Koronabirusa Azpeitian

Konfinamenduan diren 200 bat herritar ari dira udalaren nahiz boluntarioen laguntza jasotzen

Uztarria.eus 2020ko mar. 28a, 11:42
Boluntarioen lehen bilkurako irudi bat.

Alarma egoera ezarri zenetik, zaurgarri izan daitezkeen herritarrei laguntza eskaintzen ari dira udala eta boluntario sarea. 2.000 bat dei egin dituzte: 70 urtetik gorakoei, menpekotasunen bat dutenei nahiz atzerrian jaiotako herritarrei deitu diete. Batzuekin ezin izan dute harremanetan jarri, baina laguntza behar duenak Gizarte Zerbitzuetara dei dezakeela gogorarazi du erakundeak. Udal langile eta ordezkariak ez ezik, 136 boluntariok osatzen dute elkartasun sarea.

Azpeitiko Udalak eta boluntarioen sareak bi aste pasatu dituzte 70 urtetik gorako pertsonei, menpekotasunen bat dutenei nahiz atzerrian jaiotakoei informazioa eta laguntza eskaintzeko deiak egiten. Erakudeak azaldu duenez, guztira, 2.000 dei baino gehiago egin dituzte COVID-19 birusak sortutako ezohiko egoerari aurre egiteko. Udalaren arabera, dei horiek eginda "behar berriak" identifikatu dituzte, eta 200 bat herritar ari dira egunotan laguntza eskatu dutenei zerbitzuak eskaintzen, hala nola etxez etxeko laguntzaren jarraipena egiten, erosketak gauzatzen, hondakinak ateratzen nahiz sostengu psikologia ematen.

Erakundeak jakinarazi duenez, 70 urtetik gorako herritarrei egindako deietan ikusi dute herriko adineko pertsonak "babestuta" sentitzen direla, eta oro har, familien sostengua dutela horiek. Halere, laguntza eskatu duten herritarrak ere badirelako, jarraipena eskainiko diete horiei konfinamenduak irauten duen bitartean. Bestalde, atzerrian jaiotako 437 herritarren etxeetara ere deitu dute, boluntarioen sarean sortutako ideiari esker: "Ezohiko egoeraren eta arauen berri ematea eta informazioa herritar denengana iristea izan da dei horien helburua".

Hiru kolektibo horietako herritarrekin saiatu da udala harremanetan jartzen, baina hainbat arrazoi tarteko –telefono zenbakirik ez, zenbakia gaizki...– denekin hitz egiterik ez dutela lortu adierazi du. Hori dela eta, hitz egiterik lortu ez duen herritarrei Gizarte Zerbitzuetako telefonoetara (943-15 71 92 eta 943-54 79 83) dei dezaketela jakinarazi die erakundeak. Egunero 24 orduko zerbitzua eskaintzen dute, gainera, Udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefono zenbakian.

Gizarte Zerbitzuak indartu

Gizarte Zerbitzuak indartu egin dituzte azaldu dute udal ordezkariek, eta gainera, ezohiko egoerara egokitzeko beste zerbitzu batzuk ere martxan jarri dituztela azaldu du. Adibidez, menpekotasunen bat duten 400 herritar baino gehiagori deitu diotela azaldu dute. Gainera, eguneko zentroa itxita dagoenez, erabiltzaileei etxean eskaintzen diete arreta, eta eguneko unitatera joaten diren 25 herritarrei egunero deitzen diete telefonoz. Aldiz, 95 herritarrek jasotzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua.

Alkateak azaldu duenez, ezohiko egoerak herritarren beharrak areagotu eta behar berriak sortu ditu. "Boluntarioen bidez indentifikatu ditugu hainbat behar psikologiko, sozial nahiz ekonomiko, eta horiei erantzun eraginkorra emateko neurriak hartu ditugu. Gainera, horiek osatzeko lanean jarraitzen dugu".

Udalak beste bide bat ere jorratu du: koronabirusaren prebentziorako materiala. "Herriko hainbat dendari eta enpresari esker", beharrezkoa den materiala lortu eta banatzen hasi da erakundea. Material hori San Martin egoitzan, anbulatorioan, komentuetako zaharren egoitzetan, farmazietan eta janari saltoki txikietan banatu dute.

Boluntarioei, eskerrak

Koronabirusaren krisia dela eta, herrian sortutako elkartasun erantzuna nabarmendu du Alkortak: "Udaletik behar askori erantzuten ari garen arren, beste hainbati erantzuteko beharrezkoa izan da boluntarioen, merkatarien, enpresen... lankidetza. Alkatearen arabera, "eredugarria" da Azpeitian antolatu den laguntza sarea. Izan ere, sare horretan 136 boluntario ari dira parte hartzen, eta oraindik izena ematen ari diren herritarrak ere badirela azaldu du udalak.

Alkortak herritarren konpromisoa eskertu du, konfinamendu arauak "erantzukizunez" ari direlako betetzen eta erakutsi duten prestutasunagatik. "Badakit boluntario askok beren eguneroko lana, zaintza lanak eta abar uztartu dituztela boluntario lanak egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiet ahalegin horregatik eta beren denbora herrikideei eskaintzeagatik". Boluntarioentzat ez ezik, udaleko langileentzat ere esker hitzak izan ditu alkateak, "herritar guztiei erantzuteko egiten ari diren ahaleginagatik".