Androiden eskuragai dago Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren inguruan garatu duen aplikazioa

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mar. 30a, 12:48

'COVID19.eus' du izena, eta herritarren sare bat sortzea du helburu. IOSeko bertsioa datozen egunetan egongo da jaisteko moduan.

Koronabirusa geldiarazteko helburuarekin, COVID19.eus aplikazioa sortu dute Eusko Jaurlaritzak eta EricTel enpresak elkarlanean. Aplikazio hori dagoeneko eskuragarri dago Androiden eta laster prest egongo da IOSen ere. Tresnak OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren eredu bera erabiltzen du.

Osasun Sailaren arabera ‘ebidentzia zientifikoan" oinarrituta dago aplikazioa, eta "berme guztiak" betetzen ditu. Gainera, azpimarratu dute datuak modu "anonimoan" zabalduko direla. Alta emateko, bi gauza soilik beharko dira: posta edo sakelako telefono bat —kontu faltsua ez dela egiaztatzeko— eta posta kodea, erabiltzailea non bizi den jakiteko. Hori guztia anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuarekin.

Aplikazio horrekin, edonork aukera izango du autodiagnostiko baten bidez bere osasun egoera gehitzeko eta bere hurbileko zirkuluarena eransteko: familiakoena, lagunartekoa, lanekoa edo hezkuntzakoa. "Pertsona guztiak elkarrekin konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasuna kontrolatuko dute egunez egun, eta besteen egoera ikusiko dute. Horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko du". Hala adierazi zuen Nekane Murga Osasun sailburuak, aplikazioa aurkezteko egindako agerraldian.

Osasun Sailari eta Osakidetzari modua emango die etxean sintomekin dauden pertsonak gehiago ezagutzeko eta haien berri izateko zuzenean, betiere modu anonimoan, Jaurlaritzak jakinarazi duenez. "Laguntzako osasun profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta birusaren eragin arina edo moderatua duten pertsonei, larriagotze posible bat aurreikusten saiatzeko".

Epidemiologia taldeen lanerako errefortzu gisa ere balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan esku hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte, diagnostikorako eta kontrolerako.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu