Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berririk ez dute baieztatu Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko mar. 29a, 15:14

Azken orduetan ere hazi egin da COVID-19 gaitza duten herritarren kopurua Euskal Herrian. Eskualdean ere gora egin du baieztatutako kasuen zenbatekoak: hamahiru gehiago dira positibo eman duten herritarrak. Dena den, Azpeitian ez zuten kasu berririk atzeman atzoko 20:00ak arte. Zarautzen eta Zumaian bosna kasu hauteman dituzte eta Azkoitian, Aian nahiz Orion bana.

Igotzen jarraitzen du egunez egun koronabirusak kutsatutako bailarako herritarren kopuruak. Herenegungo datuekin alderatuta, hamahiru kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak, atzo 20:00etan eguneratutako datuen arabera. Positibo berri horiek gehituta, guztira, 78 dira eskualdean birusa duten herritarrak. Kontuan izan behar da sintomak dituzten herritar guztiei ez dietela egiten proba, beraz, datu ofizialek diotena baino altuagoa da izatez kutsatuen kopurua.

Hamahiru positibo berri horietatik bost Zarautzen atzeman dituzte, eta herri horrek jarraitzen du, alde handiarekin, eskualdeko kutsatuen zifrarik altuena izaten: 47 dira dagoeneko. Zarautzen zenbatutako kutsatu berrien kopuru bera izan da Zumaian; bost positibo gehiagorekin, hamabost dira herri horretan COVID-19 birusa hauteman dieten herritarrak. Aian, Azkoitian eta Orion kasu berri bana aurkitu dute. Horrenbestez, lau dira birusa duten herritarrak Azkoitian eta Orion, eta bi, berriz, Aian. Azpeitian eta Getarian hiruna kasu atzeman dituzte orain arte; atzo eguneratutako datuetan ez zen aldaketarik izan herri horietako kopuruan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, momentuz ez dute koronabirusa duen herritarrik atzeman.

Euskal Herriko datuei erreparatuta, 604 kasu positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (168 Araban, 313 Bizkaian eta 123 Gipuzkoan), eta aurreko egunetako datuekin alderatuta, hiru lurraldeetan jaitsi egin da hautemandako kasu berrien kopurua. Nafarroako Gobernuak 11:30ean eguneratutako datuen arabera, 2.011 dira gaitza duten lagunak. Beraz, Hego Euskal Herrian 7.751 dira COVID-19aren proba egin eta positibo eman duten herritarrak.

Azken 24 orduetan 24 herritar hil dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiako lurraldeetan. Lehen aldiz, Bizkaiak Arabaren hildako kopurua gainditu du: gaur arte, 116 hildako izan dira Bizkaian, eta 115 Araban; Gipuzkoan, berriz, 34 dira zendutakoak. Nafarroan, guztira, 84 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz. Horrenbestez, Hego Euskal Herrian, guztira, 349 dira hildako pertsonak.