Koronabirusa Azpeitian

Baieztatutako hamazazpi koronabirus kasu daude eskualdean

Uztarria.eus 2020ko mar. 21a, 16:19

Zarautzen beste bi kasu atzeman dituzte, eta hamahiru dira guztira. Getarian, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian gaitzak jotako herritar bana dago.

Egunetik egunera, geroz eta gehiago dira Urola Kostan koronabirusak jota dauden herritarrak. Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, dagoeneko hamazazpi dira eskualdean baieztatu ahal izan dituzten kasuak. Horietatik gehienak Zarautzen daude, hamahiru; atzo baino bi gehiago. Getarian, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian, berriz, kutsatuen kopuruak ez du gorabeherarik izan atzotik, eta baieztatutako kasu bana daude. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute koronabirus kasurik antzeman, oraingoz. Dena dela, baieztatukoak baino gehiago izan daitezke gaixorik dauden herritarrak.

Urola Kostan ez ezik, Euskal Herrian ere hazten ari da COVID-19 gaitza dutenen kopurua. Guztira, baieztatutako 2.065 kasu daude —atzo baino 333 gehiago— eta 96 dira hildakoak; horietatik hemezortzi, azken 24 orduetan.

Eusko Jaurlaritzak baieztatu du 1.725 direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusa duten herritarrak, atzo baino 260 gehiago. Azken 24 orduetan hamalau lagun hil dira eta dagoeneko 85 dira hildakoak.

Koronabirusak eragindako krisialdia hasi zenetik, Araban baieztatu dituzte kasu gehien, 801 —atzo baino 98 gehiago—; Bizkaian, 651 —atzo baino 112 gehiago—; eta Gipuzkoan, 273 —atzo baino 50 gehiago—. Erietxeetan daude 648 lagun —atzo baino 148 gehiago— eta hamazazpik senda agiria jaso ahal izan dute. Hiru herrialde horietan hildakoak, berriz, 85 dira dagoeneko. Araban 55 lagun zendu dira; Bizkaian, hemeretzi; eta Gipuzkoan, 11.

Nafarroan, berriz, dagoeneko 664 dira koronabirusak jotako herritarrak —atzo baino 71 gehiago— eta azken 24 orduetan lau lagun hil dira; beraz, guztira hamar dira hildakoak. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, gaitzak jotako 222 lagun daude erietxean eta batek senda agiria jaso ahal izan du.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzik, aldiz, ez dago. Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri daudela Baionako erietxean, Lapurdin. Zuberoako gaixoak, berriz, Pauko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil zen zuberotar bat. Atharratzeko emakume bat ere han ari dira artatzen. Horiekin, bederatzi dira orain arte Ipar Euskal Herrian koronabirusak kutsatutako pertsonak.