Aro berrira moldatzen

Uztarria.eus 2020ko api. 5a, 13:51
Maria Jesus Bernaras. (Mailo OIarzabal)

2020a hasi eta berehala iritsi zaio jubilatzeko tenorea Maria Jesus Bernarasi. Ohitzeko betarik ez du izan oraindik. Mailo Oiarzabal kazetariak elkarrizketatu du 37 urtez Azpeitian mediku izan dena, 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian.

"Ez dut deskonexio erabatekoa egiteko denborarik eduki. Oporretan egongo banintz bezala da". Otsaileko azken astean elkartu da Maria Jesus Bernaras (Urretxu, 1956) Uztarriarekin, erretiroa hartu zuenetik hilabete eta erdi ere pasatu ez denean. Urtarrilaren 15ean bukatu zuen familia mediku lanean osatu duen lau hamarkadako ibilbidea. 40 urtez izan da kabezerako mediku, eta ia guztiak, 37, Azpeitian.

"Sentsazioa da gauzak egiteko dauzkazula, lana uzteko garai hori ez dela oraindik iritsi. Arrazionalki bai, buruak esaten dizu bukatu dela eta etapa berri batean zaudela. Baina irrazionalki... Batzuetan, 'ai ama, lanera ez naizela joan!', etortzen zait burura; edo ametsak, pazienteak dauzkadala kontsultan eta ezin ditudala artatu, eta herio batean esnatu. Pentsatzen dut normala dela. Poliki-poliki", sakondu du, bizitzako etapa berria hasi berritan daraman prozesua azaltzean.

Erretiroarekin "bizitzan albo batean utzi ditugun gauza horiek denak berreskuratzeko" aukera ireki zaiola jakinda ere, ez du ezkutatzen bere "alderdi bat penarekin jubilatu" dela. Anbulatorioko lankideak ez ezik, "lana bera" faltan sumatzen du: "Beti esaten nuen, kontsulta erdi bat egiteko aukera eman balidate, larrialdiak kenduz gero, gustura egingo nukeela lana nik. Gainera, pena ematen dit, iruditzen baizait esperientzia asko pilatu dugula, erakusteko asko daukagula, eta aipatutako neurri horretan lanean jarraitzea transmisio lana egiteko modu bat izango litzateke".

Anbulatorio zaharra martxan zela iritsi zen Azpeitira Bernaras, 1983an. Hiru urte ondoren ireki zituen ateak Jose Artetxe kaleko anbulatorio berriak, eta osasun zentro horretan orain arte urte gehien lan egin duen sendagilea da urretxuarra. Azpeitiar askok beste familiako medikurik ez dute ezagutu gaur arte.

Ibilbide luze horren errepasoa egiten hasita, "Azpeitia lanerako herri oso ona" dela azpimarratu du: "Jendeak konfiantza handia eman dit nire lana egiteko. Baloratuta sentitu naiz, benetan esaten dut. Baldintza sozialak ere nahiko onak dira, eta hori oso inportantea da. Lankideekin izan ditudan harremanez harago eta Osakidetzak eman dizkigun tresnez eta baldintzez harago, nire pazienteekin izan dudan harremana zoragarria izan da, gorabeherak gorabehera".

Urretxu eta Valladolid

"Niri amak edo aitak euskaraz hitz egiten zidaten eta nik erdaraz erantzuten nuen. Hori gogorra da esatea, e, baina horrela zen. Kalean hori behar zen". XX. mendearen erdialdeko Urretxu-Zumarragako errealitate soziolinguistikoaz eta umetako bere egunerokoaz ari da Bernaras. 2-3 urterekin hasi zen joaten eskolara, Zumarragako Gurutzearen Alaben ikastetxera. "Guk euskaraz hitz egiten genuen, gure aita horretan oso zorrotza zen. Baina mojek ez ziguten uzten euskaraz hitz egiten. Hainbeste sartu ziguten erdaraz egin beharra... Azpeitian agian ez da hori bizi izan, baina Urretxu eta Zumarraga immigrazio handia jaso duten herriak izan dira. Han, 'kultoa' zen erdaraz hitz egitea, erdaraz hitz egin behar zen. 10 urterekin mojetatik institutura joan nintzen Batxilergoa ikastera, eta han ere dena zen erdaraz, noski". Institutuko urteetan, 13-14 urterekin eta lagun kuadrillak eraginda, hasi zen euskara nolabait berreskuratzen. "Orduan hasi nintzen kontzientzia hartzen, herri ginela, euskaldunak ginela. Orduan hasi ginen geure buruari galdetzen zergatik egin behar genuen dena erdaraz".

17 urterekin utzi zuen sorterria, Valladoliden (Espainia) Medikuntza ikasteko. Unibertsitate publikoetan, hangoa izaten zen normalean gipuzkoarrentzat lehen aukera. "Zigortuta geunden euskaldunak orduan ere. Izan ere, Bilbon bazegoen Medikuntza fakultatea, baina giputxioi ez ziguten uzten hara joaten", kontatu du Bernarasek. Unibertsitate garaiko oroitzapenez eta bizipenez hitz egiten hasi denean, ordea, ezin esan etxetik urrun ibili izanaren damurik duenik. "Bizitzan zehar gauza on asko eduki ditut, baina unibertsitateko garai hori... oso indartsua izan zen", dio. Franco hil baino "urte bat edo bi lehenago" iritsi zen Valladolidera, eta kultur, gizarte zein politika mugimenduak bor-borka bizi zituen unibertsitate giroarekin egin zuen topo han. "Guztira 10.000 bat ikasle baginen, 1.500-2.000 euskaldunak ginen", ekarri du gogora. “Han bai begiak ireki munduari! Kultur taldeak, antzerki taldeak, talde politikoak... denetarik zegoen, baita euskal taldeak ere. Santa Ageda ospatzen genuen; euskaldunok kantuan irteten ginen, izara handiekin, eta dirua jasotzen genuen, e?".

Bidaiak, kirola, historia...

"Ez dago beste munduko ezer" Bernarasen zaletasunetan, hala dio berak. Umetatik gaur arte mantendu duen zaletasunik ba ote duen galdetuta, "bizikleta" erantzun du: "Gaztetxoa nintzela aitari lapurtzen nion bizikleta, berak jakin gabe; barraduna zen eta oso gaizki moldatzen naiz ni barradun bizikletekin, baina bizikletan ibiltzea asko gustatzen zitzaidan".

Erretiroa hartu ondoren egitea gustatuko litzaizkiokeen gauzen artean, berriz, bereziki bi aipatu ditu: historia eta bidaiak. "Amak kontatzen zuen txikitatik esaten nuela mediku izan nahi nuela, baina historia ere asko gustatu izan zait. Nabarraldek on line eskaintzen duen ikastaro bat egiten naiz, adibidez". Araututako historiak eta arlo horretako unibertsitate ikasketek ez dute bereziki erakartzen; "baina ditudan interesen arabera aukeratuta, gustatuko litzaidake mundu horretan sakontzea". Bidaiatzea da betitik gustatzen zaion bestea, orain arte egin duena eta aurrerantzean "egiten jarraitzeko asmoa" duena. Egiptora joatekoa da laster, eta bereziki gustukoak izan zituen Tunisian eta Laponian gozatu zuena errepikatzea ez luke gaizki hartuko.

Ibiltzea, mendia eta eskiatzea, familia eta lagunartea. Denbora zertan inbertitu badu Bernarasek, eta orain, baita dituen asmoak betetzeko denbora ere.