Baieztatutako koronabirus kasu gehiago ez momentuz, Azpeitian

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mar. 28a, 14:09

COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoen kopurua hazi egin da beste behin Euskal Herrian. Halere, eskualdeko positibo kopuruaren igoera nahiko apala izan da beste egun batzuetakoekin alderatuta. Azpeitian, adibidez, atzoko 20:00ak arte ez zuten kasu berririk atzeman. Zumaian eta Orion bina kasu atzeman dituzte, eta beste bana Getarian, Zarautzen eta Azkoitian. Bailaran, guztira, 65 kasu zenbatu dituzte.

Koronabirusaz kutsatutako Urola Kostako herritarren kopuruaren igoerak ez du etenik. Eusko Jaurlaritzak egunez egun ematen dituen datuek joera hori berretsi egin dute; izan ere, atzoko 20:00ak arterako positibo kopuruak gora egin du. Hala eta guztiz, eskualdeko herrietan ez da gorakada hain nabarmena izan: atzo baino zazpi kasu gehiago atzeman dituzte Urola Kostan.

Zumaian eta Orion atzeman dituzte zazpi kasu horietako lau: azken 24 orduetan zortzi kasu izatetik hamar izatera pasatu da Zumaia eta kasu bat izatetik hiru izatera Orio. Aldiz, Getarian, Azkoitian eta Zarautzen kasu bana atzeman dute: Getarian eta Azkoitian hiru dira jada, eta Zarautzen 42. Gainerako herrietan, zifra berarekin segitzen dute: Azpeitian hiru kasu daude baieztatuta, eta Aian bakarra. Bailaran, guztira, 65 kasu zenbatu dituzte. Urola Kostako gainerako herrietan ez dago positibo kasurik. Halere, proba egin dioten herritarren araberakoa da datu hori, eta baliteke Jaurlaritzak kaleratutako datuez haratago, birusa duten herritarrak gehiago izatea.

Euskal Herriko datuak bestelakoak dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera. Azken 24 orduetan 535 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hamalau lagun hil dira. Nafarroan, berriz, 219 izan dira positibo berriak, eta 12 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian, guztira, 6.965 kasu diagnostikatu dituzte, eta 311 pertsona hil dira COVID-19 birusaren ondorioz.

Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea, 2.186 positiborekin; atzo baino 277 kasu gehiago atzeman dituzte han. Nafarroan 1.829 lagun daude kutsatuta, atzo baino 219 gehiago; Araban 1.779, atzo baino 169 gehiago; eta Gipuzkoan 894, atzo baino 89 gehiago. Aldiz, Araba da koronabirusaren eraginez hildako gehien dituen lurraldea: han 109 pertsona hil dira; Bizkaian 103; Nafarroan, 70; eta Gipuzkoan, 29.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan koronabirusa duten 2.549 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 1.121 dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.665 test egin zituzten atzora bitartean, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu