Koronabirusa Azpeitian

Ane Gil: "Esan digute ETB3 sortu zenetik audientzia handiena lortu duen saioa izaten ari dela"

Uztarria.eus 2020ko api. 5a, 18:56
Ane Gil (eskubian), 'Bitartetan, etxetik ikasten' saioan.

Irakaslea da Ane Gil (Azpeitia, 1993). Pandemiak dena hankaz gora jarri aurretik, Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) eskolan ari zen lanean ikasturte honetan, hango 3 eta 12 urte arteko haurrei musika eskolak ematen. Orain, beste hainbat irakaslek bezala, etxetik jarraitzen du eskolak ematen. Baina, gainera, esperientzia berri batean murgildu eta telebistan ere hasi da ikasleentzat lanean, Euskal Telebistak ETB3 katean aste honetan bertan martxan jarri duen Bitartean, etxetik ikasten saioan.

Zein da Bitartean, etxetik ikasten saioaren helburua?

Beste telebista batzuk, Espainiako telebista publikoan La 2 eta Clan, esaterako, horrelako saioak egiten hasita zeuden. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta ETBk elkarlanean egin dute eta sortu da baliabide gabeko umeei klaseak jasotzeko aukera emateko. Ume asko daude ordenagailurik ez dutenak; etxean ordenagailua duten beste batzuek ezin dute erabili, gurasoek behar dutelako; eta Internetik ez dutenak ere badaude. Helburua da ume horien behar akademikoak era batera edo bestera asetzea, eta horretarako baliatzea telebista.

Nolatan sortu zaizu zuri saioan parte hartzeko aukera?

Eskolako zuzendariak deitu zidan, saiorako irakasle bila zebiltzala-eta proposamena eginez, baina erantzuna berehala behar zutela esanez; goizean deitu bazidan, arratsalderako behar zuten erantzuna. Oso bat-batekoa izan zen dena; saioa egitea astelehenean erabaki bazuten, asteazkenean grabatzen hasiak ginen jada. Beraz, pentsatzeko denborarik ere ez ziguten eman ia. Niri proiektua gustatu egin zitzaidan eta baiezkoa eman nuen, zer etorriko zen jakin gabe. Lan boluntarioa ari gara egiten irakasleok saioan.

Azaldu ezazu saioaren funtzionamendua. Zer eskaintzen duzue? Eta nola?

Sinplea da. Egunero, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:00etara ematen dute saioa, eta egunero ikasgai desberdinak lantzen dira: astelehenetan hizkuntzak, euskara eta ingelesa; astearteetan, matematika eta gorputz hezkuntza; asteazkenetan, natur zientziak eta gizarte zientziak; ostegunetan, matematika eta arte hezkuntza, musika eta plastika; eta ostiraletan berriro euskara eta ingelesa. Lehen Hekuntzako lehen eta laugarren maila arteko ikasleei bideratutako eskolak dira berez; 6 eta 8 artekoentzako atal bat eta 8 eta 10 urtekoentzat beste atal bat daude egunero, horrela antolatu dituzte emankizunak. Baina etxean eta telebista bidez jasotzen dutenez, ikasleek nahieran jarraitu ditzakete saioak, noski, edukiak berez bereiztuta dauden arren.

Horrez gain, egunero-egunero, irakurketa batekin hasten dugu saioa. Aurreneko ordu laurdena eskaintzen diogu horri, eta egun bakoitzari dagozkion edukiak ematen ditugun irakasleoi egokitzen zaigu irakurketa horiek egitea ere.

Zure tartea asteazkenetakoa da eta gizarte zientzietako edukiak ematea egokitu zaizu. Zer moduz ari zara moldatzen?

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle ikasketak ditut, eta Lehen Hezkuntzakoen barruan musikan espezialdu nintzen. Oposaketak ere musika adarretik gainditu ditut eta, beraz, aurrerantzean musika eskolak ematea izango da normalena. Baina irakaslea naiz, guztiaren gainetik, eta irakasle naizenez edozein irakasgai emateko prestatuta nago. Alde horretatik, beraz, inongo arazorik gabe. Telebista saio baterako ari gara lanean, hori bai, eta aldaketa edo moldaketa handiena horrek dakarkigu. Nik gizarte eta natur zientziak, bietatik ematen dut; saioan saiatu dira biak bereizten eta gu ere saiatzen gara edukiak bereizten, asko gustatu ez arren.

Noiz, non eta nola egiten dituzue grabaketak?

Saioa emititu baino bi egun lehenago joaten gara grabatzera; nirea asteazkenetakoa denez, astelehenetan. Basurtoko eskolan grabatzen dugu eta egun osoa egiten dugu hantxe sartuta, grabatzen. Momentuz saio bakarra grabatu dut, joan den astelehenean, eta hamar orduz aritu ginen lanean. Izan ere, ez gara aktoreak, irakasleak gara, eta hori nabarmentzea nahi nuke. Ez gaude ohituta kameren aurrean jardutera. Esperientzia berria da niretzat eta horregatik eman nuen baiezkoa, asko ikas dezakedala iruditzen zaidalako.

Eta zer moduzkoa ari da izaten esperientzia?

Kontuan hartu behar da tokatu zaigun egoera. Koronabirusa hedatzea saihesteko protokoloa ari gara jarraitzen gu ere, eta dauzkagun baliabideak juxtukoak dira. Gela batean egon daitekeen gutxieneko pertsona kopurua ezarrita dago eta hori zaindu egiten da.

Aurreneko astea bete du saioak. Ba al dakizu zer moduzko harrera izan duten hasierako emanaldi horiek?

Ikaragarrizko arrakasta izaten ari da, horrela jakinarazi digu saioaren koordinatzaileak. Ni ez naiz aditua telebisten audientzia kontuetan, ez dakit zer den asko eta zer gutxi arlo horretan, baina esan digute ETB3 sortu zenetik audientzia handiena lortu duen saioa izaten ari dela. Azkenean, denok gaude etxean sartuta egunotan, eta saioa bereziki baliabiderik ez duten umeekin pentsatuta egiten bada ere, beste edozein umek ikus dezake. Saioa ikusteaz gain, ikusleak erantzuten ari direla ere antzematen dugu. Whatsapp zenbaki bat daukagu, saioan proposatzen dizkiegun ariketen eta erronken erantzunak horra bidaltzera gonbidatzen ditugu, eta zoratzen ari dira mezuez arduratzen direnak, pila bat ari direlako jasotzen. Argazkiak, audioak, bideoak... denetarik bidaltzen digute. Horixe da bilatzen genuena, etxetik ikusten gaituzten ikasleekin interakzioa sortzea. Garrantzitsua iruditzen zait aipatzea, ikasleei proposatzen dizkiegun erronkak, esperimentuak edo eskulanak beti izaten direla edozeinek etxean eskura izan ditzakeen materialekin egiteko modukoak.

Bitartean, etxetik ikasten saioan egiteaz gain, zeure ikastetxeko ikasleei ere ari al zara etxetik eskolak ematen?

Bai, bai, telelanean ari naiz, telebistakoa extra bat da. Bataren eta bestearen artean, arnasarik hartzeko betarik gabe nabil ia. Neure betiko lanak igoal-igoal jarraitzen du, eta gainera, telebistarako dena prestatu behar. Nik astean behin grabatzen dut horrela tokatu zaidalako, baina beste batzuk astean bitan joaten dira grabatzera, beraz... Saio bakoitza hiru ordukoa da eta hiru ordu horiek betetzea da zailena. Gelan fitxa bat bana dezakezu eta "bost minutu dituzue fitxa betetzeko" esan, baina telebistan ezin duzu hori egin. Aurreko lan asko eskatzen du saioa prestatzeak. Prozesu hau ari zait laguntzen nire konfort gunetik-edo ateratzen, gauza berriak topatzen, beste modu bateko materialak, zeozer erakargarriagoa edo telebistarako modukoak diren formulak lantzen, edo saiatzen, behintzat. Baina neurria hartu behar diozu, mugak jarri, nolabait, argi daukagu-eta hau ez dela entretenimendu hutseko saio bat. Entreteni dezake, baina hezkuntza da proiektuaren oinarrizko elementua eta ezin dugu edozein eduki eman. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da, asko ari naiz ikasten.

Zure ohiko irakasle lanari dagokionez, nolakoa da zure eguneroko telelana? Zer moduz ikusten dituzu ikasleak?

Ez naiz tutorea, eta ez naiz ikasleekin egunero egoten. Lanak eta materiala bidaltzen dizkiet, zalantzaren bat badute jartzen dira nirekin harremanetan eta nik erantzuten diet, e-postaz. Bideo deiren bat ere egin izan dugu, eta horrela konpontzen gara. Ikasleak, oro har, oso ondo ari dira erantzuten. Hala ere, batzuetan antzematen zaie estututa daudela eta ez diet lan gehiegi bidaltzen. 3 urtetik 12 urte arteko ikasleei ematen dizkiet eskolak, adin tarte zabala da, oso desberdina da lanak bidaltzea 4 urteko bati edo 12 urteko bati; batzuekin saiatu behar zara etxean entretenigarria egingo zaien jolas antzeko lanak bidaltzen, eta besteei zerbait formalagoa...

Eta irakasleontzat, zer moduzkoa ari da izaten 'bitartean, etxetik' aritu beharra?

Gure artean denok ari gara gauza bera aipatzen: nahiago dugula eskolara joatea, aldearekin. Oso zaila da gure lana egunotan egiten ari garen bezala egitea. Egia da, era berean, hasieran ezinezkoa zirudiela eta dagoeneko ohitzen hasi garela. Badakigu ez dela modurik onena, baina hauxe da dagoena eta ez daukagu besterik. Zerbait aurreratzeko modua egiten dugun bitartean, aurrera. Nik neuk nahiago dut eskolara itzultzea, ume giro horretan murgiltzea eta ikasle guztiei matxo pare bat ematea.