Olatz Alkortak eskulan bat egingo du gaur #EtxetikMundura saioan

Uztarria.eus 2020ko api. 3a, 17:00

20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Olatz Alkorta margolariaren saioa Uztarria.eus-en.

Olatz Alkorta margolaria izango da gaur, ostirala, #EtxetikMundura egitasmoko protagonista. Azpeitiarrak eskulan bat egingo du ikus-entzuleentzat gaurko saioan, 20:00etan hasita. 

Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela hiru astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!