Koronabirusa Azpeitian

Monika Iriarte: "Han norbaitek koronabirusa izan balu, guztiok kutsatuko ginatekeen"

Uztarria.eus 2020ko api. 4a, 13:26

Monika Iriartek (Azpeitia, 1976) ia hiru aste egin ditu itsasontzi batean konfinatuta, Motrilgo (Granada, Andaluzia, Espainia) portuan. Herrira iritsi berri da eta itsasontzian bizitakoez eta bueltako bidaiaz hitz egin du Uztarriarekin.

Zer egiten zenuen Motrilen?

Itsasontzi batean lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta horregatik joan nintzen hara. Urtarrilaren 29an hasi nintzen lanean eta martxoaren 29ra arteko kontratua neukan, eta hori bukatzean, Granadan opor egun batzuk pasatzeko asmoa. Baina koronabirusaren kontuak hankaz gora jarri dizkit plan guztiak.

Zer-nolako itsasontzia da zu lanean aritu zarena?

Melilla eta Motril arteko garraio zerbitzua ematen duen itsasontzia da. Bidaiariak, ibilgailuak eta zama garraiatzen ditu, eta bidaiarientzat zerbitzuak ditu: taberna, jatetxea, eta abar. Ni jatetxean aritzen nintzen. Egunero egiten genuen Melilla-Motril joan etorria: goizean Melillatik Motrilera joaten ginen, arratsaldean Motrildik Melillara, eta gaua Melillan egiten genuen. Itsaso ona dagoen egunetan, bost ordu eta erdi inguru behar dira batetik bestera joateko, eta txarra dagoenetan, gehiago. Beraz, egun guztia itsasoan pasatzen genuen. 70 bat lagunek osatzen genuen eskifaia eta itsasontzian bertan bizi ginen.

Hara joan zinenean, artean, urrutiko kontua zirudien koronabirusak, baina denbora gutxian goitik behera aldatu zen egoera. Nola bizi izan duzue itsasontzian?

Egia esan, mundutik nahiko aparte bizi ginen han. Itsasontzian telebistarik ez geneukan eta sare sozialetatik bakarrik iristen zitzaigun informazioa. Lagunekin eta familiakoekin hitz egiten nuenean, harrituta gelditzen nintzen haiek kontatzen zidatenarekin, gu han oso lasai genbiltzalako. Gero, ordea, dena batera etorri zitzaigun gainera.

Konfinamendua ezarri aurretik, itsasontzian hasita al zeundeten koronabirusaren kontrako neurriak hartzen?

Eskuak garbitzeko gelak-eta eman zizkiguten, baina bestelako azalpen gutxi.

Hiru aste pasatu dituzu Motrilgo portuan, horietatik gehienak itsasontzian konfinatuta.

Hala da, bai. Hasieran, ikuskaritza bat egin behar zutelako geldiarazi zuten itsasontzia, eta horretan ari zirela etorri zen konfimamendu agindua. Beraz, han gelditu behar izan genuen.

Konfinamendua ezarri zutenean, ez zenuen pentsatu hona etortzerik?

Berriak bat-batean harrapatu gintuen eta ez nuen erreakzionatzeko denborarik ere izan. Gainera, hasieran esan zuten bi aste izango zirela eta nik beste bi astez han lanean jarraitzeko konpromisoa hartuta neukan.

Nola bizi izan dituzue konfinamendu egunak itsasontzian? Nolakoa zen zuen egunerokoa?

Bakoitzak geure gela geneukan eta han pasatzen genituen eguneko ordurik gehienak. Marinelak itsasontziko mantentze lanak egiten aritu dira, baina beste langile askok ez dugu zereginik eduki, itsasontzian bidaiaririk ez zegoelako. Jatorduak egiteko irteten ginen gelatik eta orduan elkartzen ginen besteekin, denok batera jaten genuelako. Itsasontzian lortu ezin genuen zerbait behar izanez gero, berriz, botikaren bat edo, kapitainak sinatutako baimena behar izaten genuen kanpora irten ahal izateko.

Jatorduetan langile guztiok leku berean elkartzen zinetela esan duzu. Hartzen zenuten higiene neurri berezirik?

Ez, langile guztiok areto handi batean elkartzen ginen eta ordubete izaten genuen otordu bakoitzerako. Nik uste, han neurriak hartzea nahiko alferrikakoa izango zela, eta norbaitek koronabirusa izan balu, guztiok kutsatuko ginela. Itsasontzietako aireztapen sistemak ez dira izaten lehorrekoak bezalakoak; han aire bera denbora askoan ibiltzen da bueltaka.

Noiz erabaki zenuen Azpeitira itzultzea?

Kontratua bukatu zitzaidanean erabaki nuen, konfinamenduaren arauek etxera bueltatzea baimentzen dutelako.

Arazorik izan al duzu bueltako bidaian?

Ez, baina baneukan horren kezka. Motrildik Granadako aireportura joateko bi autobus hartu behar nituen, eta gero bi hegaldi, bata Granadatik Bartzelonara eta bestea Bartzelonatik Bilbora. Zerbitzu guztiak murrizten ari zirenez, nire beldurra zen azken orduan zerbait bertan behera uztea eta erdibidean gelditzea. Dena dela, dena pentsatuta bezala joan zen eta arazorik gabe iritsi nintzen Bilbora. Gehiena kostatu zitzaidana Bilbotik etxera iristea izan zen. Donostiarako autobusaren zain lau ordu egon beharra neukan, eta hura hartuz gero, ez nintzen iristen Azpeitirako azken autobusa hartzera. Beraz, Ertzaintzara deitu nuen eta esan zidaten beste erremediorik ez bazegoen lagunen bati eskatzeko bila joateko, eta hala iritsi nintzen Azpeitira.

Bere txarrean, zu zorteduna zara, herrira itzultzeko aukera izan duzulako. Beste askok itsasontzian gelditu behar izan dute.

Hala da, bai. Nire lankideak izan direnetako asko atzerritarrak dira, kroaziarrak eta marokoarrak, eta mugak itxita daudenez, ez daukate etxera bueltatzerik. Han gelditu dira, auskalo noiz arte.