Ez dute beste koronabirus kasurik atzeman herrian

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mar. 30a, 13:55

Urola Kostan beste hamahiru positibo zenbatu zituzten atzo 20:00ak arte, baina horietako bat bera ere ez Azpeitian. Horrenbestez, hiru dira COVID-19 gaitzak jotako herritarrak. Eskualdean, berriz, 91 lagunek dute gaitza.

Atzo adina igo da gaurkoan eskualdean koronabirusak kutsatutako herritarren kopurua. Hamahiru kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak, atzo 20:00etan eguneratutako datuen arabera. Horiek aurreko kasuei gehituta, guztira, 91 dira eskualdean birusak erasandakoak. Kontuan izan behar da sintomak dituzten herritar guztiei ez dietela egiten proba, beraz, datu ofizialek diotena baino altuagoa da izatez kutsatuen kopurua.

Hamahiru positibo berri horietatik zazpi Zarautzen atzeman dituzte. Hala, herri horrek eskualdeko kutsatuen zifrarik altuena izaten jarraitzen du, alde handiarekin: 54 dira dagoeneko. Zumaiako kasu positiboen zifrak gaurkoan ere nabarmen egin du gora. COVID-19 gaitza duten bost herritar gehiago hautemanda, 20 dira, guztira, herri horretan atzemandako kasuak. Orion kasu berri bat aurkitu dute, beraz, bost dira denera positibo eman duten oriotarrak. Eskualdeko gainontzeko herrietako gaixotuen kopurua ez da aldatu datu eguneratuetan: Azkoitian lau kasu hauteman dituzte gaur arte, Azpeitian eta Getarian hiruna eta Aian bi. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute oraindik koronabirusak erasandako inor topatu.

Euskal Herriko datuei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, azken 24 orduetan 317 kasu positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –102 Araban, 161 Bizkaian eta 54 Gipuzkoan–, nabarmen jaitsi da hautemandako kasu berrien kopurua eta, guztira, koronabirusa dutela baieztatutako 6.057 herritar daude hiru lurralde horietan. Nafarroan, bertako gobernuak gaur 11:30ean eguneratutako datuen arabera, 2.146 gaixo daude guztira; atzo ordu berean baino 135 gehiago. Beraz, Hego Euskal Herrian denera 8.203 dira, gaur arte, COVID-19aren proba egin eta positibo eman dutenak, eta horietatik 2.921 daude ospitaleratuta.

Heriotzei dagokienez, azken 24 orduetan 32 herritar hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur arte, 123 hildako izan dira Bizkaian–atzo baino zazpi gehiago– 133 Araban–atzo baino 18 gehiago–, eta 41 Gipuzkoan–atzo baino zazpi gehiago–. Nafarroan, guztira, 102 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz–atzo baino hemezortzi gehiago–, beraz, datu guztiak batuta, Hego Euskal Herrian 399 dira koronabirusaren ondorioz hildako herritarrak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu