Koronabirusa Azpeitian

Plataforma bateratua sortu du Aldundiak COVID-19arekin lotutako laguntzen berri emateko

Uztarria.eus 2020ko api. 4a, 15:51

Jarduera ekonomikoan izandako kalteak arintzeko norbanakoei, autonomoei zein enpresei zuzendutako programa, dirulaguntza eta baliabideen inguruko informazioa plataforma digital bateratu horretan jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "ehun ekonomikoari zuzendutako" online plataforma bat prestatu du: www.gipuzkoa.eus/es/web/covid19ekonomia. COVID-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko abian dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa eskura jarri du erreminta digital horren bidez foru erakundeak. Norbanako, autonomo eta enpresentzako jarraibideak eta orientazioa eskaintzen ditu lau esparrutan: lan osasuna, lan esparrua, laguntza publikoak eta fiskalitatea.

Aldundiak adierazi du plataforma garapen agentziekin eta ehun ekonomikoaren erakundeekin batera garatu duela. "Egoera gogor honetan, ezinbestekoa da langileek, autonomoek eta enpresek ezagutu ahal izatea zer tresna eta baliabide eskaintzen ari garen administrazio ezberdinak eta ekosistemako eragile guztiak, Gipuzkoako jarduera ekonomikoa laguntzeko. Halaber, ezinbestekoa da baliabide horiek modu erraz eta argian eskuratu ahal izatea, dagoen informazio guztia ordenatuz", azaldu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Plataformako informazioa aldian-aldian eguneratuko dutela nabarmendu du aldundiak.