Koronabirusa Azpeitian

Kaleko garbiketa eta desinfekzio lanak indartu dituzte

Uztarria.eus 2020ko mar. 24a, 19:45
Udal langile bat hondakinen edukiontziak garbitzen. (Azpeitiko Udala)

Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak dirauen bitartean "arrisku handieneko" gune publikoak "egunero desinfektatuko" dituela jakinarazi du udalak.

Kaleak, denda inguruak, anbulatorio aurrea, autobus geltokiak, aulkiak, pasabideak eta, bereziki, barandak eta hondakinen edukiontziak. Horiek izendatu ditu Azpeitiko Udalak "arrisku handieneko eremu", eta horietan indartu ditu garbiketa eta desinfekzio lanak. Hain zuzen ere, "egunero desinfektatuko" dituzte udal langileek espazio horiek, hipokloritoa erabilita, koronabirusak eragindako larrialdi egoerak dirauen bitartean.

Lan horiek egiteko, kale garbitzaileei brigadako langileak gehituko zaizkiela jakinarazi du udalak. "Koronabirusari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egitea da udalak momentu honetan duen lehentasun nagusia. Baliabide guztiak horretara bideratuta ditugu eta lehentasuna espazio publikoen garbiketa eta desinfekzio jarraitua egitea da; eta horretan ari gara. Higienea eta garbiketa ezinbestekoa da pandemia honi aurre egiteko, eta kaleak egunero desinfektatzen ari gara", adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.