Koronabirusa Azpeitian

Aldundiak laguntza emango die egoitzetatik aldi baterako etxeetara itzultzen diren pertsonek

Uztarria.eus 2020ko api. 5a, 11:07

240.000 euroko partida onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, pertsona horiei laguntza teknikoa eta ekonomikoa emateko. Bitartean, egoitzetan tokia gordeko zaie, eta ez diete kobratuko haietatik kanpoan egongo diren denbora. Eskaera egin dezakete mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza zentroetako erabiltzaileek, desgaitasuna duten pertsonen egoitza zentroetakoek eta laguntza duten etxebizitzetan bizi direnek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza emango die adinekoen egoitzetatik aldi baterako etxera itzultzen diren pertsonen senitartekoei. Eider Mendoza foru bozeramaileak atzo jakinarazi zuen pertsona horiei laguntza teknikoa eta ekonomikoa emateko foru agindua onartu duela erakundeak. Eskaera egin dezakete mendekotasun egoeran dauden adinekoen egoitzetako erabiltzaileek, desgaitasuna duten pertsonen egoitzetakoek eta laguntza duten etxebizitzetan bizi direnek. Aldundiak martxoaren 24an onartutako Txoke Planean jasotako neurrietako bat da hori.

Aldi baterako etxera itzultzea eskatzen duten pertsonek etxeko egonaldia errazteko laguntza teknikoak izango dituzte, baita laguntza ekonomikoak ere. Egoitzatik irteten diren egunaren biharamunetik zentrora itzultzen diren egunera arte, hilabetero 424 euroko dirulaguntza jasoko dute 1. eta 2. mailako mendekotasuna duten pertsonek, eta 338 eurokoa 3. mailako mendekotasuna daukatenek. Laguntza horiek egoitza publikoetako, pribatuetako eta zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa jasotzen duten pertsonek eskuratuahal izango dituzte. Gainera, etxera itzultzea eskatzen duen pertsona orori tokia mantenduko zaio egoitzan eta ez zaio handik kanpo egongo den hilabete horietan kuota kobratuko.

Programak laguntza teknikoa eta ekonomikoa zehazten ditu, eta 244.884 euroko partida bideratu du Aldundiak horietarako. Mendozak gaineratu duenez, hainbat familiak egin du dagoeneko eskaera. Datu zehatzak eman ditu hark: "7.000 lagun artatzen dira 240 zentroz osatutako sarean, eta orain arte 150 pertsonak eskatu dute etxera itzultzea. Gehienak desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan daude, eta bizikidetza unitate txikietako egoiliarrak dira".

Atzo beste bi heriotza

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, azken orduetan bi egoiliar hil dira; bat Zarauzko Santa Ana egoitzan eta bestea Tolosako Iurreamendin. Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren berri eman du Aldundiak, eta gogorarazi du 5.425 pertsona artatzen direla horietan. Azken orduetan, gainera, egoitza horietan bizi diren 37 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren proban. Orain arte, Gipuzkoako egoitza sarean 178 kasu positibo atzeman dituzte eta 28 izan dira hildakoak.