Koronabirusa Azpeitian

Regla Hernandez: "Herritar guztientzat egingarriak diren ariketak prestatzen saiatzen naiz"

Uztarria.eus 2020ko mar. 28a, 11:00
Regla Hernandez etxeko balkoian.

Konfinamenduak ez du esan nahi etxean eta geldirik egon behar denik. Kirola etxera eramateko ahaleginean dira azken asteetan herritar ugari, eta beste batzuk balkoietara eraman dute. Kasu horietako bat da Regla Hernandezena (Habana, Kuba, 1969). Zumba irakaslea da, baina itxialdia dela-eta etxean da bera ere. Salbe auzunean bizi da, eta etxeko balkoian zumba saioak eskaintzen ditu astean bizpahiru aldiz. Arrakasta izan du haren ekimenak.

Nolatan hasi zinen balkoitik zumba saioak eskaintzen?

Dena modu naturalean sortu zen. Joan zen martxoaren 21ean, semearekin jolasean ari nintzen balkoian, musika jarrita genuela. Semea zerbaitetara mugitu zen, eta nik estiramenduak egiteko aprobetxatu nuen. Musikarekin, baina, dantzan hasi nintzen, eta aurreko bizilagunak ere hala hasi ziren. Orduantxe erabaki nuen saioekin hastea.

Noiz eskaini zenuen lehenengo saioa?

Larunbat hartako dantza saioaren ostean, igandean, asteartean eta ostegunean egin genituen aurrenekoak. Eta gaur ere eskainiko dut 12:00etan hasita. Astearte eta ostegunetan arratsaldean egiten ditugu, eta zapatu eguerdian ere bai. Beti ere, eguraldiak laguntzen badu.

Zumba irakaslea zara, baina nola moldatzen zara saioa balkoian eskaintzeko?

Saio hauek, noski, ez dira kiroldegian ematen ditudanen gisakoak. Bizilagun batek utzi dizkit musika gailuak, eta horiei esker, Etxebeltz-Izarrako bizilagunengana ere iristen da Salbe auzunean jartzen dudan musika. Zumbak jendea animatzea eskatzen du, eta hori ere egiten dut, jendeak goza dezan. Dena den, saioa balkoian egiteak aparteko lana eskatzen du, batez ere, musika eta koreografiak aukeratzeko orduan. Gainera, herritar guztientzat egingarriak diren ariketak prestatzen saiatzen naiz; izan ere, umeak, adinekoak... edonor ateratzen da balkoietara. Dena den, gozatu egiten dut herritarren irribarreak ikustearekin.

Zer alde dago igerilekuan eskaintzen dituzun saioekin alderatuta?

Alderik handiena da igerilekuan ikasleak gertuago sentitzen ditudala eta horiekin dudan elkarreragina zuzenagoa dela: hobeto entzuten didate, saioak beste modu batean gida ditzaket... Saioak desberdinak dira, batez ere, parte-hartzaileek ez dizkidatelako hankak ikusten. Horregatik, gorputzaren goialdea lantzen saiatzen naiz zumba doinuekin. Gorputz osoa mugitzea faltan sumatzen dut balkoiko saioetan, baina... Bachata, cha-cha-cha eta salsa doinuak asko gustatzen zaizkit, baina balkoian ezin ditut egin. Dena den, herritarrak gertu sentitzen ditut abesti bakoitza bukatzean jotzen dituzten txaloei esker.

Herritarrak animatu dira, beraz, zure saioetara?

Giroa berotzeko musika jartzen dut aurrena, eta hizketan hasten naiz. Orduan hasten da jendea balkoietara irteten. Badira hutsik egiten ez duten herritarrak ere. Beste batzuek, berriz, lanera joan behar dutela eta saioan ezingo dutela parte hartu esan izan didate. Nire bizilagun izan nahi dutela dioten herritarren Whatsapp bidezko mezuak ere jaso ditut.

Konfinamendua bukatu bitartean jarraituko al duzu saioak ematen?

Bai, eta balkoiren batera gutxienez pertsona batek irteten duen bitartean. Herritarrei gorputza mugiarazteko eta egungo egoeratik deskonektatzen laguntzeko prest egongo naiz, saio gehiago nahi ez dutela esaten ez didaten bitartean.

Itxialdi egoera honetan, garrantzitsua al da kirola egitea?

Bai, oso. Egunerokoan sartu behar da kirola pilak kargatzeko, arazoez ahazteko eta abarretarako balio duelako. Zumba saioetan aktibatu egiten dugu gorputza, eta une dibertigarriak eta atseginak pasatzen ditugu. Kirolarekin bizitza kalitatea hobetzen da. Horri lotuta, astean bitan edo hirutan egiten ditugu saioak, ez baita kontua egunero musika izugarrizko bolumenean jartzea; gainerako bizilagunekin ere pentsatu egin behar da.

Zer moduz daramazu konfinamendua?

Horixe da birusari aurre egiteko modu bakarra, eta egia esan, kalera ateratzea asko gustatzen zaidan arren, oso ondo daramat egoera. Egunerokoa oso zehaztuta daukat: goizean estiramenduak egiten ditut, gero kozinatu egiten dut, eta zerbait garbitu ere bai. Dena den, lasai ari naiz hartzen; izan ere, garbi daukat etxe guztia garbitzeko astia izango dudala. Arratsaldeak, berriz, zumbari eskaintzen dizkiot: koreografiak prestatzen ditut Youtubeko kanalerako eta ikastaro bateko saioak ere hartzen ditut. Egunen batean lanera itzuliko gara, eta etorkizunerako saioak ere prestatzen ari naiz. Iluntzerako eta gauerako, berriz, ez dago familiakoekin egotea, liburu on bat irakurtzea eta atseden hartzea bezalakorik.

Kirolak laguntzen al du animoari eusten?

Ni oso baikorra naiz, eta saioetan ere horixe transmititzen saiatzen naiz. Zumbak animoari eusten asko laguntzen dit. Musikak, oro har, bizia ematen dit, eta indar hori jendeari helaraztea lortzen badut, ni gustura.