Koronabirusa Azpeitian

Aitziber Aizpuru: "Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da kirola egitea"

Uztarria.eus 2020ko mar. 22a, 10:30

Koronabirusaren pandemiak goitik behera aldatu ditu herritarren bizitzak, eta horrekin batera amildu daitezke haien elikadura ohitura osasuntsuak. Egoera horren aurrean, hainbat gomendio eman du Aitziber Aizpuru (Azpeitia, 1973) dietista-nutrizionistak. 

Etxean egon beharrak, bizitza ez ezik, zenbaiten elikadura ohiturak ere hankaz gora jar ditzake. Zer izan behar da kontuan halako egoera batean ahalik eta osasuntsuen elikatzeko?

Garrantzitsuena errutina mantentzea da, zalantzarik gabe. Baina 24 orduz lau paretaren artean baldin bagaude, nahiko konplexua da errutinari eustea. Hala ere, uste dut gakoa horretan egongo dela. Egunean zehar egingo duguna idaztea ere gomendagarria da: askotan, idatzita jartzeak gauzak barneratzen laguntzen du. Gainera, garrantzitsua da beti ordu berean jaikitzea eta lo hartzea; hori ezinbestekoa da, bestela, kaos bat bilaka daiteke gure bizitza. Gauza bera gertatzen da jatorduekin: 10:00etan gosaltzen eta 15:00etan bazkaltzen hasten baldin bagara, are kaos handiagoa sortuko dugu. Beti presaka gabiltzalako kexatu ohi gara, eta orain badugu lasai gosaltzeko aukera; halakoak egiteko aprobetxatu behar dugu orain. Gauza pila batez goza dezakegu, eta badirudi denbora guztian alde txarrari begira ari garela. Bi aukera dauzkagu: alde negatiboari edo positiboari begiratzea; hori bakoitzaren aukera da.

Denborarik ez dutelako kexatu egiten dira asko, eta denbora dutenean ere bai.

Ba bai. Eta aprobetxa dezakegu denbora lasai gosaltzeko, baita sekula egiteko denborarik izaten ez dudan krepeak egiteko ere. Kirola egitea ere oso gomendagarria da. Kanpoan kirola egiteko ohitura dugunontzako gogorra da etxean egin beharra, baina ez dago beste aukerarik. Etxe askotan daude bizikleta estatiko zaharrak abandonatuta, eta horiei probetxua ateratzeko garaia izan daiteke. Errezeta berriak probatzeko ere une paregabea da hau: egunotan errezeta berriak prestatzen hasten baldin bagara, trebatu egingo gara, eta sukaldeari gustua hartuko diogu. Aukera pila bat dagoela uste dut: kirol pixka bat egin, etxean atzeratuta dauzkagun gauzak egin, otorduak prestatu, telebista pixka bat ikusi... Eta utz ditzagun azken ordurako sare sozialak, ze bestela, erotu egingo gara. 

Herritarrak etxetik ateratzen ez direnez, oro har, ariketa fisiko gutxiago egiten dute. Beraz, gutxiago jan behar al dute?

Nik beti adibide bera jartzen diot kirola egiten ez duen jendeari: autoa aparkatuta dagoenean ez diogu gasolinarik botatzen, ez duelako behar. Guk behar dugu gutxieneko janari kopuru bat eguneroko metabolismorako, baina ez baldin badugu erretzen, gutxiago behar dugu. Hala eta guztiz, egoera honetan egin daiteke kirola, eta hori azpimarratu nahi dut. Zapatilak jantzi eta Azkoititik buelta bat egiteari, mendira joateari edo korrika egiteari deitzen diogu kirola, baina badaude gutxiesten diren beste ariketa pila bat. Uste dut orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela kirola egitea. Izan ere, kirola egiteak antsietatea erregulatzen du, eta lasaiago sentitzen gara ariketa egindakoan. Egin egin behar da, bai edo bai; ez dugu kirolik ez egiteko aitzakiarik. 

Nola egin daiteke kirola etxean?

Irudimena lantzeko aukera ematen du egoera honek: bizikleta estatikoa, zumba... Erotu gabe, baina egunero ordubetez kirola egitea oso gomendagarria da. Instagramen herritar askok jarri dituzte kirola egiten ageri diren bideoak, eta argi dago aukera pila bat dagoela, komuneko paperarekin eta gabe.

Ariketa eginez gero, elikadurari dagokionez ere, antzeko ohiturak mantendu beharko genituzke?

