Udaberriarekin iritsi da lehen elurtea

Uztarria.eus 2020ko mar. 30a, 14:11

Berandu samar iritsi da aurtengo lehen elurra. Eguraldi iragarpenak zioen gisan, gaur, martxoaren 30arekin, iritsi da, eta Azpeitian gogotik egin du 11:00etatik 12:15 ingurura bitartean. Zuritu ditu bazterrak, batez ere, mendialdean, baina herrigunean ere maluta ederrak ikusi ahal izan dira. Ezohikoa izan da beste behin irudia: kaleak hutsik, eta teilatuak, kaleak nahiz zelaiak zurituta.

Konfinamendua dela eta, auto mugimendu handirik ez da bazterretan, baina errepidera atera behar dutenei tentuz gidatzea gomendatzen die Trafiko Zuzendaritzak. Mendateen egoeraren berri ematen ere ari dira Trafikoa.eus webgunean, eta momentuz garbi daude Urraki, Azkarate eta Mandubia mendateak.

Hainbat herritarrek bidalitako argazkiekin osatu du bilduma hau Uztarria.eus-ek. Argazkiak jasotzen segituko du datozen egun eta orduetan Uztarriak; izan ere, elurra egingo duela dago iragarrita. Horrenbestez, irudiak egiten dituztenek uztarria@gmai.com helbidera bidali ahal izango dituzte horiek.