Koronabirusa Azpeitian

Beste bi kasu positibo baieztatu dituzte Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 5a, 15:47

Azken orduetan atzemandako bi horiekin, guztira zortzi dira herrian COVID-19 gaitza dutela baieztatutako herritarrak. Urola Kostan hamar kasu berri zenbatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren datuen azken eguneraketan: Azpeitiko biekin batera, sei Zarautzen, eta bana Azkoitian eta Zumaian. Guztira, dagoeneko 147 dira gaixotasun hori dutenak eskualdean.

Azpeitian bi positibo gehiago baieztatu dituzte azken orduetan, eta horrenbestez, guztira zortzi dira COVID-19 gaitza dutela baieztatutako herritarrak, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Urola Kostan hamar kasu berri zenbatu dituzte datuen azken eguneraketan: Azpeitiko biekin batera, sei Zarautzen, eta bana Azkoitian eta Zumaian. Zarautz da koronabirus kasu gehien duen eskualdeko herria, 80 lagunekin; Zumaian, guztira, 33 herritarrek dute gaitza; eta Azkoitian, berriz, zazpi herritarrek. Gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Hau da, atzotik gaurrera ez dute kasu positibo berririk atzeman. Beraz, Orion hamar herritarrek dute gaixotasuna; Getarian eta Zestoan, hiruna herritarrek; Aian, bik; eta Aizarnazabalen kasu positibo bakarra dago. Beizaman eta Errezilen, berriz, oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horrenbestez, dagoeneko 147 dira gaixotasun hori dutenak eskualdean. Horiek dira betiere Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialak; izan ere, gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.

11.701 kutsatu Euskal Herrian

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta 693 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, beste 542 kasu positibo atzeman dituzte, eta 45 heriotza berri zenbatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 441 pertsonek. Denera, 8.628 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 38 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Lurraldeka, berriz, Bizkaia da COVID-19ak gehien astindu duen lurraldea, 4.489 gaixoturekin eta 242 hildakorekin; Araban 2.639 lagunek dute gaitza, eta 194 herritar dira hildakoak; Nafarroan 3.073 kutsatu zenbatu dituzte, eta 178 dira hildakoak; eta Gipuzkoan 1.500 dira gaixoak eta 79 pertsona hildakoak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.