Koronabirusa Azpeitian

COVID-19 gaitzak sortutako beharrei erantzuteko dirulaguntza emango du udalak

Uztarria.eus 2020ko api. 3a, 15:56

Koronabirusaren krisiak eraginda "egoera ekonomiko zailean" dauden herritarrek dirulaguntza eskatu ahal izango dute udalean. Datorren astetik aurrera egin ahalko dira dirulaguntza eskaerak udalaren webgunean.

COVID-19 gaitzak eraginda, ekonomikoki egoera zailean dauden herritarrak babesteko 362.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaldu du udalak. Udalaren arabera, alarma egoerak "behar berriak" ekarri dizkie herritarrei, eta 2020ko ekitaldiko deialdia egoera berrira egokitu behar izan dute. Datorren astetik aurrera egin ahalko dute herritarrek laguntza eskaera udalaren webgunean, eta zuzeneko arreta ere eskainiko du udalak zalantzak argitzeko; horretarrako, ordea, hitzordua hartu beharko da aurrez, 943-15 71 92 edo 943-54 79 83 telefonoetara deituta.

Dirulaguntzak ebazterakoan, alarma egoerak irauten duen bitartean herritarrek izandako diru-sarrerak hartuko ditu kontuan udalak, eta honako beharrak dira zehaztu dituenak:

• Alokairua ordaintzea.
• Elikagaiak erostea.
• Osasuneko eta farmaziako produktuak eskuratzea.
• Ura, gasa, argindarra eta halako hornikuntzak finantzatzea.

Udalaren dirulaguntza jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dute herritarrek: pertsona baten kasuan, hilabeteko ezingo du 1.040,59 euro baino gehiagoko diru-sarrera izan; bi pertsonen kasuan, 1.335,40 euro baino gutxiagoko diru-sarrera izan beharko dute; eta hiru pertsona edo gehiagoren kasuan, 1.478,11 euro baino gutxiagokoa. Dena den, udalak nabarmendu du eskaera guztiak "banan-banan" aztertuko dituztela. 

Dirulaguntza lerro horren bitartez, pentsio baxua duten adinekoei ematen zaien 1.080 euro arteko laguntza osagarria ere bideratuko da, baita adin txikikoen eskolaz kanpoko jardueretarako beka ere. Horrekin batera, gizarte larrialdietarako dirulaguntzak aurreratu eta urteko lehen ordainketak ere egingo ditu udalak.

Herritarrak babestea helburu

Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, dirulaguntza lerro horren bitartez "herritarrak babestea" eta "duintasunez bizitzeko baliabideak eskura jartzea" nahi dute: "Inork aurreikusten ez genuen egoera baten aurrean gaude. Egunez egun, orduz ordu, aldatzen ari da egoera, eta une bakoitzari ditugun baliabideekin ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzuten saiatzen ari gara". Bestalde, Alkortak nabarmendu du herritar askoren bizi-kalitatean eragina izan duela koronabirusak: "Bereziki, lehendik ere justu zebiltzan horiek larrialdi egoeran daude orain; horiek babesteko baliabideak eta laguntzak jarri ditugu". Horrez gain, alkateak nabarmendu du udala "egoera ekonomiko onean" dagoela "azken urteetako kudeaketa" dela eta, eta "azpeitiarren bizi kalitatean" inbertituko dutela.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, berriz, "zaurgarritasun egoeran" dauden herritarrak "detektatuta" daudela jakinarazi du, eta horiekin zuzenean harremanetan jarriko direla laguntza eskaintzeko. Era berean, zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei udalera laguntza eske jo dezaten eskatu die. Bestalde, Goenagak adierazi du Gizarte Zerbitzuen lana berrantolatu egin dutela: "Hasieratik, pertsona dependienteak izan dira gure kezka nagusia, eta une honetan esan dezakegu beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuta, herritar horiei guztiei banan-banako jarraipena egiten ari garela". Ildo horretatik, koronabirusak sortutako arazoak detektatzerakoan boluntarioen lana "oso garrantzitsua" izan dela azpimarratu du Goenagak.