Koronabirusa Azpeitian

Urola Kostako herri gehienetan daude koronabirusa duten herritarrak

Uztarria.eus 2020ko mar. 26a, 15:23

Azken orduetan beste launa kasu atzeman dituzte Zarautzen eta Zumaian, eta Oriora ere iritsi da gaitza. Dagoeneko 49 dira eskualdean baieztatutako kasuak. Azpeitian ez du gorabeherarik izan kutsatutakoen kopuruak; baieztatutako bi kasu daude.

Koronabirusak eskualdean duen eragina egunetik egunera handiagoa da. Geroz eta herri gehiagotan daude gaitza duten herritarrak eta geroz eta gehiago dira kutsatutakoak. Eusko Jaurlaritzak gaur eman dituen datuen arabera, dagoeneko baieztatutako 49 kasu daude Urola Kostan, atzo baino bederatzi gehiago. Horietatik gehienak Zarautzen daude, 34, hain zuzen. Herri horretan lau kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan. Zumaian ere beste horrenbesteko hazkundea izan du kutsatuen kopuruak: atzo hiru ziren eta gaur, zazpi. Eta Oriora ere iritsi da gaitza; lehendabiziko kasua baieztatu dute han. 

Gainerako herrietan ez du gorabeherarik izan gaixorik dauden herritarren kopuruak. Getarian, Azkoitian eta Azpeitian bina herritarrek dute COVID-19 gaitza; eta Aian herritar batek dauka. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik daudenak.

Eskualdeko egoera okertzen ari bada, zer esanik ez Euskal Herrikoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguerdian berritu dituzte koronabirusaren bilakerari dagozkion datuak, eta haien arabera, azken 24 orduetan 889 kasu berri atzeman dituzte eta 41 herritar hil dira gaitzaren ondorioz. Horrenbestez, dagoeneko 5.387 dira Hego Euskal Herrian baieztatu dituzten koronabirus kasuak eta 229 herritar dira gaitzak hil dituenak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago. Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 40 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez hamar kasu baieztatu direla Lapurdin, Baionako zahar etxe batean bost kasu atzemanda —hiru egoiliar eta bi langile—. Horiekin, gutxienez 5.397 dira gaixorik dauden euskal herritarrak eta 230 hildakoak.

Bizkaia da kutsaturik gehien dituen herrialdea (1.850), baita azken 24 orduetan positibo berri gehien pilatu dituena ere (349). Nafarroan 1.441 lagun daude gaixorik, atzo baino 241 gehiago; Araban 1.145 daude, atzo baino 228 gehiago; eta Gipuzkoan 661 herritarrek dute gaitza, atzo baino 98 gehiagok. Aldiz, Araba da koronabirusak heriotzarik gehien eragin dituena, 94, hain zuzen. Bizkaian, 65 lagun hil dira orain arte; Nafarroan, 49; eta Gipuzkoan, 21.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dutenez, koronabirusa duten 2.023 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 532 dira.