku handiagoa dugula, baina larrialdi momentuetan odol hotzarekin jokatu behar da; hau da, ezin diot nire buruari kutsatzeko arriskuan nagoela pentsatzen utzi, pazientearen ongizatea nire eskuetan dagoelako. Gero, gerokoak.

Azpeitian lan egin dudan bakoitzean, esker oneko familiak eta pazienteak tokatu zaizkit gehienbat. Baina orain, gure lana baloratuagoa izaten ari dela sentitzen dugu. Azken finean, ematen ditugun zerbitzuak jende gehiagok behar ditu momentu honetan, nahiz eta gure lana beharrezkoa izan den beti".

 

Ion Ulibarri: "Herritarren %85-90 ondo ari dira betetzen konfinamendua"

Jaioturtea. 1978.
Herria. Elgoibar.
Lanbidea. Azpeitiko udaltzainburua.

"Orokorrean, ondo ari dira betetzen konfinamendua herritarrak; uste dut %85-90 arauak ondo errespetatzen ari direla. Goizetan izaten ditugu arazoak, jendea erosketak egitera irteten den unean. Pertsona batzuk, behin atera beharrean, sarritan ateratzen dira kalera: bi, hiru edo lau aldiz ere bai. Kasu batzuetan, gainera, pertsona nagusiak dira hori egiten dutenak; hain justu, gaitzak gehien eragiten dienak. Supermerkatuetako langileek ere gauza bera esan digute: goizetan pertsona bera ikusten dutela behin baino gehiagotan erosketak egiten. Arratsaldean, oro har, jendea etxean egoten da, eta eguneko tarte horretan, asko errespetatzen dute konfinamendua.

Konfinamenduko neurriak betetzen direla ziurtatzeko, kontrolak ari gara egiten egunero Azpeitiko hainbat puntutan. Esaterako, gidariak bakarrik doazela ziurtatzen dugu, eta binaka badoaz, baimendutako kasuak direla baieztatu. Arau hausteren bat ikusiz gero, abisua ematen dugu lehen egunean, eta akatsa errepikatzen dela ikusten badugu, isuna jartzen dugu. Baina, egia esan, momentuz ez ditugu isun asko jarri. Jarri ditugu bakarren batzuk, baina kontuan hartuta Azpeitia 15.000 biztanleko herri bat dela, ez dira asko.

Zabaldu dira zurrumurruak gauez mendian zebiltzan herritar batzuk harrapatu ditugula, baina Azpeitian ez da halakorik gertatu. Gaueko txandetan lanean ibili izan gara, eta baten bat harrapatu dugu korrika, baina abisatu genion hori ezin zuela egin, eta ez dugu berriz ikusi. Ikusi dugu mezua iritsi zaiola pertsona horri.

Jendearen kezka nagusietakoa zera izaten da: ea adin nagusiko senitarteko baten etxera joan ote daitezkeen janaria eramatera. Legeak baimentzen du hori, baina guri lana errazteko, gainean dokumentazioren bat eramatea eskatzen dugu, pertsona hori adin nagusikoa dela eta haren etxera doazela ziurtatzeko.

Oro har, herritarrak nahiko ondo ari dira neurriak betetzen, eta bide beretik jarraitzeko esango nieke, oraintxe datorkigu-eta zailena: luzapena. Uste dut horrek ekarriko dituela arazoak. Egunak aurrera doaz. Lehen egunak nahiko ondo eramaten dira, baina nire kezka da ea zer gertatuko den datozen egunetan. Eta denok dugu kezka bera: egoera hau apirilaren 11n bukatuko da edo ez?

Egia esan, guretzako ere ez da samurra horrela ibili behar izatea; jendeari oinarrizko askatasun bat murrizten ari gara: kalean lasai ibiltzea. Baina denok egin behar dugu azken esfortzua, gogorrena oraintxe datorrelako. Animo denoi, eta eutsi, bakoitzak ahal duen neurrian".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Lurdes Aizpuru: "Ea hau guztia igarotzean ez diren gutaz ahazten!"

Jaioturtea. 1965.
Herria. Urrestilla.
Lanbidea. Dendaria.

"Egoera kontuan hartuta, esango nuke lasaitasunez ari garela eramaten. Gure bezeroak ere nahiko lasai nabaritzen ditugu, orokorrean. Egoera hau dela eta, denda goizez bakarrik irekitzea erabaki genuen. Iruditzen zait bezeroek ulertu dutela erabakia eta egunerokotasunean kontuan izaten dutela. Segurtasun neurriak ere hartu ditugu; bezeroei eskularruak jarri dizkiegu eskura, eta geu ere babesten gara, geure maskarak eta eskularruak erabiliz. Geure eta bezeroen arteko eta bezeroen beraien arteko segurtasun tartea mantentzeko neurriak ere hartu ditugu; aldi berean, gehienez, bi bezero egon daitezke denda barruan, eta salmahaian jartzeko babeserako pantaila ere eskatu dugu.

Ohiko bezeroei beste batzuk gehitu zaizkie egunotan. Ea hau guztia igarotzean ez diren gutaz ahazten!

Salmentei dagokienez, esango nuke lehen baino ogi gehiago saltzen dela, eta orokorrean, denetik zerbait gehiago. Denak etxean gaudenez, janaria ere gehiago behar da. Euskaldunon ohiturak mantentzen ditugula nabari da, jan-edana ez dadila falta! Hornidura arazo aipagarririk ere ez dugu izan, ez zaigu komuneko paperik eta horrelakorik falta.

Gurea estankoa ere bada, eta tabakoa ere ohi baino zertxobait gehiago saltzen ari gara. Baina badakit, era berean, bezero batzuk tabakoa uzten saiatzen ari direla itxialdi honetan.

Nabaria da bezeroen zein geure hizketaldietako gaiak aldatu direla asteotan. Koronabirusa eta konfinamendua bihurtu dira bezeroen eguneroko gai, eta kezka adierazten dute bizi dugun egoerarekiko".

 

Karmele Zabaleta: "Denok ditugu antzeko galderak eta inork ez dakizki erantzunak"

Jaioturtea. 1975.
Herria. Azpeitia.
Lanbidea. Dendaria eta Bertan merkatarien elkarteko lehendakaria.

"Dekretua martxoaren 14an irten arren, bezperan hartu nuen denda ixteko erabakia, ostiralean. Izan ere, banekien ixteko agindua etorriko zela, zapatuan ez bazen astelehenean, ziur nengoen. Larunbatean denda ireki nuen, bezero batzuei zerbitzua eman beharra neukalako, jasotzeko zeuden enkarguak eta abar; baina goizez bakarrik ireki nuen.

Gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik denda itxi behar izan nuenean, baina ez zegoen beste aurkerarik edo erantzun posiblerik. Orain arte ezezaguna zitzaigun unea ari gara bizitzen. Saiatzen naiz egunean egunekoa bizitzen, gauzak norabide guztietan ari dira aldatzen, eta egunero dago aldaketaren bat.

Orain arte hartu diren neurriak zuzenak izan direla esango nuke. Ekonomia krisi handi baten aurrean gaude, argi dago geldialdi honen eragina oso garrantzitsua izango dela, baina osasuna da lehendabizikoa, osasunik ez badaukagu soberan dago gainontzeko guztia. Niretzat, denda horrenbeste denboran itxita edukitzeak galera ekonomiko izugarria dakar. Gure fakturazioa zero da momentu honetan, eta zoritxarrez, autonomook gauzak ordaintzen jarraitu behar dugu; kuota ez digute barkatu, hori ordaintzen segitu behar, baina diru-sarrerarik ez dago. Kuotarekin batera zenbait gastu finko ere ordaindu behar ditugu, argindarra eta telefonia, besteak beste. Gobernuak ez du zerbitzu horien hornitzaileei zuzendutako neurririk hartu, eta ez zait zuzena iruditzen; uste dut, egoera zein den kontuan hartuta, hornitzaile horiei ere agindu beharko lieketela momentuz kobraketak eteteko.

Laguntzak ere iragarri dituzte erakundeek, eta alde horretatik, Azpeitiko Udalari eskerrak eman nahi nizkioke lehendabizi, lehenengo unetik izan gaituztelako gogoan eta gauzak ondo egiten direnean esan beharra dagoelako. Gainontzeko erakundeek iragarri dituzten neurriei dagokienez, esaten dute dirulaguntza batzuk izango direla, nahi dut horretan sinistu; baina aipatu berri dudan bezala, ez zait oso zuzena iruditzen gobernuak beste kontu batzuetan ez eragitea. Azken finean, autonomoak gara, oso txiki ikusten gaituzte, eta beti gertatzen den bezala, enpresa handientzako dira laguntza eta babes handienak, eta kezkagarria iruditzen zait hori. Gogoratu nahi dut autonomoak pila bat garela eskualdean, Gipuzkoan zein Euskal Herri osoan; denok bat eginez gero, enpresa indartsu baten parekoak gara.

Merkatari txikiok lehendik ere zailtasunak genituen, eta egoera honen ondorengo panorama ez da hobea izango. Galera izugarriak utziko dizkigu honek. Pentsatu nahi dut denok itzuliko garela gure saltokietara, baina lanketa bat egin beharra daukagu, merkatari bakoitza bere hornitzaileekin akordioetara ailegatzeko, egoera honi denok batera buelta ematea eta pertsianak altxatzea nahi badugu. Panorama ez da lehen bezalakoa izango, garbi daukat dendari guztiok egoera berrira egokitu beharko garela, eta erosleak ere bai. Joango gara forma ematen, egunak aurrera dihoazen heinean egoerari neurria hartzen. Uste dut aterako garela honetatik ere.

Bertan merkatarien elkartearentzat lan karga izugarriko egunak ari dira izaten, batez ere, teknikariarentzat. Galdera pila bat ekarri dituen ezusteko egoera baten aurrean gaude, eta erantzunik ez duten galderak dira, momentuz. Iruditzen zait elkartea ahal duen ondoen ari dela erantzuten, bere eskuetan dagoen dena ari da egiten. Gobernutik etorri dira jarraibide eta betebehar denak, eta elkarte gisa ez dugu inongo eskumenik horien aurrean. Une oro eta jaso ahala eman diegu informazioa elkarteko kide guztiei. Hala ere, zerbaitetan huts egin badugu, elkartearen izenean barkamena eskatu nahi nuke hemendik. Denok ditugu antzeko galderak eta kezkak, eta erraza ez bada ere, egoera lasaitasun pixka batekin hartzen saiatu behar dugu, inork ez dazkigulako erantzunak. Etengabe ari gara dendarien zalantzak argitzen, geure neurrian haiei babesa ematen, dugun informazio guztia bideratzen eta lagundu ahal dugun guztietan, laguntzen. Egun batetik bestera aldatzen ari dira gauzak, egunero dugu albiste berriren bat. Jendea oso urduri dago, kezkatuta.

Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, bertan eta saltoki txikietan kontsumitzen dutenei. Bertan geunden, bertan egongo gara, eta inoiz baino garrantzi handiagoa eman behar diogu bertako merkataritzari. Ilusioa ez galtzeko ere eskatuko nieke, bai herritarrei, bai merkatariei, denon artean lortuko dugulako honi buelta ematea eta aurrera egitea".

 

Xeles Iturzaeta: "Egoera kontuan hartuta ondo nago, baina hau gogorra da, e?"

Jaioturtea. 1944.
Herria. Urrestilla.
Lanbidea. Jubilatua. Bakarrik bizi da.

"Agindu zutenetik nago konfinamenduan, etxean sartuta. Neuk erabaki nuen horrela egitea, hau gauza serio samarra izango zela pentsatuta. Aita zenak gauza asko kontatzen zizkidan azken aldera, bere gazte garaian pairatu zuten gripearen epidemia hartaz; horrelako zerbait izan zitekeela pentsatu nuen, eta etxetik ez irteteko agindu zutenez, etxean geratzea erabaki nuen. Orain gaixotzea litzateke, niretzat... Astegunetan ogia ekartzen didate; hori hartzera irteten naiz etxe azpira, eta lauzpabost egunean behin beheko denda txikira, erosketak egitera. Ondoko bizilagunek ere laguntzen didate zerbait behar izanez gero. Haiek nirekin ez dakit, baina ni oso ondo eramaten naiz haiekin. Gazteak dira, eta erakutsi didate haiekin konta dezakedala. 'Xeles, zerbait behar baduzu, esan, ekarriko dizugu eta’' Jende gaztea, 'naturalak' eta oso jatorrak dira.

Honen aurretik pattalaldia izan nuen, baina lo oso ondo egiten dut. Goizeko zortzietako irratiko albistegia entzun eta zortzi eta erdiak inguruan jaikitzen naiz. Bizikletan ibiltzen naiz, etxeko aspergarri horretan. Kalean ibiltzen ohituta... Egia da kaminoan ez ibiltzeko ere esaten zidatela, e, arrisku handia dago-eta trafikoarekin. Orain libre-libre egongo dira bideak ibiltzeko, baina ertzainek geratzeko arriskua! Anai-arrebek asko laguntzen didate, sarri deitzen didate, batek ez bada besteak; 11 'bakarrik' gara eta... Seme-alabek eta bilobek ere bai, noski. Eta oso eskertuta nago boluntario sareko Xanet Esnaolarekin ere. Oso ideia ona iruditzen zait adinekoei zer behar dugun galdetzeko deitzea. Xanetek deitzen dit niri, oso mutil jatorra eta argia; berriketaldi ederrak izaten ditugu. Batzuekin eta besteekin hitz egiteak asko laguntzen dit bakardade hau arintzen. Gauean, berriz, goiz erretiratzen naiz. Izan ere, egun hauetan ez dago telebistara begira egoterik, lehenaz gain, aztoratu egiten zaitu.

Etxetik irten ezin izatea da egoera honen gauzarik amorragarriena, horrenbeste ordu etxean egon beharra. Aurreneko egunak ez ziren batere errazak izan; egun bakarra nahikoa ez, eta hainbeste egunetan etxetik irten gabe egon beharko nintzela pentsatzeak... Ni, gainera, oso kalezalea naiz, etxetik kanpo asko gelditu gabe ibiltzen den horietakoa. Urrestillara joan, baserrira, eta han ardietara, ahuntzetara... Anaiari eta koinatari laguntzeaz gain, entretenitu egiten naiz neu horrela. Etxean ezin egon, beti batera eta bestera, batengana eta bestearengana. Odol emaileetan ere ibiltzen naiz, gauza handirik ez dugu egingo igoal, baina batekin eta bestearekin egon, eta ahal denean lagundu.

Etxekoen kezkek kezkatzen naute. Edozein garaitan joaten nintzen haiek bisitatzera, nire bizi erdia baino gehiago dira, eta bilobak deitu eta 'attite, noiz joan behar dugu kromoak erostera? Zer moduz zaude bakarrik?' galdetzea... Auzokoen egoerak ere bai, etxetik irten gabe... Aldamenean badut neska kozkor bat, 3 urtekoa, Amane; balkoira irten eta elkarrekin jarduten gara, berriketan. Asper-asper eginda egoten da etxean, ikastolara joaten hasia zen, orain joan ezin, eta ikastolara joateko desiratzen dago. Harekin ere entretenitzen naiz. Kezkak-eta ahal den neurrian uxatzen saiatzen naiz beti ere, tentsioan asko eragiten didate eta. Egoera kontuan hartuta nahiko ondo nago, baina hau gogorra da, e?

Hala ere, honek guztiak gauza onak ere ekarri dituela eta ekarriko dituela iruditzen zait. Balkoietako txalo eta festa horiek, horko trikitia, horko musika bozgorailuetatik, gazteek jartzen duten giroa eta martxa... Etxetik gertu baditugu horrelakoak, eta Betharram aldeko dorreetan bizi diren gazte batzuek egiten duten musika eta kantu festa ere entzuten da guretik. Izugarri gustatzen zaizkit horiek, denak barrez eta txaloka jartzen dituzte. Aurreko batean goragoko solairuko batek sagardoa balkoitik bota eta azpikoak edalontziak baldeetan jarrita jasotzen ere ibili ginen! Konfinamendua bera dezenteko irakaspena eta esperientzia izateaz gain, egunotako bizipen horiek gizartearentzat onak izango direla uste dut, honenbestean pasatzen bada behintzat. Zenbat jende etxeetako balkoietatik elkar agurtzen... noiz jardun izan gara ba horrela? Eta gauza bat azpimarratzea nahi dut: gazteekin egundoko fedea daukat, xelebreak nabarmentzen ditugu beti, baina onak asko daude eta horiek ez dira inon azaltzen. Egun hauetan ari dira erakusten balio dutena.

