Valeria Brito: "Atsegin ditut inguruko paisaiak, parkeak eta kaleko lasaitasuna"

Uztarria.eus 2020ko api. 2a, 12:12
Valeria Brito alabarekin, saninazioetan.

Duela bost urte iritsi zen Azpeitira Valeria Brito (Sao Luis, Brasil). Bertan berreraiki du bizitza, eta gogotsu heldu die erronkei. Harekin hitz egin du Maialen Etxaniz kazetariak Hementxe bertan atalerako, 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian.

Noiz eta nolatan etorri zinen Azpeitira?

2015eko udan iritsi nintzen Azpeitira, kontu pertsonalak eta neure buruari jarritako erronkak nahiz konpromisoak tarteko.

Asko kostatu al zitzaizun hona egokitzea?

Bai, hasierako uneak oso gogorrak izan ziren. Dena zen berria: hizkuntza, bizi-ohiturak, administrazioa… Zorionez, denbora gutxian pertsona oso onak ezagutzeko aukera izan nuen, eta haiek ikaragarri lagundu zidaten.

Itxiak izatearen fama dute euskaldunek...

Ez dut ulertzen zergatik esaten den hori. Badago itxia den jendea, baina leku guztietan bezala. Nik ezagutu ditudanak alaiak, sinpatikoak eta atseginak dira, eta, batez ere, eskuzabalak; beti daude laguntzeko eta daukatena emateko prest. Beraz, ezin dut esan lehorrak direnik.

Zer moduz moldatzen zara euskaraz?

Euskararen inguruan hitzegiten dudan bakoitzean sentipen ugari nahasten zaizkit barrenean. Azpeitira iritsi nintzenean ez nekien euskarak existitzen zuenik. Orain, euskaltegian nabil, lagunekin mintzapraktikak egiten ditut, alabarekin haurrentzako euskarazko liburuak irakurtzen ditut eta herriko jardueretan euskaraz parte hartzera animatzen naiz.

Zer atsegin duzu Azpeititik?

Oso herri polita iruditzen zait, eta asko atsegin ditut inguruko paisaiak, parkeak eta kaleko lasaitasuna. Izugarri estimatzen dut kaletik beldurrik gabe ibili ahal izatea. Hori bai, eguraldia aldrebes samarra da...

Nolakoa da zure egunerokoa hemen?

Erizain laguntzailea izateko titulua lortzeko ikasten ibili naiz orain arte, eta dagoeneko lortu dut. Euskaltegira joaten naiz, alabari eskolaz kanpoko ekintzetara laguntzen diot, eta denbora librean lagunekin egotea atsegin dut. Hemen aurkitu dudan gauzarik ederrena dira.

Zer erronka dituzu etorkizunerako?

Bizitza egonkorragoa eta lana lortzea, alabari merezi duen heziketa ematea, euskaraz ondo hitz egitea… Nahi dudana da bizitza duina eta lasaia alabarentzat eta biontzat.