Hori da. Dena den, egia da, zenbat eta denbora gehiago etxean pasatu, gehiago jateko ohitura duela jendeak. Nik halakoetan, zer jan behar dugun planifikatzea gomendatzen dut, eta planifikazio horren araberako erosketak egitea. Erosten duguna jaten dugu, eta orain, jendeak aitzakia baliatzen du: etxean egon behar dudanez, opilak, txokolatea, zorroko patatak... erosiko ditut. Eta gero, hau eta bestea jan dudalako kexatzen gara. Etxean ez dagoena ez dugu jaten; hori norbere esku dago. Jatea plazera da, eta jan dezagun ederki eta ondo, baina txerrikeriarik gabe. Eta horrek ez du esan nahi gaileta batzuk jan ezin ditugunik, baina zentzua erabil dezagun. Bestela, arazo bikoitza izango dugu: kontzientziako karga jartzen baitzaigu txerrikeria asko jaten badugu.  

Jendea kezkatuta dago berrogeialdian kilo batzuk hartzeko arriskua ikusten duelako. Zer egin daiteke antsietate hori baretzeko?

Ez dut zalantzarik batzuk oso despistatuta ibiliko direla janariarekin. Baina berrogeialdia beste aitzakia bat baino ez da gaizki jateko. Planifikatu eta erosketak horren arabera eginez gero, ez dugu arrisku hori izango. 

Zenbat otordu egitea gomendatuko zenuke?

Hiru eta bost artean; bakoitzak erabakitzen du. Batzuei hiru gutxiegi iruditzen zaie, eta beste batzuek hiru nahikoa dituzte. Hori bai, ez da komeni etengabe zerbait jaten egotea.

Sukaldean aritzeko ere denbora gehiago dute orain herritarrek. Zer errezeta osasuntsu proba ditzakete?

Ni neu ere gauza berriak probatzen ari naiz. Sukaldean gozo eta lasai aritzeko momentua da orain. Sukaldari batek, zera esan zigun ikastaro batean: "Zure amaren edo amonaren zer errezetarekin gogoratzen zara?". Hori entzutean, bakoitzari gauza ezberdinak etortzen zaizkio burura. Ondoren, berriz, zera esan zigun: "Zuen seme-alabei gauza bera galdetuz gero, zertaz oroituko lirateke?". Eta momentu horretan klik egin zuen nire buruak. Pentsatu nuen nire umeek nire errezetekin gogoratu behar zutela. Ariketa hori egiteko momentu ona izan daiteke orain. Eta ez dago ezer berezirik egin beharrik, gure tradizioko edozer plater izan daiteke ederra: txipiroiak saltsan, kroketak... Badirudi halako platerak galtzen ari direla, eta sukalde tradizionala mantendu egin behar dugu. Momentu hauek onak dira horrelako aukerak aprobetxatzeko; momentu ederra da sukaldatu eta gure umeak gure errezetekin gogoratzeko.

Supermerkatuetara beharrezkoa denean soilik joatea gomendatzen dute, jende pilaketak saihesteko. Despentsa ondo antolatzeko, zer aholku emango zenuke?

Erosketa konpultsibo horiek alde batera uztea gomendatzen dut, horrela gehiago jan bakarrik egiten baitugu. Eta edukitzekotan, zalantzarik gabe, lekaleak izatea gomendatuko nuke: lentejak, txitxirioak, babarrunak... Baita zerealak, arrozak, pastak eta halakoak ere. Eta nahiko fruta eta barazki. Gure sistema inmunea indartsu egoteko, bitaminak eta mineralak behar ditugu, eta horiek fruta eta barazkietan dauzkagu. Ez dut esaten beste dena ez denik jan behar, baina fruta, barazkiak eta lekaleak gomendatzen ditut, batez ere. Horrez gain, fruitu lehorrak, patata, arrain izoztua, jogurtak, esnea, haragia, irina, kontserbako frutak... erostea ere gomendagarria da. Beste aholku bat ere emango nuke: lehengaiak erosteko esango nieke herritarrei. Lehengaiak erosten baldin baditugu, kozinatu egingo dugu, eta kozinatutakoa, normalean, prestatuta erositakoa baino osasuntsuagoa izaten da.  

Pazientziarekin eta umorearekin hartu beharko dugu dena.

Bai, bai. Nik uste dut honetatik denok zerbait positiboa aterako dugula, ez dut zalantzarik egiten. Denbora guztian txarrari begira ari gara, eta ingurua frustatuta dago. Begira diezaiegun egoera honek ematen dizkigun aukerei; hori guk egin behar dugu. Beti egoten gara siesta egiteko ametsetan, eta oraintxe da halakoak egiteko momentua. Giro onean egoteko aukera dugu.