Koronabirusa Azpeitian

Autonomoen eta enpresa txikien autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko epea atzeratu du Aldundiak

Uztarria.eus 2020ko api. 2a, 11:05

Ekainaren 1era atzeratu du autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea. Aldundiaren arabera, 225 milioi euroko zerga bilketa atzeratzea dakar.

Hainbat neurri hartzen ari dira erakundeak COVID-19 gaixotasuna hedatzea galarazteko alarma egoera aplikatu zenetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du ekainaren 1era atzeratuko duela urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea. Neurria autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei begira hartu du erakundeak. Dena den, neurriak beste zergadun talde batzuei ere eragiten diela azaldu du aldundiak; esaterako, irabazi asmorik gabeko elkarteei.

BEZaren (Balio Erantsiaren Zerga) eta PFEZaren (Pertsona Fisikoen Errentaren Ggaineko Zerga) atxikipenei lotutako zergak dira Gipuzkoako Aldundiak atzeratu dituenak, eta aurreikuspenen arabera, 225 milioi euroren zerga bilketa atzeratuko du.

Aldundiak ekainaren 1era arte luzatu du ondorengo betebeharrak aurkezteko epea ere: aitorpen informatiboak eta laburtzaileak aurkeztekoa zein autolikidazio eta aitorpen ez aldizkakoak aurkeztekoa. Azken asteetan eragile ekonomiko horiekin bilerak egin ditu diputazioak, eta azpimarratu du Gipuzkoako Foru Ogasuna malgutasunez jokatzen eta erraztasunak ematen ari dela alarma egoeragatik sortu diren zailtasunen aurrean.