Beste egun batez, positibo berririk ez Azpeitian

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mar. 31a, 13:45

Koronabirusak jotako herritarren kopuruak ez du gorabeherarik izan Azpeitian; hiru dira Eusko Jaurlaritzak orain arte baieztatu dituen kasuak. Eskualdean, berriz, hazi egin da kopurua, baina aurreko egunetan baino gutxiago. Urola Kostako herrietan, guztira, 96 lagunek dute gaitza.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren inguruan kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo 20:00ak bitartean Azpeitian ez zuten positibo berririk atzeman. Beste egun batez kutsatuen kopuruak egonkor jarraitu du, beraz. Guztira, hiru dira herrian orain arte hauteman dituzten kasuak. 

Urola Kostan, berriz, hazi egin da COVID-19 gaitzak jotako herritarren kopurua, baina aurreko egunetan baino gutxiago. Bost kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak, atzo 20:00etan eguneratutako datuen arabera. Gaurkoekin, guztira, 96 dira eskualdean birusak erasandakoak. Kontuan izan behar da sintomak dituzten herritar guztiei ez dietela egiten proba, beraz, datu ofizialek diotena baino altuagoa da izatez kutsatuen kopurua.

Bost positibo berri horietatik bi Zarautzen atzeman dituzte. Ohi baino kasu gutxiago atzeman dituzte herri horretan, baina, hala ere, eskualdeko gainontzeko herrietan baino askoz kasu gehiago hauteman dituzte gaur arte: denera, 56. Gainontzeko hiru kasuak Azkoitian, Orion eta Zestoan topatu dituzte. Hala, bost dira guztira gaitzak jotako azkoitiarrak, sei oriotarrak eta bakarra zestoarra. Aian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian ez du gora egin kutsatuen kopuruak eta bi gaixo izaten jarraitzen dute Aian, 20 Zumaian eta hiruna beste bi herrietan. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira, momentuz, COVID-19 gaitzak erasandako herritarrik atzeman ez duten eskualdeko herri bakarrak.

Euskal Herriko datuei erreparatuta, joera baieztatzea zaila bada ere, badirudi jaisten ari dela egunez egun atzematen diren kasu positibo berrien kopurua. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, azken 24 orduetan COVID-19 gaitzak jotako 263 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –56 Araban, 165 Bizkaian eta 42 Gipuzkoan–, herenegun atzemandako kasu positiboak, berriz, 300dik gora izan ziren. Guztira, koronabirusa dutela baieztatutako 6.320 herritar daude hiru lurralde horietan. Nafarroan, bertako gobernuak gaur 11:30ean eguneratutako datuen arabera, 2.305 gaixo daude guztira; atzo ordu berean baino 159 gehiago. Beraz, Hego Euskal Herrian denera 8.625 dira, gaur arte, COVID-19aren proba egin eta positibo eman dutenak, eta horietatik 3.046 daude ospitaleratuta.

Heriotzei dagokienez, azken 24 orduetan 28 herritar hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur arte, 148 hildako izan dira Bizkaian –atzo baino 25 gehiago–, 133 Araban –atzoko kopuru bera–, eta 44 Gipuzkoan –atzo baino hiru gehiago–. Nafarroan, guztira, 113 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz –atzo baino 11 gehiago–, beraz, datu guztiak batuta, Hego Euskal Herrian 438 dira koronabirusaren ondorioz hildako herritarrak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu