Koronabirusa Azpeitian

Bisera gehiago osasun langileentzat

Uztarria.eus 2020ko api. 1a, 13:52

Urola Ikastolako irakasle batzuek ere bat egin dute Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatearekin eta osasungintzan erabiltzen ari diren babesentzako uztaiak egiten ari dira, etxean, 3D inprimagailuak erabilita.

3D inprimagailuak, plastikoa eta laguntzeko borondatea. Osagai horiek batuta ari da lanean Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatea, COVID-19 gaitza gurean bere kalterako indarra erakusten eta osasungintzako langileak babeserako materialaren eskasia nabaritzen hasi zirenetik. Komunitate hori hazten joan da eta Azpeitian eta eskualdean ere gero eta gehiago dira beren aletxoa jartzen ari direnak, osasun langileentzako maskarak edota horiek egiteko zatiak fabrikatuz.

Azpeitiko Cortebi enpresakoak ari dira horretan, adibidez, eta Urola Ikastolako irakasle batzuk ere bai; medikuek edota erizainek babesteko erabiltzen dituzten maskaren pantailak egiten dituzte enpresakoek, eta biserak edo uztaiak, berriz, ikastetxekoek.

Izenik ez ematea nahiago izan dute Urola Ikastolako irakasleek, baina bai esku artean duten eginkizunaren gaineko azalpenak. Joan den astetik ari dira lanean, eta horretan jarraitu nahi dute behar den bitartean: "Joan den astean bi arratsaldetan ikastetxean izan ginen irakasle batzuk lehenengo biserak inprimatzen, eta ostegunean ikastetxeko 3D inprimagailua etxera eraman zuen irakasle batek, bisera gehiago ateratzeko aukera eta denbora edukitzeko", azaldu dute, eta nabarmendu dute "irakasle ugari aurkeztu" zirela, laguntzeko prest. "Etxean inprimagailua zuen beste irakasle bat lehenago hasia zen etxean biserak egiten eta arnasgailuen diseinuan laguntzen", gaineratu dute Urolakoek.

PLA, plastiko mota bat, ari dira erabiltzen uztaiak fabrikatzeko. "Inprimagailuak PLA urtzen du, eta geruzaz-geruza pieza osatzen joaten da", azaldu dute 3D gailuak zer lan eta nola egiten duen. Behar duten materiala Internetez lortzen dute. Hiru inprimagailu erabilita, egunean 25 bat bisera-uztai sortzen ari dira Urolako irakasleak. DYAko kideak dira uztaien bila etxera joaten zaizkienak: "Formulario bat bete ondoren, DYAkoak pasatzen dira biserak jasotzera. Entregatu baino gehienez 24 ordu lehenago bisera guztiak desinfektatu eta hamarreko paketeetan sartu behar dira", azaldu dute prozedura irakasleek. DYAkoak arduratzen dira, era berean, maskarak osatzeko aurreko pantailak jartzeaz.

"3D inprimagailu bat eskura duen edonork egin ditzake biserak", diote Urola Ikastolakoek: "Biseren diseinua, desinfekzioa nola egin, bilketa... Informazio dena dago covideuskadi.net webgunean".

Maker lana ez da, ordea, egunotan irakasleok etxean eta etxetik egiten duten bakarra. Ikastetxeak itxita daude, baina ikasketak etenda ez, eta irakasle zein ikasle, bakoitza bere bizilekutik ahalegindu behar. "On line plataforma ezberdinak ari gara erabiltzen, hala nola, Moodle, Classroom, bideo konferentziak... Bi eginkizunak uztartzea ez da zaila. Inprimagailuek denbora behar dute bisera bakoitza inprimatzen, eta bitartean gauza ezberdinak egiteko aprobetxatu daiteke denbora", azaldu dute Urola Ikastolako biseragileek.