Koronabirusa Azpeitian

Monika Juaristi: "Orduak okupatuta izaten saiatzen gara, buruari buelta gehiegi ez emateko"

Uztarria.eus 2020ko api. 1a, 11:00
Monika Juaristi.

COVID-19ak gogor jo ditu Kataluniako hainbat eskualde, eta gune horietako batean, Sant Cugat del Vallesen (Bartzelona), bizi da Monika Juaristi (Azpeitia, 1989). Egoeraren larritasuna ikusita, Juaristik Katalunian gelditzea erabaki zuen konfinamenduan, gertukoak kutsatzeko arriskua saihesteko.

Kataluniako Sant Cugat Del Valles herrian bizi zara. Zein da koronabirusaren egoera han?

Gaur-gaurkoz [martxoak 30], 145 positibo ditugu Sant Cugaten, eta 2.100 kasutik gora eskualdean. Udalak, konfinamenduaz gain, beste hainbat neurri hartu du; adibidez, anbulatorioetako bat espreski koronabirusa duten edo eduki dezaketen pazienteak artatzeko ari dira erabiltzen, horiek bestelako gaitzak dituzten gaixoekin ez nahasteko. Eta kutsatu gabe dauden zahar etxeetako egoiliarrak hoteletara eramango dituzte arriskuak murrizteko. Gainera, herrian zehar drone bat gidatzen dute herritarrei bozgorailu bidez konfinamendua errespetatu beharra dagoela gogorarazteko.

Katalunia foku garrantzitsua bilakatu da egun gutxitan.

Tamalez, bai. Gaurko datuen arabera, Madrilen baino gaixo gehiago daude oso larri hemengo Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Beldurra eta pena ematen dute datuek, amesgaiztoa dirudi honek. Lagun batek ospitale batean egiten du lan, eta kontatu digunez, errealitatea komunikabideetan ikusten duguna baino are beltzagoa da.

Beldurrik-eta sumatzen al duzu horko herritarren artean?

Beldurra baino gehiago, ardura esango nuke. Bi txakur ditugunez, egunean hiru bider ateratzen gara etxetik, eta egia esan, oso jende gutxi ikusten da kalean. Kalean ikusten diren herritar gehienak, gainera, maskarillekin ibiltzen dira. Erosketak egiterakoan ere, orokorrean, jendeak segurtasun tarteak-eta errespetatzen ditu.

Inguruan ba al duzu COVID-19 gaitza duen norbait?

Gertuko lagun batek du gaitza, baina zorionez, ia sendatuta dago. Joan zen astean baieztatu zioten koronabirusa. Kontatu digunez, egun oso txarrak pasatu zituen: 38,5etik gorako sukarra, bularreko mina eta arnas falta izan ditu.

Konfinamendua dela-eta nola ari zara moldatzen lanean?

Banketxe batean egiten dut lan, webguneetako eta aplikazioetako erabiltzaileen esperientzia (UX) arloan. Konfinamendua martxoaren 6an hasi nuen nik, proba moduan. Hilaren 9an, astelehena, berriro lantokira itzuli behar izan nuen, baina asteburuan konfinamendua ezarri zuten justu. Zortea dut, eta telelana egiteko aukera; beraz, alde horretatik koronabirusak ez dit eragin.

Asko aldatu al da zure egunerokoa alarma egoera ezarri zutenetik?

Erabat. Etxean gutxi egotekoak gara, eta orain etxe barruan egon behar dugu 24 orduz. Lanean nagoen orduetan, askotan ahaztu egiten zait egoera zein den, baina… Dena den, nahiko ondo daramagu konfinamendua. Etxean kirola egiten dugu ia egunero, eta lagunekin mahai-jokoetan aritzen gara Skype bidez. Orduak okupatuta izaten saiatzen gara, buruari buelta gehiegi ez emateko.

Pentsatu al zenuen Azpeitira itzultzea egoeraren larritasuna ikusita?

Bat-batean konfinamendua ezarri zuten, eta ez nuen horretan pentsatzeko aukera handirik izan. Gainera, ordurako kasu dezente zeuden hemen, eta ez nuen etxekoak kutsatzeko arriskurik hartu nahi izan.

Nola ikusten duzu Kataluniatik Euskal Herriko egoera?

Hemen baino hobeto zaudete, Urola Kostan batez ere, nahiz eta kasuak egon badauden. Gaitza makalago ari da zabaltzen, eta hala jarraitu dezan espero dut.

Etxekoen falta sumatzen al duzu?

Izugarri. Baina ondo daude, eta hori da garrantzitsuena, horrek lasaitzen nau. Asko hitz egiten dugu telefonoz, eta bideo-dei bidez ikusten dugu elkar. Teknologiari esker, eramangarriagoa da distantzia.

Hemendik aurrera egoerarekin zer gertatuko dela uste duzu?

Horretan gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz. Ez dakit zer gertatuko den, baina oraindik kontu honek luze joko duela uste dut. Hori bai, dakidana da dena pasatzean egingo dudan lehen gauza horra joatea izango dela.