Imanol Arregi: "Denak mugiarazten zituen trikitiak lehen"

Uztarria.eus 2020ko mar. 21a, 12:30
(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Plazetan panderoa jotzetik erretiroa hartuta dago Imanol Arregi Iturbide, baina festarako gogorik ez du galdu loiolatarrak. Panderoak mundua eman dio. Nerea Uranga kazetariak 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian hari egindako elkarrizketa da honako hau.

Pandero-jotzailea dela entzutea ez zaio gustatzen Imanol Arregi Iturbideri; hala ere, mundua panderoak eman diola aitortzen du. Aldakako ebakuntza egin eta Azpeitiko anbulatoriora errehabilitazio saioetara bueltaka dabil. Handik bueltan hartu du Uztarria Loiolako Iturbide baserrian. Argazkietarako kolore argiz jantzi dela azaldu du, "gazteago emateko". Plazaz plaza eta txapelketaz txapelketa panderoa jotzen ibili zenean jasotako oroigarri eta argazki asko ez gorde izanaren pena dauka. "Zarauzko Euskal Jai egunera 40 urtez joan nintzelako oroigarri bat ere eman zidaten", esan du.

Plazetan panderoa jotzeari utzita dago, bazkalondoren batean edo bestean besterik ez du jotzen gaur egun. Trikitizalea, dantzazalea eta festazalea da. Umoredun pertsona. "Hitz batek bestea ekartzen dit" esan, eta pasadizoa-pasadizoaren atzetik kontatzen du.

Jakin-min handiko pertsona ere bada Iturbide. Horregatik, bizitzan gauza asko bere kasa ikasitakoa da: idazten, panderoa jotzen edota dantzan.

Anbulatoriora, errehabilitaziora, bueltaka zabiltza. Zer moduz?

Nire ohiturak ez dira formalak... "Zer moduz zabiltza?" galdetzen didatenean, hala erantzuten diet: "Larritasunaren barruan, arin-arin hobera egiten". Baina ondo nabil! Aldakatik bi aldiz operatu naute, eta makuluekin ibiltzen naiz gaur egun.

Loiolako sanjosetarako prest?

Beno, afaria prestatzen badute, ondo! Dantzarako prest nago ni, bikotekide altu samarrarekin dantza egiteko moduan naiz; txikiarekin ez naiz ausartzen, ordea.

Loiolako Errementeri baserrian ibili zinen aurrena eskolan. Gero, Azpeitiko maristetara joan zinen ikastera.

Gaur egun, Garate Anaiaren etxea dagoenaren aurrealdean zegoen Errementeri baserria, eta han neska-mutil denak batera ibiltzen ginen eskolan. Gero, Azpeitira joan nintzen ikastera, maristetara. Baina urte bakarra egin nuen han: aitak min hartu zuen, eta etxean gelditu behar izan nuen. Negar egin nuen, eskola gustatu egiten zitzaidan eta. Ondoren, idazten-eta neuk ikasi nuen, inork irakatsi gabe. Karteletan-eta arreta jarriz ikasi dut ortografia. Gauza guztietan, lorezaintzan eta gainontzeko lanetan, tankeran ibili naiz, neure kasa ikasiz.

Aitaren lekukoa hartuta, Loiolako parkea zaintzea izan zenuen lehen lanbidea.

Bost urtez jardun nuen horretan, baina ez zuten niretzako plazarik sortzen, eta utzi egin nuen lan hura. Gero, Azpeitiko Udaleko brigadatik deitu ninduten lanerako. Hogeitaka urte egin nituen herriko lanetan. Azpeitian dauden ehunetik 90 arbola nik landatutakoak dira. Landareen makina bat kamioikada ekarri nuen Azpeitira! Orain, non zer landatu nuen jakiteko argazkiak ateratzen hasi naiz argazkilari batekin, oroitzapen gisa lagatzeko. Garmendi gainetik Loiolako tren geltokira dagoen hesi berde hori geuk jarritakoa da. Garai hartan, Joxe Mari Bastida zen alkatea, eta hari esan nion  biondaren tokian landare berde eder batek hobeto emango zukeela. Frantziatik ekarri genuen landarea, han merkeagoa zelako, eta hala landatu genuen.

Panderoa, berriz, 16 urterekin hartu zenuen aurreneko aldiz. Sasoi ederra erromeriz erromeri ibiltzen hasteko, ezta?

11 urterekin hasi nintzen baserrian lanean. Beraz, beharko 16 urterekin hasi! Aurretik ez zegoen denbora librerik.

Baina Iturbiden aurretik baziren pandero-jotzaileak.

Osabak-eta pandero-jotzaileak ziren; aita [Patxi] zen onena, hala esaten zuten. 18 urte edukiko nituen gure aitak panderoarekin ikusi ninduenean. Begira jarrita, zera esan zidan: "Ez daukak zorrik nik erakutsi diatelako!". Erantzun nion: "Zorra nik daukat zuk odola eman didazulako". Egia hori da. Panderorako bokaziorik ez badaukazu, lan gogorra da agoantatzeko. Garai bat izan genuen zeinatan egunero ibiltzen ginen panderoa jotzen batean zein bestean. "Umore onarekin etorri al haiz?", galdetzen ziguten askotan, baina beti grazioso eta umore onez egotea ez da erraza.

Hamar senidetan zaharrena zara zu. Anai-arrebetan pandero-jotzaile bakarra al zara?

Ez, anai gazteena [Andoni] ere hasi zen panderoa jotzen, baina berehala aspertu zen hura.

Oinordekorik ba al dator pandero-jotzaile?

Ez dut uste. Seme-alabek esan izan balidate irakasteko, irakatsiko niekeen, baina inork ez zuen ezer esan... Hori norberak eskatuta ez baldin bada, bokazioarekin ez bada eskatzen, gurasoak berak pentsatuta bakarrik ez du balio.

Urrestillako Txikurinean jo zenuen aurrenekoz panderoa. Ordutik, zeure kasa ikasi al zenuen?

16 urte genituela hasi ginen erromerietara joaten. Behin, Urrestillan geunden, Txikurineko atarian, eta Iturbidekoa nintzelako panderoa jotzen derrigor jakin behar nuela esan zidaten. Baina ordura arte eskuan sekula hartu gabe nengoen panderoa. Garai hartan, soinu-jotzaileek pandero bat edukitzen zuten beti, jotzen zekitenei uzteko. Eman zidaten pandero hura, eta jotzen hasi nintzen. Fandangoa jotzen asmatu nuen; arin-arina jotzen ez, ordea. Orduan, ikasteko grina eta ilusioa sartu zitzaizkidan. Sasoi hartan, erromeriara joan eta panderoa inguratzea erraza izaten zen. Baina arin-arina ikastea kostatu egin zitzaidan. Gerora, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak liburu biografikoa egin zidanean, Igitai jolea izenburua ipini zion liburuari. Hori ez ipintzeko esan nien; arrazoia zeukan, ordea, idazleak [2017ko azaroan argitaratu zuten Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak idatzitako liburua]. Baserriko lanetan aritzen nintzenean, igitaia hartu eta panderoa jotzen bezala jarduten nuen. Erraztasuna neukan hatzekin toki txikian panderoaren hotsa ateratzeko.

Panderoarekin hasi eta laster, soldadutzara joan zinen, Donostiara. Gustura joan al zinen?

Bai, horixe gustura joan nintzela! Jesuitengandik ihesi joateagatik eta amarengandik alde egiteagatik, alegia, amari kezka kentzeagatik, joan nintzen gustura soldadutzara. Gure amarentzako guk balsean egitea gizona hiltzea bezalakoxea zen. Jakiten bazuen Zestoan edo Zarautzen dantzan egin genuela, pena hartzen zuen. Akordatzen naiz, Aizpurutxoko taberna batean, Antzuola aldekoan, libre izaten zela balsa dantzatzea; eta bestean, Azkoiti aldekoan, ez. Nik, hara joanez gero, banekien balsa egingo nuela; beraz, amari penarik ez emateagatik, Errezilera joaten nintzen, han sueltoa bakarrik egiten zelako. Behin soldadutzara joanda, Donostiako Konstituzio plazan edo Errenterian dantzan ibilita ere, amak ez zuela jakingo eta, lasai ibiltzen nintzen balsa dantzatzen. Zera pentsatzen nuen: "Eskerrak, ez duk gure ama enteratuko!". Denek neska ederrena nahi izaten zuten dantzarako, eta nik dantza ondo egiten zuena.

Dantzazalea, orduan?

Nik adina dantza egindakoak gutxi izango dira!

Zu panderoa jotzen eta besteak dantzan. Inbidia ederrak pasatuko zenituen...

Behin baino gehiagotan, panderoa utzi eta soinu-jotzaileari hanka ere egin izan nion dantzara.

Trikiti txapelketetan ibili zinen, baita txapelak lortu ere.

Pandero-jotzaile gisa, ofizial, txapelketa batean hasi nintzen. 1970. urtean Trikiti Txapelketa Nagusia antolatu zuten Donostian, eta han parte hartu nuen. Soinu-jotzaile onenaren saria Lajari eman zioten, bikote onenarena Sakabiri eta Egañazpiri, eta pandero-jotzaile onenarena niri. Orduan, panderoa entzuteak ere ikara ematen zidan. Panderoa belarri ondoan jotzen zuten panderistek gozatu egiten zuten beren hotsa entzuten; nik, berriz, ezin nuen. Gustura eta gozatzen aritzen diren horiek dira benetako panderistak, gure osaba Miel zena eta. Panderoak mundua eman dit, baina ni neure buruaren kontrarioa izan naiz. Begiratu zer galdetu zidan behin Laxaro Azkunek: "Hi Iturbide, zenbat aldiz atera huan txapela Lajarekin?". Arrastorik ez nuela erantzun nion. Gero, berak atera zituen kontuak, eta telefonoz deitu zidan txapela hiru aldiz lortu nuela esateko. Nik ez nuen pentsatzen nigatik ateratzen zenik txapela; ni beti dena besteek egiten zutelakoan. Hor okerra eduki dut. Hainbeste egin, hainbeste oroigarri eta opari jaso, eta haiek ez gordetzearen pena daukat. Miren izeneko neska batekin ere irabazi nuen txapelketa: Euskal Herriko soinu-jotzaile on denak han ziren, eta ez daukat orduko argazki bat bakarra ere. Ezer ez dut jaso, horri guztiari garrantzirik ez eman izanaren pena daukat. Hori akats handia da. Horrenbeste urtetan hainbeste txalo jaso bai, baina uste dut neuretzako hiru aldiz bakarrik jaso ditudala. Horrelakoxea izan naiz.

Garai hartan garrantzi handia al zuten trikiti txapelketek?

Orduan trikiti txapelketak oso-oso garrantzitsuak izaten ziren. Gaur egun, gazteen trikiti txapelketak egiten dira, eta egungo gazteei esaten diet garai bateko tankeran zergatik ez dituzten antolatzen orain. Trikitiko kantuak trikitiak ziren, eta ohitura zahar horiek asko maite ditut. Trikiti eskolak-eta jartzea oso ondo dago gazteek ikas dezaten. Baina dena berria egin nahi da, musika ere bai, eta hor ikusten dut koska nik. Horri lotuta, aholku bat eman nahiko nuke: ikasten ari diren trikitilariei eta dantzariei ikasten jarraitzeko, baina soinua jo eta dantzan egiteko!

Behin panderoa ikasita, ez al duzu eskusoinuari heltzeko tentaziorik eduki?

Ez, ez dut eduki, ez aukerarik, ez dirurik, ezta denborarik ere. Bestela gustura egingo nukeen, sena badut soinurako. Soinua ere oso konplikatua da entseatzen ez bada; soinuarekin ere, asko jardun beharra dago.

Trikitilari bikote batean, bigarren mailako bikotekidea ez al da panderoa? Alegia, soinu-jotzaileak ez al du protagonismoa hartzen?

