Koronabirusa Azpeitian

Sintomarik ez duten milioi bat pertsonari test azkarrak egiteko asmoa du Espainiako Gobernuak

Uztarria.eus 2020ko api. 5a, 20:00

Autonomia erkidegoetako presidenteekin batzarra egin du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta eskatu die zerrendatzeko lurralde bakoitzean dituzten azpiegiturak, egingo dituzten test horietan positibo ematen duten pertsonak bakartzeko nahikoa toki izan dadin.

Asmo gehiago iragarri ditu beste behin Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzaren hedapena gutxitzeko. Eguerdian bilera egin du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta jakinarazi die milioi bat test azkar egingo dizkietela sintomarik ez duten herritarrei. Test horiek gaur edo bihar iritsiko direla gaineratu du.

Hala, test horietan positibo ematen dutenak bakartzea da asmoa. Horregatik, erkidegoei eskatu die zerrendatzeko, apirilaren 10a baino lehen, zein azpiegitura dituzten isolamendurako, publikoak nahiz pribatuak; kiroldegiak, aterpetxeak, hotelak eta halako eraikinak izan daitezke. Toki horietara bideratuko lituzkete beren etxeetan bakartuta egoterik ez duten pertsonak.

Espainiako Gobernuak atzo bertan hartu zuen beste erabaki garrantzitsu bat: konfinamendua hamabost egun gehiago luzatzea, apirilaren 16ra arte.

Sanchezek nabarmendu zuen konfinamendua altxatutakoan ere jarraitu egingo duela seguru aski alarma egoerak, horrekin ez delako bukatuko krisialdia. Umeak etxetik irteteko edo kirola egiteko aukerarik ez zuen aipatu Sanchezek, ezta maskaren erabileraren gaineko neurririk ere.

Bestalde, industriaren geldialdia ez luzatzea erabaki zuten; Aste Santuaren bukaerara arte ezarri zuten ezinbestekoak ez ziren aktibitateak eteko neurria, eta horri ez diote luzapenik emango.