Osteguneko bertso saiorako gai proposamenik bai?

Uztarria.eus 2020ko mar. 30a, 18:53
Ostegunean kantuan ariko diren bost bertsolariak.

Urolako Komunikazio Taldeak bertso saioa antolatu du ostegunerako (18:30), eta herritarrek bihar arteko epea dute kantuan ariko diren bertsolarientzako gaiak proposatzeko. Horiek zuzendaritza@ukt.eus helbidera bidal ditzakete gaiak. Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Jon Gurrutxaga eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariek parte hartuko dute Jon Zalduaren gidaritzapean eskainiko duten saioan. Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango da.

Ostegunean zuzeneko bertso saioa izango da Urola Komunikazio Taldeak (UKT) antolatuta. Ohiko formatua izango du: bost bertsolari ariko dira kantuan, eta gai-jartzaile bat ere izango da. Dena den, izango du berezitasunik: batetik, Hangouts aplikazioaren bidez ariko dira bertsolariak kantuan; eta bestetik, horientzako gaiak bidaltzeko aukera dute herritarrek.

Konfinamendu egoera arintzeko antolatu du saioa UKTk, eta saioaren aurretik ere izango dute entretenitzeko aukera hala nahi duten herritarrek; izan ere, bihar arratsaldera arteko epea dute horiek bertsotarako gaiak proposatzeko. Herritarrek zuzendaritza@ukt.eus helbidera bidali beharko dituzte gaiak.

Jon Zaldua arduratuko da ostegunean Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Jon Gurrutxaga eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariei gaiak jartzeaz. 18:30ean hasiko da saioa, eta Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango da streaming bidez.