Soinuari asko laguntzen dio panderoak, asko. Ez dago ez gitarra, ez beste instrumenturik eskusoinuari panderoak bezala laguntzen dionik. Pandero-jotzailearen eginkizunak hiru dira: abestu, panderoa jo eta umorea sortu.

Eta umoreko pertsona zu.
Horretan salbatzen nintzen! Kantatzen txarra nintzen, baina diskoak egin nituen, hala ere.

Lehenengo diskoa Lajak derrigortuta grabatu zenuen, Laja berarekin.

Bai, 36 urterekin. Baina ez nuen egiterik nahi.

Zergatik?

Ez dudalako balio! Loiolako Herri Irratira eraman ninduen Lajak. Han kantaarazi, balio nuela esan eta diskoa grabatzera eraman ninduen gero. Beste behin, berriz, Bartzelonara joan nintzen diskoa grabatzera, Martin soinu-jotzailearekin. Kabina batean sartu ninduten, belarrietatik soinuaren hotsa entzuten nuen, eta panderoa jo behar nuen. Panderoa jotzeko garaian, jendez betetako Zarauzko plaza irudikatu nuen: jende askoren aurrean ariko banintz bezala sentitu nintzen, irrintzia ere gehiegi egiten nuen. Niri ez zitzaidan gustatu nola egin nuen, ez nuen nire gustura jo. Balekotzat eman zuten, eta ondo omen dago. Diskoa diskoa izaten da, eta plaza plaza. Zarautz izan da Euskal Herrian izan den herririk trikitizaleena.

Soinu-jotzaile askorekin ibili zinen zu. Ez al da hala?

Bai, baina hasieratik gehiena, zortzi-hamar bat urtean, Lajarekin. Gero, neuk esan nion Landakandarekin joan behar zuela txapelketetara, hura ni baino pandero-jotzaile hobea zelako. Ondoren, Epelderekin, Martinekin... ibili  nintzen. Epelderekin urte askoan jardun nuen; zenbat broma egiten genituen elkarrekin! Jendea oraindik ere asko akordatzen da guk egindako broma haiekin. Andregaia topatu behar niola-eta baten tokian bi aurkitu nizkion Aizarnazabalen.

Gaur egun, zurekin trikitian ibilitako batzuk falta dira: Laja, esaterako.

Oraindik oraingo soinujolerik onena izan zen Laja. Hura hil zenean, honako hauxe idatzi nuen: "Ez zaiguk ahaztuko gugandik alde egiteak eman ziguken pena. 60 urtez herriz herri soinua jotzen eman dizkigukan gozamenak. Hainbeste lan eder eginda utzi dituk, hautsi dituk soinu txikiaren marka denak. Gizaldi hau pasata ere, izango dituk hire aipamenak".

Trikitiko piezen artean, zer duzu gustukoena: arin-arina, fandangoa...?

Lehengo pieza denak dira onak. Gaur egun ere, abilidade izugarria dago trikitilarien artean, baina askotan ez dituzte egiten dantzarako piezak.

Trikitia eta erromeria giroa asko aldatu direla uste al duzu?

Bai, asko aldatu dira. Aiako Aristerrazun-eta oraindik erromeriek funtzionatzen dute, baina jendeak dantzan egiten duelako. Gu gazteak ginenean, santotomasetan Azpeitiko plazan sueltoa egiten genuen musika bandarekin ere, pentsatu! Gaur egun, dantzan ikasten dutenek ere ez dute dantzarik egiten plazan, ikasten aspertzen dira, eta utzi egiten dute. Bost orduz dantzan jardundakoa naiz ni! Azkoitiko Pikua soinu-jotzailearekin eztabaidan hasi nintzen zeinek gehiago iraun. Hura soinua jotzen eta lau lagun dantzan hasi ginen, baina bukaerarako bakarrik jarraitu nuen dantzan, soinu-jotzailea aspertuko zelakoan. Neuk bakarrik bi ordu pasan jardun nuen dantzan, baina azkenerako soinu-jotzailea baino lehen aspertu nintzen.

Sasoia ere galanta orduan.

Zailduta baserrian! Orain, makinari bultzaka jarduten dute lorezaintzan edota baserriko lanetan. Denbora honetan guztian aldaketa izugarria eman da gauza guztietan.

Gauzak asko aldatuko ziren, baina gaur egun ere festa asko girotzeko trikitilariak behar izaten dira: auzoetako jaiak, kalejirak, herri afariak...

Bai, bai. Musika alaia delako! Soinu handiaren aldean, beste irrintzi bat du trikitiak, beste hots bat du. Lehen trikitiak denak mugiarazten zituen.

Dantzan ere zeure kasa ikasia zara.

Bai, besteei begira ikasi nuen dantzan. 20 bat urte izango nituen orduan, eta Zestoara joan nintzen egun batean. Garai hartan, Zestoako Bainuetxera kanpotik jende asko etortzen zen. Madrildik etorritako bati dantza eskatu nion, eta segituan igarri zidan: dantzan ez nekiela esan zidan gaztelaniaz, eta nik hitz egiten ere ez nekiela. Dantzan berehala irakatsiko zidala esan eta halaxe egin zuen. Dozena erdi pieza egin nituen harekin jarraian.

Dantzarako zer duzu gustukoena, balsa ala sueltoa?

Biak dira ederrak. Gaur egungo dantza hau, berriz, txispatutakoan egiteko-eta ederra da, baina denbora osoan ipurdiak astintzen eta buelta ematen... Egun ez dago gozo dantzan jarduteko goserik! Ederra izaten da: lehenengo dantzan hasi, elkar ezagutzen kontu kontari gero, eta azkenerako kontuak gastatzen dira. Hori seinale ona da! Dantzan ondo egiten dutenak gozatuz joaten dira pixkanaka-pixkanaka.

Urola bailaran Trikigiro elkartea sortu dute trikitia sustatzeko. Gaur egun, dokumentazioa eta irudiak biltzeko lanean ari da. Zer iruditzen zaizu elkartea egiten ari den lana?

Oso ondo ari da elkartea, baita bertako kideak ere. Trikitiari buruzko guztia bildu beharra dago, gaur edo bihar jakiteko zer izan den. Lan asko egin dute, eta oso ondo egiten ari dira.

Esan izan duzu gustura zaudenaren plantak egiten oso ona zarela. Horrek plazaz plaza ibiltzeko balioko zizun, ezta?

Baietz pentsatzen dut, lagunduko zidala. Zarauzko Euskal Jai eguna neketsua izaten zen, baina beti gustatu izan zitzaidan hara joatea. Nire iritziz, soinu edo pandero-jotzaile baten mozkorra jendearen gozamena da. Urte askoan jarduteko balio izan dit horrek niri.

Umoreko pertsona zara, baina beste alderik ba al dauka Imanolek?

Edukiko ez dut bada! Bestela ez nintzateke neu izango. Ateratzen naizenean, nire ingurutik alde, e! Molestia handia eman behar zait, ordea, ni horrela jartzeko. Oso eskuzabala naiz, eta izango naiz bizi naizen artean, baina haserretzen naizenean... alde nire ondotik.

Idaztea gustatzen zaizu. Noiz hasi zinen horretan?

Beti gustatu zait idaztea. Bertsoak eta poesia idazten ditut. Batzuk jasota dauzkat. Migel Mari anaia-eta Xabierko jesuiten ikastegian egon zirenean, haiek idazten ikusi eta imitatzen jarduten nuen, kopiatzen. Idazten era horretan ikasitakoa naiz ni. Iker bilobari ere idatzi nion bertsoa biok azaltzen garen argazki bati lotuta: "Attona bilobakin dago irrriparrez/ zenbat gozatzen detan neurtzen ez da errez/ ume ederra eta mutiko ona berez/ aittitte inguruan bada ez daki negarrez".

Berezkoa al duzue Iturbidekoek festazale sena?

Festazale amorratuak gara Iturbidekoak, baina ni hautsiko nauen inor ez da gurean. Broma asko egindakoa naiz, eta horrek balio izan dit. Baina hurrengo egunean horretaz hitz egitea ez zait batere gustatu izan.