Familiarekin elkartzea izango da hau pasatzen denean egingo dudan lehen gauza, bilobekin, haietxekin gozatzen dut-eta gehiena".

 

Maite Arauzo: "Oreka bilatzea zaila da horrelako egoera batean"

Jaioturtea. 1978.
Herria. Azpeitia.
Lanbidea. Telelana egiten ari da. 

"Hiru seme ditugu Larramendi-Arauzo familian: 6, 9 eta 11 urtekoak. Gure etxean koronabirusak izan duen eragina gainontzeko etxeetan izan duen bera izango dela pentsatzen dut. Hasierako egunak izan ziren nahasienak eta estresagarrienak. Goizetik gauera egoera aldatu zen, eta bat-batean, ikastetxeetako ordu presentzialak bertan behera gelditu ziren. Dudarik gabe, gure etxean eragin handia izan du horrek, nire senarrak eta nik ondorengo astean lanera joaten jarraitu genuelako eta umeak etxean zeudelako. Gainera, guztiok urduri geunden, gaixotasunaren gertutasunak sortzen zigun beldurragatik; semeetako batek etengabe galdetzen zidan aitona-amonak eta izeba gaixotu eta hilko ote ziren. Egun gogorrak izan ziren hasierakoak.

Konfinamenduan, errutinak mantentzen saiatzen gara etxean. Astean zehar, goizez, telelana egiten dut nik, eta umeek ikastolako lanak egiten dituzte. Erritmoa beste bat izanagatik, astegunak eta asteburua bereizten saiatzen gara, eta hori bada zerbait. Umeek asteburuaren zain jarraitzen dute, gozokiren bat jateko edo tabletean jolastu ahal izateko. Erosketaren bat badugu egiteko, senarra ateratzen da kalera, guretzako nahiz gurasoentzako elikagaiak erostera, haiek ere etxean baitaude txintxo-txintxo. 20:00etan, berriz, egunero ateratzen gara balkoira txaloak jotzera osasungintzako langileei; momentu hori bizilagunen elkartasuna sentitzeko unea ere badela uste dut.

Hasieran, senarra eta ni lanera joaten ginenean, bera goizez eta ni arratsaldez joaten ginen, biotako bat umeekin egon ahal izateko. Kaos bat izan zen hura. Orain, nire senarra lanaldia etenda dago, enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena medio, eta beraz, ni lanean ari naizen bitartean, bera egoten da umeekin. Horrek asko laguntzen du. Arraroa egiten zait lana etxean egitea eta familia etxean egotea. Baina gela batean izaten dut ordenagailua, eta umeek ahalik eta gutxien molestatzen naute. Zaharrena neure ondoan egoten da ikastolako lanak egiten, beste ordenagailu batekin.

Berez ez gara etxean sartuta ordu askoz egotekoak, eta umeek hori antzematen dute. Aitona-amonekin eta izebarekin asko egoten ziren lehen semeak, eta haien falta asko sumatzen dute orain, nahiz eta bideo-deiak egiten ditugun ia egunero. Lagunen falta ere sumatzen dute, noski. Baina, bestela, ondo ari dira moldatzen; aspaldian ezkutuan zeuden jolasak berreskuratu dituzte, eta familian ere ohi baino gehiago gabiltza kartetan-eta jolasetan.

Senarrak eta biok esan izan dugu:'‘Eskerrak ez zen hau duela bost urte gertatu!'. Izan ere, lau urtean hiru seme izan genituen, eta hasiera horretan harrapatu izan bagintu egoerak... Nahikoa lan izango dute ume txikiak dituzten familiek; asko akordatzen naiz haiekin.

Oreka bilatzea zaila da horrelako egoera konplexu batean. Hasierako egunetan, beldurra eta tristura handia sentitzen nituen. Lanera joateak ere beldurra sentiarazten zidan, eta hori umeei ahalik eta gutxien transmititzea nahi banuen ere, guztiok genituen emozioak gainezka, eta zaila zen. Orain, telebista gutxiago jartzen dugu, eta berriak egunean behin bakarrik ikusten ditugu. Senarra eta biok etxean gaude, eta gainontzeko eginkizunei erreparatuta, eguna nahiko okupatuta pasatzen dugu. Horrela lasaiago gaude, kezkatuta jarraitzen badugu ere".

 

Haize Izagirre: "Parkera joatea eta lagunekin jolastea sumatzen dut faltan"

Jaioturtea. 2013.
Herria. Azpeitia.
Lanbidea. Ikaslea.

"Koronabirusa dela eta, ezin naiz etxetik atera, beste herritar guztiak bezala, eta pixka bat aspertuta sentitzen naiz. Egunotan ez naiz ikastolara joaten, eta nahiago dut hara joatea, lagunekin egoteko. Etxeko lanak bidali dizkidate, eta ondo moldatzen naiz horiek egiteko. Dena den, gurasoek laguntzen didate pixka bat: h hizkiak non jarri behar ditudan eta r bat edo bi erabili behar diren esaten didate.

Ikastolako lanez aparte, denbora librean, gauza asko egiten ditut. Egun batean, plastilinarekin esperimentu bat egin nuen, baina ez zitzaidan ondo atera. Horrez gain, koadroa margotu, eskulanak nahiz yoga egin, telebista ikusi, xakean jolastu, dantzatu, musika entzun, anaiarekin jolastu, kartetan ibili... egin ditut. Gehien gustatzen zaidana kantatzea, marraztea eta dantzatzea da.

Etxetik atera gabe ondo ari naiz moldatzen, baina batzuetan, aspertu egiten naiz. Pixka bat gogorra egiten zait tarteka. Parkera joatea eta lagunekin jolastea sumatzen dut faltan gehien.

Egia esan, koronabirusa beste konturik ez dago egunotan bazter guztietan, eta pixka bat kezkatuta nago, agian, niri ere kalte egingo didalako. Gaixotasuna ahalik eta gutxien zabaltzeko, etxean babestuta egoten naiz eta eskuak oso ongi garbitzen ditut".

 

 

 

 

 

 

 

 

Naroa Muñoz: "Ez da gauza bera eskolara joatea edo etxean jasotzea saioak"

Jaioturtea. 2002.
Herria. Azpeitia.
Lanbidea. Batxilergoko bigarren mailako ikaslea.

"Koronabirusa dela eta, ez gara eskolara joaten; beraz, saio batzuk Classroom edo Gmail plataformen bidez jasotzen ditugu, eta beste ikasgai batzuk lantzeko, berriz, gelakide guztiok bideo-deiak egiten ditugu irakaslearekin. Ez dugu ordutegi finkorik; batzuetan bideo-deia daukagun ordurako konektatuta egon behar dugu, baina bestela, askatasun handiagoa ematen digute ordutegi aldetik. Hori bai, goizean zehar behintzat lan egitea gomendatu ziguten konfinamendua indarrean jarri zenean.

Irakasleek eta ikasleok geure partetik dena jartzen dugun arren, ez da gauza bera eskolara joatea edo etxean jasotzea saioak. Ikasgelan bertan jasotako eskolak produktiboagoak direla iruditzen zait, eta hori zailtasun handiagoa duten ikasgaietan nabaritzen dugu, batez ere.

Azkenean, uztailaren 6tik 8ra bitartean egingo da selektibitatea, eta egiteko asmoa dut. Data horiek iritsi arte, badugu prestatzeko denbora, eta beraz, ondo prestatuta iritsiko garela espero dut. Hala ere, eskolak distantziara jasota, kontzeptu guztiak ez direla hain garbi gelditzen iruditzen zait; horretan sumatzen dut hutsunerik handiena egoera honetan.

Ia erabakita dut zer ikasi nahi dudan; ez nago guztiz ziur, baina erabakia orain hartu beharko banu, terapia okupazionala ikasiko nuke. Odontologiako graduak ere tentatzen nau, baina gradu bat aukeratzekotan, lehenengoa esango nuke. Azkeneko erabakia hori izanez gero, ez nuke nota alturik beharko selektibitatean; beraz, ez dut presio handirik sentitzen. Bada, ordea, nota altua behar duelako kezkatua dagoen jendea nire inguruan.

Ikasketen aldetik, ez nau hainbeste kezkatzen koronabirusak eragingo didanak; beste alorrei dagokienez kezka gehiago sortzen zaizkit gaitzaren inguruan. Hala ere, guztiok ongi jokatuz gero, laster dena konponduko dela espero dut".