Koronabirusa Azpeitian

Xabier Azkargorta: "Denok gaude txertoaren zain, baina bitartean, norbera da koronabirusaren kontrako txerto bakarra"

Uztarria.eus 2020ko mar. 29a, 12:09
Xabier Azkargorta artxiboko irudi batean. (Cabala)

Xabier Azkargorta (Azpeitia, 1953) Bolivian bizi da, Santa Cruz de la Sierran hain zuzen ere, eta gobernuak dagoeneko larrialdi egoera ezarri du han. Hainbat koronabirus kasu atzeman dituzte dagoeneko. Ikasketaz medikua da hainbat urtez hainbat futbol talde entrenatu dituen azpeitiarra.

Nolakoa da egoera Bolivian?

Iristen ari da koronabirusa, nahiz eta neurri gogorrak hartzen ari den gobernua dagoeneko. Gainera, kontuan izan behar da hemen udazkena dela eta bero handia egin duela.

Zer neurri hartu dituzte birusaren hedatzea saihesteko?

Une honetan etxean nago, berrogeialdi bete-betean. Ezin dugu etxetik atera, eta higiene neurri guztiak hartzen ari gara.

Hartu dituzten neurriak egokiak iruditzen al zaizkizu?

Egokiak direla uste dut. Dena den, batzuek neurriak ez dituzten seriotasun guztiarekin hartu. Ekonomia tartean denean, kontuak ez dira errazak izaten batzuetan, eta oraingo agintarien aurrerik Boliviako Gobernuan izan zirenek ez dute onartu nahi bizitzen ari garen berrogeialdia. Hau ez da politika kontua, osasun kontua baizik.

Nolakoa da Boliviako osasun sistemaren egoera?

Oso larria da osasun sistemaren egoera; izan ere, aurreko gobernuak diru gutxi bideratu zuen osasungintzara. Zerbitzua txarra da, ez dago herritar askorentzat egokituta eta jendea larri dago.

Zer informazio iritsi zaizu etxekoengandik horra?

Jendeak uste du Espainian ez diotela behar besteko garrantzia eman koronabirusaren krisiari. Bestalde, badakit adineko jendea hil dela batez ere, beste gaixotasun batzuek zituztenak tartean, eta badakit beste pertsona asko larri daudela.

Birologoa ez zara, baina medikua bai. Nola ari zara bizitzen koronabirusaren krisi honen eboluzioa?

Kontuan izan behar da sare sozialak izan direla krisi honen tartean. Fake news esaten zaien gezur asko zabaldu dira, eta garbi daukat jende lerdo ugari dagoela. Egia, informazioa eta neurri gogorrak behar ditugu pandemia honen kontra borrokan jarraitzeko.

Txinan hasi zen epidemia pandemia bilakatu da. Zuk Txina ere ezagutzen duzu. Hango neurriekin eta gaixo zein hildakoen kopuruekin alderaketak egiten ari dira behin eta berriro. Zer iritzi duzu Txinan birusari aurre egiteko erabili duten moduaz eta beste herrialdeak erabiltzen ari direnaz?

Txinarekin egiten den edozein konparaketa da alferrikakoa. Han gauzak beste era batera egiten dituzte, bai neurriak hartzerakoan, bai aurrera jarraitzeko.

Zein dira krisi honetatik atera beharreko irakaspenak?

Denok gaude txertoaren zain, baina bitartean, norbera da koronabirusaren kontrako txerto bakarra. Zaindu egin behar dugu. Adibidez, Azpeitia azpeitiarren bitartez zaindu behar da. Beraz, behar den bitartean, gelditu etxean.