Ione de la Cruz: "Asko ikasten da beste emakumeengandik"

Uztarria.eus 2020ko mar. 23a, 14:52

Martxoaren 8aren bueltan, parekidetasuna, Azpeitiko errealitatea, indarkeria eta beste hainbat kontu izan zuen hizpide Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Ihintza Elustondok 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian hari egindako elkarrizketa da honako hau.

Urtebete pasatxo darama Ione de la Cruzek Emakumeen Txokoa dinamizatzen. Aurrez, ordezkapenak eta praktikak ere gune horretan egin zituen. Gizarte Hezkuntzako gradua eta Berdintasuneko eta Sexologiako master bana ditu ikasiak. "Interesatzen zait zer den emakume izatea, zer ez, eta horrek barnebiltzen duen dena. Hori lantzeko toki egokia da hau", dio egunero lanean aritzen den Emakumeen Txokoko mahaian eserita.

Zeintzuk dira zure eginkizunak?

Emakumeen Txokoa zerbitzu bat dela uste du jendeak, baina berez udalaren espazio bat da. Parekidetasun arloa kudeatzen duen gune bat da, berdintasunarekin eta ikuspegi feministarekin zerikusia duten edozein gauza landu ahal izateko lekua. Eta nire lana da espazioa kudeatzea. Horrez gain, Emakumeen Mahaia dago, parekidetasun arloko zerbitzuen nahiz egitasmoen inguruan erabakiak hartzen dituena. Nik egiten dudana da han erabakitzen dena martxan jarri, egutegia kudeatu... Gainera, eragileekin harremanak izatea eta harrerako zerbitzua ere nire ardura dira, baita Emakumeen Txokoak antolatzen dituen zerbitzuak kudeatzea ere. Indarkeriarekin zerikusia izan dezakeen kasuren baten berri izaten badugu ere, hemendik egiten dugu bideraketa lana. Horrez gain, emakumeen arteko saretzeak sustatzen saiatzen gara.

Jende askok pentsa dezake Emakumeen Txokoa emakumeentzako gunea dela, baina behin baino gehiagotan esan izan duzue hori ez dela horrela.  

Emakumeen Txokoan badago arlo bat emakumeei bakarrik zuzendutakoa dena: Jabetze Eskolena. Baina gainontzeko gauzak edonorentzako dira. Parekidetasunari eta feminismoari lotutako aholkularitza ematea ere bada nire lana; beraz, edonor etor daiteke hona zalantzaren bat baldin badu edo zerbait galdetzea nahi badu. Herritar ororentzako eta gaian interesa duen edonorentzako gunea da Emakumeen Txokoa.

Azpeitiko emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko tresna bat da Emakumeen Txokoa. Zer beharri erantzuten dio egun tresna horrek?

Garrantzitsuena sentsibilizazioa da. Herrira begirako sentsibilizazioa lortu nahi dugu, gai ezberdinak ekarrita eta horien inguruko ikuspegi eta kritika feministak sortuta. Horrez gain, gizartearen arlo denetan gizonek izan dute lehentasuna, eta emakumeek arlo horiek lasai landu ahal izateko, haientzako gune bat izatea ere beharrezkoa da. Adibidez, oso esanguratsua da aurten antolatu dugun boxeo ikastaroan bi talde sortu direla. Kontua ez da inguruotan boxeoa praktikatzeko aukerarik ez dagoela; oso eremu maskulinizatua da hori, eta emakumeei zaila egiten zaie halakoetan sartzea, nahiz eta badirudien egun edozein tokitara joan daitezkeela. Identitatea txikitatik sortzen da, eta oraindik gehiago kostatzen zaigu emakumeoi espazio mistoetan sartzea. Eta emakumeentzat boxeo ikastaroa antolatuta, lortu dugu ahalduntzea eta sentsibilizatzea.

Emakumeen ahalduntzeari eta autonomiari indarra emateko, zer nolako egitasmoak sustatzen dituzue?

Feminismoaren helburu nagusia da kolektibotasuna eta ahizpatasuna sustatzea. Emakume bakoitzak ez du bere ongizatearekin bakarrik kezkatu behar, emakumeok badugu problematika kolektibo bat. Nork bere burua ahaldunduz, norbere egunerokotasuneko hainbat konturi aurre egingo dio, baina honi guztiari kolektiboan eragin behar diogu. Hori landuko duen gune bat ere bada Emakumeen Txokoa. Denok batera gure burua landuko dugu, baina kolektiboki ere bai.

2011ko irailaren 17an zabaldu zuten Emakumeen Txokoa. Zer ibilbide izan du ordutik gaur arte?

Lehen, adibidez, egun erdiz lan egiten zuen dinamizatzaileak, arratsaldeetan bakarrik zabaltzen zuten Emakumeen Txokoa, astelehenetan itxita egoten zen... Hasiera izan zen hura, baina proiektuak sortzen joan ziren heinean, ikusi zen beharrak handitzen ari zirela eta ordutegia zabaldu beharra zegoela. Orain, goizez eta arratsaldez zabaltzen dugu gunea, eta %75eko lanaldia dut nik. Pixkanaka indarra hartzen joan den proiektu bat da: autoantolaketa taldeak hona etortzen dira, baita Basanderiek talde feministako kideak ere... Guneak zentralitatea hartu du parekidetasunarekin lotutako gaiei dagokienez; oso leku aktiboa bilakatu da. Era askotako emakumeak igarotzen dira hemendik, eta askotariko ekintzak egiten ditugu.

Zeintzuk dira Emakumeen Txokoaren egungo erronka nagusiak?

Alde batetik, garbi dago pareta moduko bat dagoela herritarren eta Emakumeen Txokoaren artean; jendeari oraindik errespetua ematen dio hona etortzeak, jendeak ez daki zehazki zer egiten dugun hemen. Eta jendeak galdetzen dio bere buruari: "Emakumeentzat bakarrik al da?". Bederatzi urte daramatza gune honek irekita, eta oraindik ez dakigu nor etor daitekeen. Hesi hori apurtzea erronka handia da. Eta bestetik, indarkeriaren inguruan lanketa espezifikoak egitea dugu erronka. Egia da guk berez ez daukagula ahalmenik arreta eskaintzeko, baina hau bada gune bat jendeak indarkeriari begira erreferentziazko duena. Ez da parekidetasun arloaren eskumena arreta zuzena eskaintzea; horregatik, guk beste gune batzuetara bideratzen ditugu indarkeria kasuak: gizarte zerbitzuetara edo beste elkarte batzuetara. Aholkularitza eta informazioa ematen dugu guk, eta ahal denean, jarraipena ere egiten dugu.

Agerikoa da gaur egun oraindik gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko asko dagoela egiteko: soldata arrakala, indarkeria... Zein da Azpeitiko emakumeen errealitatea?

Beste denen bera; Azpeitia ez da salbuespena. Zaintza lanetan ari direnak emakumeak dira herrian, eta ikusi besterik ez dago zer egoeratan dauden eta nola ari diren borrokan. Gainera, gurasoen artean eszedentzia hartzen duena emakumea izaten da normalean, baita Azpeitian ere. Edozein lekutan gertatzen direnak hemen ere gertatzen dira.

Indarkeria kasuen inguruko daturik ba al duzue esku artean?

Gugana iristen diren indakeria kasuak identifikatzen ditugu. Askotan emakumeak beraiek ez dira etortzen, baina agian, lagun bat etortzen da bestearen egoera azaltzera. Hemen identifikatzen ditugu indarkeriarekin edo harreman toxikoekin zerikusia duten kasuak; iaz halako zortzi kasu identifikatu genituen. Udaleko Gizarte Zerbitzuetara iristen diren kasuak aparte egongo lirateke.

Halakoetan, nola jokatzen duzue?

Informazioa ematen diegu, eta informazioa erreminta inportantea da. Ez ditugu zuzenean ertzainengana bideratzen; esaten diegu hara joateak zer eragin dezakeen, batzuetan salaketa bat jartzea arriskutsua izan daitekeela... Prozedurak azaltzen dizkiegu. Arreta zuzena ezin dugu eman, baina oinarria aldatzeko egiten dugu lan, eta hori ezinbestekoa da azalean dagoen edo ikusgarria den hori aldatzeko. Noski indarkeriaren kontrako lana egiten dugula, baina ez zuzenean, ez arreta espezifikoan.  

Lehen aipatu duzu hesi bat dagoela herritarren eta Emakumeen Txokoaren artean. Gune horretara joateko pausoa ematera ausartzen ez den jendeari zer esango zenioke?

Etortzeko eta ikusteko; probatzea bezalakorik ez dago. Gizon askok zera galdetzen dute: "Gu ere joan al gaitezke?". Hitzaldietara etor daitezke, baina asko jota, bat edo bi etortzen dira. Berdintasunaren gaia erdi modan dago, baina mundu horretan sartzea kosta egiten da; izan ere, egunerokoan gauza asko aldatzea eskatzen du horrek. Gure egunerokoan eragiten dute hemen lantzen diren gaiek eta gauza asko aldatzea eskatzen dute; eta, agian, ez dugu nahi. Ez dut uste interes falta dagoenik, interesa badago, baina ez dakit zenbaterainokoa den interes hori: ez dakit prest gauden interpela gaitzaketen gauzak entzun eta gero horrekin etxera joateko. Batzuetan gauza batzuek deseroso sentiarazten gaituzte. Gizona baldin bazara, askoz gehiago eragingo dizu hemen entzundakoak eta okerrago sentituko zara. Etorkinen inguruko lanketaren bat egiten dugunean ere antzekoa gertatzen da: agian, birpentsatu egin behar dugu bertan jaio garelako etorkinekiko pribilegio batzuk dauzkagula. Beharbada, konfort egoeratik ateratzea eskatzen du.

Zer ikasi duzu dinamizatzaile lanean daramazun denbora honetan?

Beste emakumeengandik asko ikasten dela. Bakoitza bere etxean burbuila batean egoten da, eta beste batzuekin elkartzen garenean, errealitate ezberdinak ezagutzen ditugu. Emakume etorkinekin edo gazteekin egonda, zure munduan sartzen ez diren gauza asko ikasten dituzu; asko irekitzen zaizu mundua. Bakoitza bere ideiekin eta bere egiarekin bizi gara, baina gero ikusten duzu zenbat egia dauden. Interesgarria da hori.

Gomendiorik ba al duzu herriko emakumeentzat?

Emakumeak asko bultzatzen gaituzte kulpa sentitzera, eta kulparik gabe bizitzen saiatzeko, norbere burua zaintzeko eta ingurua ondo tratatzeko esango nieke.

Martxoaren 8a da hil honetan, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Zertan laguntzen du borroka egun hori ospatzeak?

Errealitatea ikusarazten laguntzen du. Baina zalantza bat ere sortzen da egun horren inguruan; izan ere, zera gerta daiteke: gaur irteten gara kalera, eta bihartik aurrera, dena ahazten dugu. Dena den, azken bi urteotako grebei esker aldea nabaritu da emakumeen ikusgarritasunean. Uste dut oso indartsua dela bi urtez herriko plazan kolore guztietako emakumeak elkarrekin ikustea. Gero, urtean zehar, bakoitzak ahal duen lekutik eta ahal duena egingo du, baina borroka honetan, denak elkarrekin gaude