Koronabirusa Azpeitian

Beilatoki zerbitzua galarazi du Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2020ko mar. 28a, 19:07

COVID-19aren hedapena saihesteko jaurlaritzak debekatu egin du beilatokiak irekitzea, "hildakoaren heriotzaren kausa edozein izanda ere". Atzo jarri zuten indarrean hartutako neurria. Hileta-elizkizunetara joateko baldintzak indartu dituzte, eta horietara joaten diren pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea bermatzeko eskatu du erakundeak. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak esan du hilotzak errausteko edo ehorzteko aukera izango dela 24 ordu igaro aurretik.

COVID-19aren hedapena sahiesteko helburuz, beilatoki zerbitzua eskaintzea galarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta, horrenbestez, aurrerantzean ezingo dira gorpuak beilatokira eraman, hildakoaren heriotzaren arrazoia edozein izanda ere. Atzo argitaratu zituen Eusko Jaurlaritzak hartutako eta agindutako salbuespenezko neurriaren inguruko xehetasunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta indarrean da atzotik.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du agindutako neurriak "gorpu guztiei" aplikatuko zaizkiela, "pertsonaren heriotzaren arrazoia edozein izanda ere". Beraz, aurrerantzean gorpuak ezingo dira beilatokira eraman. Dena den, erakundeak azaldu du, ehortzi edo erraustu ahal izango direla. Era berean, jaurlaritzak adierazi du "pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera bideratzen den bitartean", gorpuen gaineko tanatopraxia edo tanatoestetikako esku-hartzeak eta garbiketa-jarduerak debekatuta egongo direla. Gainera, hileta-elizkizunetara joateko baldintzak indartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Modu horretan, ezinbestekoa izango da agur-elizkizunera joaten diren pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea egotea.

Ehozketak edo errausketak

Legearen arabera, hil ostean 24 ordu igaro behar dira gorpu bat ehorzteko, errausteko edo zientziari emateko. Koronabirusaren krisiagatik, ordea, aldatzen ari dira arauak. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak esan du bertan behera utzi duela muga hori, eta hilotzak errausteko edo ehorzteko aukera izango dela 24 ordu igaro aurretik ere. Koronabirusarekin hildakoei ez ezik, gainerakoei ere eragingo die.

Heriotza kopuruak areagotzen ari dira koronabirusaren ondorioz, eta Espainiako Osasun Ministerioak adierazi du horri erantzuteko erabakia dela hartutakoa. Salbuespeneko neurria da, eta alarma egoera indarrean dagoen artean egongo da martxan. 24 ordu igaro aurretik ehorzteko, nolanahi ere, senideen onespena beharko da, eta heriotza indarkeriazkoa izan bada ez dute neurri hori aplikatuko —kasu horietan, epailearen esku dago gorpua ehorzteko erabakia hartzea—.