#EtxetikMundura

Ane Jurado, mundutik etxera

Uztarria.eus 2020ko mar. 24a, 20:57

Ane Juradok Uruguaitik eskainiko du musika emanaldia gaur, asteartearekin. #EtxetikMundura saioan, besteak beste, Txoria Txori abestia kantatuko du azpeitiarrak, gitarrarekin lagunduta. Juradok ez ezik, Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izango dira gaur: Maxixatzen.eus-en Itziar Elias aktoreak, Zarauzkohitza.eus-en Occhi di Farfalla musika taldeak, Karkara.eus-en Iñaki Gurrutxaga bertsolariak eta Baleike.eus-en Igor Goikoetxea disko-jartzaileak eskainiko dituzte emanaldiak.

Bihar izango dute jarraipena emanaldiek; izan ere, herriko beste hainbat sortzaileren saioak prest ditu dagoeneko Uztarria.eus-ek, baita UKTko gainerako hedabideek ere. Dena den, tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!