Teloiaren atzetik...

Uztarria.eus 2020ko mar. 30a, 10:44

Hainbat trikimailuz eta kolore biziz jantzita estreinatu du Ekain Ibargurenek Alejop! ikuskizuna. Halako lan bat taularatzeak badu atzeko lanik, eta horietako batzuk jaso ditu Mireia Galarza kazetariak 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian, Klik! argazki erreportajerako.

Elementuak

Ikuskizunetan askotariko elementuak erabiltzen ditu Ibargurenek, emanaldiak ahalik eta osoenak izan daitezen. Entsegu guztietan ateratzen eta gordetzen ditu gailuak, eta beharrezkoa bada, horiek puntuan jartzen ditu. Musikazalea izan da beti azpeitiarra, eta horregatik erabiltzen ditu gitarra eta klarinetea Alejop! izena duen eta orain gutxi estreinatu duen ikuskizun berrian.

 

Entseguak

Emanaldiak bezain besteko seriotasunez hartzen ditu entseguak pailazo azpeitiarrak. Orduak eta orduak pasatzen ditu malabareak egiten; izan ere, beti saiatzen da teknika hobetzen. Ibargurenek dioenez, entseguetan malabareekin ondo moldatzeak ez du esan nahi, baina, emanaldian ere hala izango denik: "Urduritasunak eta halako faktoreek asko eragiten dute".

 

Txukun jaso

Entseguak amaituta, erabilitako material guztia txukun jasotzen du azpeitiarrak. Guztia jasotzen denbora ematen duela aitortu du, baina hark dioenez, dena "ondo antolatuta" edukitzea gustatzen zaio, ezer ez galtzeko eta ikuskizunaren egunean gorabeherarik ez izateko.

 

Makillajea, garrantzitsua

Emanaldien aurretik patxadaz makillatzea gustatzen zaio Ibargureni. Haren arabera, pailazo baten makillajea jantzia bezain garrantzitsua da, pertsonaia finkatzen laguntzen duelako. Dena den, makillaje sinplea erabiltzen duela aitortu du. Ibargureni kalitate oneko pinturak erostea gustatzen zaio.

 

Prestaketak

Prestaketetako eta ikuskizuna hasi aurreko uneetako urduritasuna saihestezina dela dio Ibargurenek. Hala ere, oholtzara atera aurretik saiatzen da bere pertsonaian sartzen. Hain zuzen ere, kamerinoko ispiluan txantxak egiten dizkio bere buruari, agertokira irten aurreko une hori goxatzeko. Emanaldi aurreko bisitak ez zaizkio asko gustatzen: "Nahiago dut inor ez etortzea, kontzentratzen laguntzen didalako bakarrik egoteak".

 

Agertokira!

Eta dena prest! Agertokiko argiak piztea emanaldia hastear denaren seinale da. Funtzioko beste elementu garrantzitsuetako bat da argiztapena. Alejop! ikuskizunerako, adibidez, argi biziak aukeratu ditu Ibargurenek. Haren arabera, kolore biziak "alaitasuna" transmititzeko hautatu ditu. Estreinakoz joan zen otsailaren 15ean taularatu zuen azpeitiarrak ikuskizun berria, eta Soreasu antzokia jendez leporaino bete zen. Ibargurenek hilabeteak eman ditu ideiak garatzen, baina ikuskizuna hilabete inguruan prestatu duela aitortu du.

 

Emanaldia bukatzean

Ikuskizuna ez da teloia ixtean amaitzen. Ibargureni publikoa ezagutzea eta pertsona horiekin egotea gustatzen zaio. Hori dela eta, emanaldia bukatzean antzoki atarira joaten da argazkiak ateratzera. Txikienak dira, batez ere, pailazoarengana gehien hurbiltzen direnak, baina helduek ere atera izan dituzte irudiak herriko artista ezagunenetarikoarekin.