Koronabirusa Azpeitian

Etxean ere kirolari

Uztarria.eus 2020ko mar. 31a, 12:37

Herriko kirolariak ezohiko egoerara moldatu dira, halabeharrez. Ez da gauza bera etxean edo kalean entrenatzea, baina jarraitu egin behar. Beren esperientziak kontatu dituzte Jon Guridi futbolariak, Oier Ibarguren txirrindulariak, Leire Zeziaga igerilariak eta Jon Alberdi pilotariak.

Jon Guridi: "Lehia guztiak amaitzea nahi nuke, eta liga bukatu egingo dela uste dut"

"Martxoaren 14an partida genuen berez, baina ja aste hartan ari ziren esaten ateak itxita jokatuko zirela asteburuko partidak. Azkenean, bertan behera utzi zituzten, eta ordutik nago entrenatu gabe.

Dena den, etxean aritzen naiz entrenatzen: bizikleta estatikoan ibiltzen naiz, pesekin egiten ditut ariketak, mugikortasuna lantzen dut, baita estiramenduak ere. Gutxi gorabehera, ordu eta erdiko saioak egiten ditut egunero. Hala eta guztiz, ez duzu taldearekin eta baloiarekin entrenatzen; hariketa fisikoa soilik egin dezaket etxean, hankak eta gorputzaren kaxa aktibo edukitzeko.

Ez da gauza bera korrika egitea eta ritmo altuan entrenatzea edo etxean saioak egitea. Etxeko ariketa asko geldiak dira, nahiz eta bizikletan izerdia ateratzen duzun. Halere, ez da gauza bera. Izan ere, partidetan eta entrenamenduetan izaten diren erritmo aldaketetara eta exijentzia mailara ezin da iritsi etxean.

Dena dago bertan behera utzita, egoera zaila delako, eta normala da. Denok etxean gelditu eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu egoera hau bideratzeko, horretaz kontziente izan behar dugu. Izan ere, futbol liga martxan hasteko, garbi dugu goerak aldatu egin beharko duela.

Liga bukatu egingo dela uste dut: egoera ikusi beharko da, baina oraingoz, bada ekainean edo uztailean bukatzeko aukera. Astegunetan jokatu beharko ditugu partidak, egutegiak ez duelako ematen eta datorren denboraldia gainera etorriko zaigulako horrela egin ezean.

Egia esan, lehia guzti-guztiak bukatzea nahiko nuke. Igoera eta jaitsiera postuak ez daude oraindik erabakita, eta asko dago jokoan. Ez dakit bukatzen ez badute nola hartu beharko duten igoera-jaitsieren gaineko erabakia.

Ez da erraza izango lehiara itzultzea, erritmo guztia moztu dugulako. Hain zuzen ere, erritmo hori ez galtzeko egin behar ditugu entrenamenduak etxean. Ez dit kezka handiegirik sortzen itzulerak, denok egoera berean egongo baikara".

Oier Ibarguren: "Kanpoan ibiltzera ohituta gaudenontzat oso gogorra da etxean entrenatzea"

 

"Denboraldia hasi berritan harrapatu gaitu konfinamenduak, eta errutina guztia puskatu digu. Itxialdia hasi aurretik, egunean entrenamendu saio bakarra egiten nuen, bi ordu eta erdi edo hiru ordukoa, eta batzuetan baita bost ordukoa ere. Orain, berriz, bizikleta arrabolan jarri eta hor ibili behar izaten dut. Taldeko prestatzaileak egunero bidaltzen dizkigu egunerako pautak. Normalean pare bat saio egin behar izaten ditut orain: goizean ordu eta erdi inguruko saio bat, eta askotan arratsaldean ere bai beste ordubeteren bat. Gainera, etxean egiteko bestelako ariketak ere agintzen dizkigu entrenatzaileak, flexioak eta horrelakoak. Itxialdia hasi aurretik horrelakoak oso gutxi eginarazten zizkigun.

Kanpoan ibiltzera ohituta gaudenontzat oso gogorra da etxean entrenatzea. Ordu erdi bat ondo aguantatzen duzu, baina beti postura berean zaudenez, hango molestiak eta hemengo minak hasten zaizkizu.

Konfinamendua ezarri zuten asteburu hartan lasterketa bat neukan, Aiztondo klasika, eta gainera, egutegian markatutako horietakoa zen, huraxe irabaztea nahi bainuen. Baina lasterketa bertan behera utzi zuten eta ez nuen lehiatzeko aukerarik izan.
 
Gure denboraldia irailaren bukaeran amaitzen da, eta ikusi egin beharko dugu gauzak nola joaten diren. Egia esan, ez dakigu zer gertatuko den. Litekeena da orain bertan behera utzi dituzten lasterketak gero jokatzea, baina litekeena da ez jokatzea ere; ez dakigu ezer, inork ez daki ezer.

