Olatz Berastegi: "Harremanak sortu eta landu egin behar dira, eta harremanak zainduta eta egonda sendotzen dira"

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko api. 5a, 19:30

Azpeitiko Harremanak hezkuntza elkarteko kidea eta sexologoa da Olatz Berastegi (Lizarraga, Nafarroa, 1975). Konfinamenduan harremanak nola kudeatu daitezkeen azaldu du #EtxetikEtxera bideo-elkarrizketan, besteak beste, Berastegik.

Konfinamendua dela-eta etxean 24 ordu egotea nola kudea daiteke bikote harremanetan?

Egia da ez dela erraza hori kudeatzea. Nik kontsultan ditudan bikote batzuk deika ari zaizkit dagoeneko. Hainbat faktore hartu behar dira kontuan; lanean ari garen edo ez, telelana dugun edo ez, etxeak zer aukera ematen dizkigun bakarrik edo bikotearekin egoteko eta abar. Nik uste dut garrantzitsua dela bikoteek ulertzea bizi dugun egoera hau zaila dela, eta batzuetan tentsio guneak handitu egiten direla. Momentu pertsonalak ere behar ditugu, aukerak ditugun heinean bakarrik egoteko nahiz bikotearekin egoteko.

Koronabirusaz ez kutsatzeko musuak, besarkadak, eta oro har, kontaktua saihesteko eskatu dute erakundeek. Nola gaindi daiteke egoera hori?

Oso zaila da. Etxean bagaude eta koronabirusaz kutsatuta ez gaudela sentitzen badugu, ez zait eramangarria iruditzen kontakturik gabe egotea. Nik, adibidez, etxean umetxoak ditut, eta ezinezkoa iruditzen zait haiekin kontakurik ez izatea. Kanpora joan eta etxera bueltatzean higienea mantentzea da egin behar duguna. Hori egiten badugu, nik uste dut kontaktua izaten jarrai dezakegula, eta gainera, inportantea dela. Izan ere, ez dakit koronabirusarekin hilko ote garen, baina kontaktu ezarekin, behintzat, pentsatzen dut askoz okerrago egongo ginatekeela.

Sexu harremanak etxean egoteak sortzen duen egonezina baretzeko modu egokia izan al daitezke, betiere neurriak hartuta?

Bai, noski. Ez bikoteentzat bakarrik, baita bakarrik bizi direnentzat ere. Gorputzak bi mugimendu ditu, karga eta deskarga, eta egoera honek ohikoa baino gehiago kargatzen gaitu, ez baitugu deskargatzeko espaziorik. Orduan, sexu harremanak deskarga moduan erabil ditzakegu, banaka edo bikotean. 

Bakarrik bizi direnak aipatu dituzu. Ordu asko dira bakarrik egoteko. Zer esango zenieke horiei?

Bakarrik bizi diren horiei esango nieke beren gorputzaz gozatzeko eta tentsioak deskargatzeko oso beharrezkoa dela ukitzea, masturbatzea eta irudimena izatea.

Beste bikote askok bakoitzak bere etxean egin beharko du konfinamendua. Zer egin dezakete horiek?

Gaur egun, bideo-deiek eta sare sozialek besteengana hurbiltzen gaituzte. Horiek hor daude eta erabilgarriak dira. Gauza da, bideo-dei horietan askotan ez dakigula gure irudia nola erabiliko den. Norbait, adibidez, biluzik agertzen denean... Ez da txarra biluzik agertzea, baina ez dakigu guk bidaltzen ditugun bideo horiei zer nolako erabilera emango dioten besteek. Kanpoko begirada horrek beldurra ematen dit. Zaindu egin behar dugu apur bat irudiaren erabileraren kontu hori.

Hain zuzen ere, egungo gizartean gero eta ohikoagoa da Tinder edo halako hitzorduen aplikazioetatik ligatzea. Zein dira aplikazio horien alde onak eta txarrak?

Iruditzen zait alde on asko dituztela aplikazio horiek. Tinderrek nahiz antzerako espazioek aukera ematen digute jendea ezagutzeko. Herritar askok zailtasunak dituzte harremanetarako, eta askorentzat ez da erraza jende berria ezagutzea. Askok esaten dute: "Batek daki nor dagoen horren atzean!". Ba, taberna batean ezagutzen duzun pertsona baten moduan, herritarrak daude plataforma horren atzean ere. Uste dut aukera asko ireki dituztela plataforma berriek, eta jende askorentzat sekulako aukera direla, irtenbide bat; halere, alde txarrak ere ikusten dizkiet. Izan ere, kontsumo gizarte honetan asko kostatzen zaigu harremanak izatea, pertsona bat ezagutzen dugu eta pentsatzen dugu zerbait hobea topa dezakegula; hau da, oso gutxitan ematen diogu aukera pertsona bati ezagutzeko, uste dugulako buruan dugun pertsona txundigarri hori beste uneren batean etorriko dela. Milaka aukera ditugunaren sentsazio faltsu bat dugu. Harremanak sortu eta landu egin behar dira, eta harremanak zainduta eta egonda sendotzen dira.

Orduan sextinga konfinamendua arintzeko eta sexua beste era batera bizitzeko modu bat izan al daiteke?

Bai, baina gertatzen dena da kontuz ibili behar dugula horrekin, bideoak nori bidaltzen dizkiogun eta abar. Garrantzitsua da aurpegia ez erakustea eta anonimotasuna mantentzea. Egia da harreman batean gaudenean pentsatzen dugula besteak zainduko gaituela, baina ikusi dugu harremanak bukatzen direnean edo bat-batean bestearekin haserretzen garenean, kasu batzuetan trataera desegokia eman izan zaiela halako bideoei. Tresna hori izan dadila gure alde, eta tresnak ez gaitzala gu erabili. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu