#EtxetikMundura

Olatz Alkorta margolaria, etxetik mundura

Uztarria.eus 2020ko api. 3a, 22:00

Olatz Alkorta margolari azpeitiarra izan da gaur, ostirala, #EtxetikMundura egitasmoko protagonista. Alkortak eskulan bat egin du ikus-entzuleentzat gaurko saioan, balea baten irudiarekin.

Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan ere beste hainbat saio ikusi ahal izan dira gaur. Maxixatzen.eus-en Xabifest DJ-ak emanaldia eskaini du, Zarauzkohitza.eus-en Nagore Aizpurua abeslariak hainbat abesti kantatu ditu, Karkara.eus-en Mikel Aranzabal musikariak saioa eskaini du, eta Baleike.eus-en Chango Munks musika taldearen kontzertua entzun ahal izan da.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela hiru astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!