Bi asteko itxialdi batek sasoian ez zidan kalte handiegirik eragingo. Hasierako plana hori zen: lehendabiziko astean atsedenaldi txiki bat hartzea eta bigarren astean arrabolan egur pixka bat sartzea, berriz ere lehiatzeko moduan izateko. Geldialdia gehiago luzatu izanak, ordea, sasoian dezente eragingo didala uste dut. Izan ere, puntuan jartzeko kilometro dexente sartu behar izaten ditut nik, eta geldialdiak kalte handia egingo dit".

Leire Zeziaga: "Sasoiari eustea nahiko nuke, baina hori ere zaila ikusten dut"

"Konfinamendua hasi osteko egun hauetan ariketa fisikoa egiten ari naiz. Etxean arrabola daukagu, eta horrek asko laguntzen dit. Core pixka bat ere saiatzen naiz egiten, eta soka saltoan ere aritzen naiz. Ariketa batzuen blokeak egiten ditut, eta bloke horiek errepikatzen saiatzen naiz.

Oraingo honetan sasoiari eustearekin konformatuko nintzateke, baina hori ere oso zaila ikusten dut. Kalera irteten garenean ikusiko dugu zer nolako sasoiarekin gauden, bitartean etxean entrenatzen edo ahal duguna egiten jarraitzea tokatzen da. Nik egiten dudana igeriketa denez, lehiatzeko gaitasunari dagokionez eskas egongo naiz konfinamendua bukatzen denean, justu igeriketa delako egin ezin dudana. Lehorreko ariketak egin daitezke, baina ez daukate zerikusirik igerilekuan edo itsasoan entrenatzearekin. Ez dira gauza bera.

Normalean, ez dut helburuak jartzeko ohiturarik, eta oraingo honetan, are gutxiago. Momentuz bi zeharkalditan eman dut izena, eta ikusiko dugu zer nolako sasoian ailegatzen naizen proba horietara. Beste filosofia batekin hartu beharko ditut lehiaketak egoera honetan, eta disfrutatzearekin nahikoa izango dut.

Nik igeriketa zeharkaldiak egiten ditudanez, ez dut uste arazorik egongo denik horiek egiteko. Izan ere, ekainetik aurrera izaten dira zeharkaldi gehienak. Beraz, espero dut normaltasuna itzultzea ordurako. Baina hori guztia antolatzaileek erabaki beharko dute. Bitartean, egunean egunekoa egin eta egoera ahal den ondoen eramaten saiatu beharko dut, guztiok bezala; ez dago besterik.

Egunotan, etxean entrenatzen ari gara kirolariok, baina uste dut guztioi gero eta zailagoa egingo zaigula etxean entrenatzea denbora aurrera doan heinean. Beraz, animo denoi, eta norberak geure buruari helburu eta erronka txikiak ipini beharko dizkiogu".

Jon Alberdi: "Sasoiari eusteari eta eskuak zaintzeari ari naiz garrantzia ematen"

"Konfinamendua hasi aurretik, astean lautan Beasainera joaten nintzen entrenatzera, eta ia asteburuero izaten nuen partidaren bat. Etxetik irtetea galarazi zutenean, baten batzuek eskatu zuten frontoira entrenatzera joateko baimena, baina ukatu egin zieten; beraz, etxean moldatu beharra daukagu. Zentzu horretan, zorte pixka bat badaukat, eta oraingoz nahiko ondo moldatzen ari naiz, kaletik aparte dagoen etxe batean bizi naizelako eta etxean entrenatzeko nere lekutxoa badaukadalako. Fisikoki sasoiari eusteari eta eskuak zaintzeari ari naiz garrantzia ematen. Egunero aritu behar izaten dugu pilotari kolpe batzuk ematen goxo-goxo etxeko paretaren baten kontra, bestela eskuak bigundu egiten zaizkigulako eta buelta gogorra izango litzatekeelako.

Itxialdia ez nuke esango aitzakia denik, azkenan denok gaude geldirik. Gainera, egoera zein den ikusita, uste dut gelditzea zela egin genezakeen gauzarik onena. Martxoaren 27an hastekoa zen buruz buruko txapelketa. Momentuz ez da txapelketa hasi eta ez dakigu jokatzerik ere izango dugun, uda ere badatorrelako. Nik uste udarako egoera bere onera bueltatuko dela eta udan jokatu ohi ditugun txapelketak arazorik gabe jokatuko ditugula, baina ikusteko dago buruz burukoarekin zer gertatuko den. Normalean San Ferminak baino lehen izaten da buruz buruko txapelketa, eta data horietarako txapelketa bat antolatzea nahiko zaila izango dela iruditzen zait, baina ez dakit, ikusiko dugu zer gertatzen den.

Enternamenduetara itzuli eta bizpahiru astean berriz lehiatzen hasteko moduan izango garela pentsatzen dut".